euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Eta hurrengo hordagoa? (en Berria)

08/05/2024

Musa, briska, tutea... Euskal Herriko karta joko tradizionalak dira horiek. Tabernetan jokatzen da gehien, lagunekin. Badirudi ohitura hori ez dagoela duela berrogei urte bezain errotuta, baina pixkanaka indartzen ari da berriz ere.

Enlace: Berria

Unai Etxenausia. Euskal Herrian sortua; bertako karta jokorik propioena da musa, haren izenagatik eta horretan jokatzean erabiltzen den hizkeragatik. Jokoaren izenaren jatorria ez dago argi. Manuel Larramendi idazle jesuitak musu hitzetik zetorrela zioen, aurpegi adieran, baina beste batzuek musuaren ekintzari ere lotu izan diote, jokoan keinu horrek 31 puntu edukitzea adierazten baitu. Hordago eta enbido esatean, argi dago euskarazko hitzak direla. Hitz horiek mundu osoan erabiltzen dituzte, euskaraz hitz egiten ari direla jakin gabe. Musa da klasikoena, eta horren adierazgarri da euskal gizartearen sozializazioan izan duen garrantzia. Ez da bakarra, baina: tutea, briska, txintxona eta beste daude. Jokoak aurrera jarrai dezan, jokalari berriak behar dira. Hordago baietz!

Karta jokoak ehunka urtetik dira jende gehien biltzen duten entretenimenduetako bat. Euskal Herrian, Portugalen, Espainian eta Latinoamerikako zati handi batean, Espainiako karta sorta erabiltzen da gehien mota horretako jokoetan aritzeko. Teknologia berrien gorakada eta gaur egun entretenimendurako dauden aukera amaigabeak gorabehera, karta tradizionalek garrantzia dute oraindik ere gazteen entretenimenduan. Baina joko mota aldatu egiten da, gazteak ez baitira hainbeste aritzen joko tradizionaletan. Askok pokerraren antzeko jokoengatik aldatu dute musa.

Karta jokoak tradizioaren parte dira Euskal Herrian. Raul Gartziak etxean ikasi zuen kartetan jokatzen, eta gaztetatik elkartzen ziren hura eta haren lagunak horretan aritzeko; musean egiten zuten gehienetan. Euskal Herriko Mus Federazioko kidea da, eta txapelketaren antolatzaileetako bat da gaur egun. Harentzat «agerikoa» da kartek ez daukatela behin izan zuten «balio soziala» Euskal Herriko gazteen artean. «Gazte askok ez dute harremanik kartekin. Lehen, ohikoena zen gaztetatik kartetan jokatzea. Lehen, arraroa zen unibertsitatean musean, briskan edo joko tradizionaletan ez aritzea. Gaur egun, kartetan gutxiago jokatzen da, eta karta joko berriak daude».

Baina, batzuen zorionerako, egoera ez da hain larria. Ez da kartetan jokatzeko ohitura galdu, ez guztiz behintzat. Karta joko berriagoak sortu izanaren ondorioz, jendeak beste joko batzuetan jokatzen du, beste karta mota batzuekin askotan. Ane Fernandez gazteak 25 urte ditu, eta beti gustatu izan zaio kartetan jokatzea, nahiz eta ez den egunero aritzen. Hala ere, inoiz ez du ikasi joko tradizionalenetan aritzen: «Tutea, briska, musa... ez dakit horietan jokatzen, sekula ez naiz hasi ikasten. Txurruski, txintxon, eskoba, amona... joko horietan aritzen naiz. Familiarekin jokatzen dut, ez lagunekin».

Bestelakoa da Alaitz Gabilondoren soslaia. 27 urte ditu, eta lagunekin ikasi zuen musean jokatzen. Esperientzia, pazientzia eta denbora, hori da ikasteko behar dena. Jokatzea da kontua, eta azaldu du hori denborarekin ikasten dela: «Familiatik datorkit kartetan jokatzeko ohitura, baina lagunekin ikasi dut gehien. Ez naiz txapelketetan sekula apuntatu, eta lagunarteko zerbait da».

Arrakalak

Karta jokoari eragiten dioten eta gazteen ohiturekin lotura daukaten faktore gehiago daude. Gartziak eta Gabilondok, biek aipatu dute herrietako eta hirietako gazteen artean dagoen ezberdintasuna. «Ohiturak aldatu dira; briska eta mus txapelketak asko murriztu dira. Herrietan antolatzen dira gehienbat, eta han dute gazte gehienek kartetan jokatzeko ohitura gehiago», azaldu du Gartziak.

Baina jaioterriak bakarrik ez, gazteek musaren moduko karta joko tradizionalen inguruan sortu duten iruditegiak ere eragiten du. Gabilondok nabarmendu du arrakala dagoela oraindik ere nesken eta mutilen artean: «Oraindik ere ikusten da gazteen artean mutilak direla kartetan jokatzen duten gehienak. Baina, zorionez, baditugu emakumezko erreferenteak herrian». Fernandezengan, beharbada, horrek eragina izango zuen musean jokatzen ez ikasteko. «Inguruan ikusten dut, eta hala da. Kartetan jokatzeko biltzen diren lagunak mutilak dira gehienak: musean, tomate jokoan Gabonetan...», azaldu du.

Arrakalak apurtzea zaila da, baina Euskal Herriko Mus Txapelketaren modukoek laguntzen dute karta joko tradizionalei eusten eta horiek gazteen artean sozializatzen. Aurten ere, gutxi gorabehera, 2.100 bikotek baino gehiagok parte hartu dute txapelketan. Betidanik parte hartzaile asko izan dituzte, baina Gartziak azaldu du urtez urte gero eta gazte gehiagok ematen dutela izena: «Hori seinale ona da. Araban, esaterako, gazte gehiago daude leku askotan; %80 izatera iritsi dira. Jokalarien soslaia oso desberdina da, gainera».

Denentzat aproposa

Estereotipoak egon badaude, eta Gartzia kontziente da horietako batzuk daudela oraindik ere karta joko tradizionaletan. Hala eta guztiz ere, egoera «hobetuz eta zabalduz» doala uste du: «Bereizi egin behar dira txapelketetako karta jokoa eta lagunekin eta familian egiten dena. Txapelketatik kanpokoa indartu behar da, eta hori da zailena; baina gutxinaka indartuz doa». Hain zuzen ere, dibertitzeko joko bat izan behar du, «horrek erakarri behar du jendea». Aldi berean, gehitu du «belaunaldi berriek haien artean gozatuz harremanak izateko modu osasuntsua» izan behar duela. Izan ere, gaztetatik hasten den bikoteen arteko konfiantza eta laguntasuna da musaren moduko karta jokoen oinarria, harremana «oso estua» baita, Gartziak nabarmendu duenez. «Oso harreman berezia izaten da museko bikoteena. Bai, asko jokatzen dutenek oso ondo ezagutzen dute elkar. Bizi osorako harremana izaten da. Gaztetan hasten da harreman hori, eta betirako izan ohi da».

Hori da Gabilondoren moduko jokalari gazteek nahi dutena: lagunekin ondo pasatzea eta harremanak sendotzea: «Nik ez dut jokatzen lehiakortasunagatik, nahiz eta hori ere errespetatzen dudan. Uste dut karta jokoak dibertitzeko eta lagunekin ondo pasatzeko modu ona direla, eta hori dela garrantzitsuena».

Dena ziklikoa dela esaten da, eta badirudi gazteengan berriro piztu dela kartetan aritzeko interesa. Horregatik, Fernandezek ez du baztertzen musean edo briskan jokatzen ikastea, hala lagunekin jokatu ahal izateko: «Egia da gure aitona-amonek gehiago jokatzen zutela, baina ikusten dut nire inguruan, nahiz eta gehienak mutilak izan, gero eta gazte gehiagok jokatzen dutela. Gustatuko litzaidake ikastea, eta saiatu naiz».



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia