euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Euskal etxeak diasporaren zutarri (en Goierriko Hitza)

21/07/2023

Villa Mariako euskal etxeak Anima Zaitez programa antolatu du beste urte batez. Beasaingo Larraitz Goikoetxea parte-hartzaileetako bat da. Euskara, gastronomia, dantza, kirola, musika eta bestelako euskal ekintzak sustatzea du helburu.

Enlace: Goierriko Hitza

Lide Egizala Urteaga. Jakina da euskaldunak munduko edozein txokotan aurki daitezkeela, Euskal Herrian eta baita hortik kanpo ere. Askok bortxaz alde egin behar izan zuten jaioterritik, eta hori dela eta, diasporako euskaldun ugari dira Euskal Herriarekiko lotura berezia sentitzen dutenak. Kopuruaren aldetik, diasporako euskal herritar gehienak Ameriketan bizi dira: Venezuelan, Argentinan, Kuban, Txilen, Uruguain, Mexikon, Kolonbian eta Ameriketako Estatu Batuetan.

Euskal Herriarekiko herrimina arintzeko, eta batez ere, diasporako euskal herritarrak batzeko sortu ziren euskal etxeak. Hauek, kultur helburuak dituzte nagusiki: hizkuntza, gastronomia, dantza, kirola, musika eta bestelako euskal ekintzak sustatzea. Munduan zehar 150 euskal etxetik gora dago eta gehienak Argentinan daude, zehazki, 62 etxe. Horietako bat da Villa Mariako (Kordoba, Argentina) euskal etxea.

Euskal etxe horrek Anima Zaitez programa jarri zuen martxan 2016a geroztik, eta aurtengo edizioa pasa den astelehenean, uztailaren 17an hasi zen. 21 eta 30 urte bitarteko euskal gazteei zuzenduta dagoen elkartruke proiektu bat da, Argentina eta Euskal Herriaren arteko harremanak estutzeko helburua duena. Proiektu honek euskal kulturarekin zerikusia duten ikastaroak egitera animatu nahi ditu parte-hartzaileak, nahiago duten arloan, euskara, dantza, euskal musika, sukaldaritza edo kirolean.

Larraitz Goikoetxea beasaindarra aurtengo edizioan parte hartzeko aukeratuetako bat izan da, beste hiru euskal gazterekin batera. Goikoetxearen esanetan, beti izan du euskal diaspora ezagutzeko gogoa. Duela lauzpabost urte kuadrillako lagun batek Argentinako elkartruke programa baten berri eman zion, kasu horretan Mendozako (Argentina) euskal etxeak antolatzen zuena. Izena ematekotan ibili bazen ere, azkenean beste betebehar batzuk zirela eta ezin izan zuen joan. Hala ere, aurtengo maiatzean, Villa Mariako euskal etxearen eta Anima Zaitez proiektuaren berri izan zuen. Lau euskal gazteren bila zebiltzan bertan, euskal kultura, hizkuntza eta horren transmisioa bultzatzen lagunduko zutenak. Aurtengo uda egokia zela aurreikusita izena eman zuen beasaindarrak eta aukeratuetako bat izan da.

Horrela, Goikoetxea beste hiru euskal gazterekin Argentinan da dagoeneko. Beste gazteak Garazi Fernandez, Garazi Suinaga eta Iñaki Landa dira. Larraitz Goikoetxea eta Garazi Fernandez proiektua hasi baino egun batzuk lehenago iritsi ziren Argentinara; gero elkartu zitzaizkien beste bi partaideak.
Goikoetxearen esanetan, lau gazteak «ilusioz beteta» daude. Partaideek arlo desberdinak landu beharko dituzte eta horien inguruko hitzaldiak eta ikastaroak antolatu. Eskatzen zizkieten baldintzen artean daude hizkuntzan, musikan, kiroletan, gastronomian, euskal dantzetan eta orokorrean, euskal kulturari lotutako hainbat arlotan ezagutzak izatea. Gazte bakoitzaren trebezien arabera emango dituzte ikastaroak.

Goikoetxea, bereziki, euskal dantzak erakusten ibiliko da, bai oinarrizko maila daukaten taldeetan eta baita urte batzuk dantzan daramatenetan ere. Beasaingo Ostadar dantza taldean dabil gaur egun, beraz ezagutza du arlo horretan. Hala ere, Goikoetxeak dio «denetik egin beharko» dutela. Musika aldetik, panderoa ere jotzen badaki beasaindarrak eta euskal filologia ikasi duela kontuan hartuta, «bere ekarpentxoa egiten ere saiatuko» da hizkuntza alorrean. Goikoetxea uztailaren 31an Euskal Herrira itzuliko den arren, beste partaideak Argentina ezagutzen geldituko dira.

Proiektua Villa Mariako euskal etxearen eraikinean egingo da, Kordoban. Hamabost eguneko egonaldia izango da eta erakundeko gazteen familiek eskainiko die ostatua parte-hartzaileei. Otorduak berriz, familiek nahiz euskal etxeak emango dizkie.

Euskal etxearen 70. urteurrena ospatzeko hasi zen proposamen hau, Nekotxeako euskal etxeak 2004tik aurrera antolatzen duen Hator Hona proiektua oinarri hartuta. Deialdi honek Argentinako euskal komunitateko kideak ezagutzeko aukera eman nahi du, distantzian euskal kultura nola mantentzen eta zabaltzen den ikusarazteko eta itsasoaren bi aldeetako esperientziak partekatu ahal izateko. Bitxikeria bezala, esan behar da Villa Mariako euskal etxeko lehendakariak, Emilia Zugastik, Beasaingo jatorria daukala. Izatez, bere ama omen zen Beasaingoa, eta herrian urte askoz bizi izan zen.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia