euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Elkano Fundazioak mendeurreneko programazioaren zati bat aurkeztu du (en Urola Kostako Hitza)

13/12/2018

San Telmo Museoan agerraldia egin dute Elkano Fundazioko zenbait ordezkari politikok, 2019-2022 eperako programazioaren zati bat iragartzeko. Lankidetza sareak sortzeaz gain, etorkizunerako ondarea uztea du helburu fundazioak.

Enlace: Urola Kostako Hitza

Joan Sebastian Elkanok 1519-1522 bitartean emandako lehen mundu biraren bosgarren mendeurrena ospatu, eta horren harira, hainbat ekimen antolatzeko asmoa dute Elkano Fundazioa osatzen duten erakundeek. Itsasoak lurraldearen garapen ekonomikoan eta sozialean izan duen garrantziari balioa eman nahi diote, nabigatzaile getariarraren figura historikoa eta bere ondorioak nabarmenduz.

Datozen hiru urteetako helburuak aurkeztu dituzte gaur Elkano Fundazioa osatzen duten erakundeek Donostiako San Telmo Museoan egindako agerraldian. Bertan izan dira Getariako alkate Nika Lertxundi, Gipuzkoako Diputatu Nagusi Markel Olano, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako Sailburu Arantxa Tapiak eta fundazioko zuzendari Ion Irurzunek.

Lertxundiren hitzetan, “aldaketa garrantzitsuak” eragin zituen gizaterian Elkanoren zirkumnabigazioak, gizartearen eta historiaren garapena aldatuz. Besteak beste, industria, ontzigintza, elikadura, pentsamendua eta kultura aipatu ditu Getariako alkateak.

Eraldaketa eremu horien inguruan aritu dira Markel Olano eta Arantxa Tapia, Elkano Fundazioko patronatuko kideak. Olanok azaldu duenez, jakinmina sortzeko bokazioarekin egiten du lan fundazioak. Elkanori eta munduari bira eman izanari eta horren eraginari buruzko kuriositatea sortzeaz gain, etorkizuna proiektatzeko heldulekuak sortu nahi dituzte. “Elkanori eta lurraren inguruko lehen itzuliari buruz gauza gutxi dakigu, eta horregatik, lehen ahaleginak lan akademikoa burutzea eta ikerketa historikoan sakontzea izango da”, iragarri du Gipuzkoako Diputatu Nagusiak. Era horretan, oinarri zientifiko sendo batekin garatu nahi dituzte proiektuak.

Horren harira, doktoretza tesiak abiatu nahi ditu fundazioak EHUrekin elkarlanean. Elkano Katedra ere sustatu nahi dute, Etxepare Institutuarekin. Horrez gain, 2019. urtean zehar, euskaldunei eta nabigazioari buruzko nazioarteko kongresua antolatuko dute. Azkenik, Elkano pentsamendu eskola abiatuko dutela jakinarazi dute: egungo gizartearen balioei buruz hausnartzeko eta kultura zein giza garapena bermatzeko gogoeta egiteko eskola. Ezagutza akademikoa garatzeko, material akademikoa sortu eta hainbat jarduera antolatuko dituzte: ipuin edo aldizkariak, mintegiak, dokumentalak zein produktu pedagogikoak.

Garapen ekonomikoari lotutako proiektuak izan ditu hizketagai Arantxa Tapia sailburuak. Itsasoari lotutako lanbideak berreskuratzeko ekimena izan nahi du fundazioak, zentro teknologiko eta lanbide heziketako zentroekin lankidetzan. Itsasoaren zaintza izango da beste ardatzetako bat; teknologiak, ezagutza sareak eta sentsibilizazio nahiz kosta berreskuratzeko jarduerak barne hartuko dituzten proiektuak sustatuz. Elkanoren itzuliak industria eta ontzigintza eraldatu zituela gogoratu du Tapiak: “XVI. mende hasieratik euskaldunak leku nabarmena izan genuen sektore horretan”. Bestetik, gaineratu du bost mende geroago, nazioarteko merkataritza, berrikuntza eta industria jarduera gakoak direla euskal ekonomiarentzat.

Gastronomia eta elikaduraz ere aritu da Tapia. Haren hitzetan, arlo horiek ere leku nabarmena izango dute datozen urteetan antolatuko diren jardueretan. Hazi eta Elika Fundazioekin elkarlanean landuko dute arloa, “jasangarritasunaren ikuspegitik”, beti ere.

Elkano Fundazioa aldi baterako jaio den arren, ondare bat uzteko sortu dela gogoratu du Ion Irurzunek. Hiru ardatz aipatu ditu fundazioko zuzendariak: zabalpena, ezagutza eta lankidetza sarea. Fundazioaren arrakastaren gakoa partaidetzan, lankidetzan eta integrazioan dagoela uste du, eta garrantzizkotzat jo du fundazioak etorkizunerako utziko duen erakundeen arteko harreman sare hori.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia