euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Durangoko Azokan 7.800 lagunek egin dituzte erosketak webgunearen bidez, orotara 28.000 produktu (en Argia)

09/12/2020

Amaitu da 55. edizioa eta balorazioarekin batera, Gerediaga Elkarteak datuak eman ditu: 7.800 erosketa, 27.758 produktu salduta eta 50.000 lagunek jarraitu dute egitaraua, gehienak streaming bidez. Lehen aldia izan da webgunearen bidez bideratu dituztela salmentak eta erronka zaila izan dela adierazi dute. Hala ere, iaz antolatzaileek beraiek emandako datuetatik oso urrun geratu dira pandemia urte honetako salmentak. Landako gunean bidalketak egiten jarraitzen dute.

Enlace: Argia

Lander Arbelaitz Mitxelena. "Hasierako aurreikuspen guztiak bete eta gainditu ditugu. Hunkituta gaude kulturzaleen aldetik jaso dugun erantzunarekin, ikaragarria da jaso dugun taupada kolektiboa". Hala adierazi dute Gerediaga elkarteko Nerea Mujika eta Arantza Atutxak 2020 honetako Durangoko Azokako balorazio-prentsaurrekoan.

Aurten, COVID-19a dela eta, azoka ez da presentziala izan eta webgune baten bidez bideratu dituzte salmentak. Salerosketa hauen nondik norakoak jakinarazi dituzte prentsaurrekoan:

Abenduaren 4tik 8ra arte 7.800 erosketa egin dira Azokako online dendan. Guztira, 27.758 produktu erosi dira: 15.577 liburu, 7.036 musika-produktu eta 5.145 bestelakoak. Batez beste, erosle bakoitzak 53 euroko gastua egin du, eta 3,5 produktu erosi ditu. Horrek esan nahi du, ideia bat egiteko, erosleak eta gastatutako diruaren arteko biderketa eginez, 413.400 euroko fakturazioa eragin duela online bidezko salmentak.

Datu hauen arabera, online bidezko salmenta oso urrun geratu da azoka presentzialak eragiten duenetik. Aurreko urtean Gerediaga Elkarteak berak Siadeco etxearen inkesta baten emaitzak jakinarazi zituen eta datuak konparatuz gero aldea handia da. Adierazi zuten Durangoko Azokaren inguruan sei milioi euro mugitu zirela, eta datuak xehe azalduta, liburutan milioi bat euro fakturatu zutela eta diskotan milioi erdi euro. Aurreko urtean 110.000 pertsona batu ziren Landako Gunean eta bataz beste pertsona bakoitzak 49 euroko erosketa egin zuen. Horrez gain, Durango herrian ostalaritza zein zerbitzuetan pertsonako batez beste 28 euroko gastua eragin zuen Azokak. Aurten, jakina denez, ez da halakorik izan.

"Zaila izan da baldintza hauetan Azoka antolatzea, erronka handia izan guretzat, baina jasotako erantzunak erakutsi digu esfortzuak merezi izan duela". Azokaren izenean, Nerea Mujikak eskertu nahi izan du 24 orduz biltegian jo eta su lanean ibili diren langileen esfortzua: "Bihotzez eskerrik asko biltegiko langileei, Gerediagako bazkideei, teknikariei, laguntzen ibili zareten guztioi... zuei esker taupadak bizirik jarraitu du". Hurrengo egunetan ere lanean jarraituko dute Landako Guneko biltegian, jasotako eskaera guztiak kulturzaleen etxeetara bidaltzeko asmoz. Halaber, kulturzaleen pazientzia ere eskertu nahi izan du Gerediagako presidenteak: "Lehen aldiz euskal kulturaren online denda erraldoi bat sortu dugu, bere konplexutasun guztiarekin, eta horregatik eskertu nahi dugu zenbait  arazoen aurrean erosleek erakutsi duzuen ulerkortasuna".

Jarraipen zabala Azokako egitarauari

Egitarauari dagokionez, Durangon 100 kultur ekitaldi baino gehiago antolatu dituzte azken bost egunetan, eta aurrez aurre 2.600 lagunetik gora bertaratu dira solasaldietara, ipuinen aurkezpenetara, mahainguruetara... Plateruenako kontzertu gehienetan gonbidapenak agortu dira, eta baita Landako Guneko hainbat ekitalditan ere, besteak beste Karrika antzerki taldearen irakurketa dramatizatuan edo "Taupadaz taupaDA!" ekitaldi berezian.

Plateruenako diskoen aurkezpenak eta Landako Guneko jarduerak streaming bidez eskaini dira Azokako webgunetik eta hainbat hedabideetako kanaletatik. "Guztira 43.500 lagunek jarraitu dituzte ekitaldiak streaming bidez. Jarraitzaile gehienak Euskal Herrikoak izan badira ere, badira Mexikotik, Argentinatik edo Amerikako Estatu Batuetatik streaming-era konektatu direnak ere", adierazi dute.

"Zu non, han DA!" egitasmoaren baitan ere, kontzertuak antolatu dituzte Euskal Herriko zortzi udalerritan: Amurrio, Atarrabia, Azpeitia, Bermeo, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Ondarroan. 32 taldek parte hartu dute eta kontzertu gehienetan sarrerak agortu dira. Guztira, 3.200 lagun gerturatu dira aurrez aurreko kontzertu hauetara. Kontuan hartuta Durangoko eta Durangotik kanpoko egitarauak, guztira 5.800 pertsonak gozatu dute aurrez aurreko ekitaldiez. "Streaming-a gehituta, beraz, 50.000 lagun egon dira Durangoko Azokako egitarauaz gozatzen", adierazi dute.

Arantza Atutxak aipatu duenez, jarduera hauek guztiak osasun-neurriak errespetatuz antolatu dira, eta goraipatzekoa da publikoak uneoro izan duen jarrera eta errespetua: "Argi geratu da kultura segurua dela eta egoera zail honetan ere kulturaz gozatzen jarrai dezakegula. Kultura ere osasuna da!".

Taupada 141 liburudendatan

Gaurtik aurrera, Euskal Herriko 141 liburudendatan Azokako produktuak eskuratu ahal izango dira: 13 Araban, 59 Bizkaian, 49 Gipuzkoan, 1 Lapurdin eta 19 Nafarroan. Zerrenda osoa eta bakoitzaren informazioa beren webgunean kontsulta daiteke.

Nerea Mujikak azpimarratu duenez, "bost egunez, euskal kultura bor-borka ikusi eta sentitu dugu, baina hau ez da nahikoa euskal kultura bizirik mantentzeko. Kultura behar dugulako kulturak behar gaitu; beraz, jarrai dezagun euskal kultura gozatzen eta kontsumitzen, liburudenda, antzoki, areto eta zinemetan. Taupada kolektibo hau ez dadila hemen eten".



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia