euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

[Diasporako Julieta Gaztañagaren iritzia tartean] Zerk batzen ditu euskal herritarrak? Aberri baten itsasgarri (en Berria)

02/04/2021

Aberri Egunaren atarian, herritarrak batzen dituenaz galdetu die BERRIAk hamar laguni. Besteak beste, euskara, aniztasuna eta izurriaren eraginak aipatu dituzte

Enlace: Berria

Jon O. Urain. Jakina da euskal herritarrez esan ohi dena; bi indio, hiru tribu. Desadostasunaren txapeldunak omen. Baina, etzidamuko, kontrako deia egin du Euskal Herria Baterak; Aberri Eguna elkar hartuta ospatzera. Deialdiaren harira, galdera bat luzatu die BERRIAk hainbat alorretako herritarrei, horri buruzko gogoeta egin dezaten: Zerk batzen ditu euskal herritarrak?

Josune Ariztondo Akarregi Irakasle ohia

«Askotarikoak gara geure txikitasunean»

«Euskal herritar garenon arteko lokarri bakarra aurkitzea ez da ariketa erraza. XXI. mendeko mundua geure etxea ere izan dadin nahi dugu; herri eleaniztuna gara, baina ez ele berdintsuetan; berariazko hizkuntza baten jabe gara, eta hari eustea da munduarekin partekatzeko dugun ondare bizietan bat; askotarikoak gara geure txikitasunean. Panorama honetan, zerk batzen gaitu, bada? Zenbat buru hainbat aburu garela onartuta, bakoitza bere txokotik bada ere, izaten jarraitzeko gogoak eta erabakiak elkartzen gaitu».

Garbiñe Ubeda Kazetaria eta idazlea

«Batzen gaitu plazeraz egin litekeenak, txikikeriek»

«Batzen gaitu festak. Batzen gaituzte Iruñe-Baionako zapi gorriek, inauteriek. Batzen gaitu plazeraz egin litekeenak, txikikeriek.

Batzen gaitu lurrak. Amets utopiko kolektiboak lausotu eta kontzeptuak zaildu zaizkigun honetan, batzen gaitu sinpleak, uki litekeenak, ekintza zehatzek. Euskarak nahi baino gutxiago batzen gaitu, baina batzen gaitu Korrikak.

Batu gintuen Loreak-ek. Batu berri gaitu Berri Txarrak fenomenoak. Alegia, mapan jartzen gaituenak. Mundura konplexurik gabe atera eta arrastoa utziz arrakastatsu dabilenak».

Txema Ramirez de la Piscina Kazetaritzan doktorea

«Ziurgabetasuna da oraintxe batzen gaituen sentsazioa»

«Ziurgabetasuna da oraintxe euskal herritar nahiz planetako herritar gehienak batzen gaituen sentsazio nagusia. Pandemiak den-dena monopolizatu du, dena xurgatzen du: gure bizitza, gure pentsamoldea, gure harremanak, gure ekonomia, baita gure hizkuntzaren garabideak ere. Joan den urtean, balkoian ospatu genuen Aberri Eguna. Komunitatea izan zen ardatz. Aurten, pandemian gaude oraindik ere, eta komunitatearen zantzuak lausotu dira. Txertoak argia ekarri behar zuen. Argi-ilunak daude, ordea, inoiz baino nabarmenagoa gelditzen ari baita erabakitzeko guneak gugandik oso urruti daudela».

Joseba Agirreazkuenaga EHUko Historia irakaslea

«Eskubidedunak izateak eta euskaltasunaren nahiak batzen gaitu»

«Euskaltasunaren aldeko nahiak eta eskubidedunak izateak batzen gaitu, eskubideak baitira nortasunaren oinarri iraganean, egun eta etorkizunean. Herritarren ordezkarien Batzarrak eta Legebiltzarrak dira gure erakunde nagusi bateratzaileak, eskubideak aitortzeko eta bermatzeko. Euskal «Herri edo nazio» eskubidedunak garela aitortzea eta bermatzea ere gure legebiltzarren esku dago, baina Europako Estatuen esku ere bai. Eskubideak landuz irabazten dira, eta planetaren iraupenak ere batzen gaitu».

Nagua Alba Espainiako Kongresuko diputatu ohia

«Gure etxean edozein hartzeko prestasunak batzen gaitu»

«Ohiz kanpokoa izan den urte honetan, latza eta zalantzaz beterikoa, herri gisa batzen gaituena inoiz baino gehiago azaleratu da: banakakoak bezain denonak diren beharrak eta minak, ezinegonak eta kezkak, itxaropenak eta ametsak. Gainera, etxea funtsezko babeslekua bihurtu den testuinguru honetan, gure etxea den herrian edozein hartzeko dugun prestasunak batzen gaitu. Euskal herritarra gutako bat izan nahi duen edozein dela argi ulertzen duen herria gara. Euskal herritar adina modu desberdin daude euskal herritar izateko. Batzen gaituena, azken finean, bat egiteko daukagun gogoa da».

Joxe Iriarte 'Bikila' Alternatibako kidea

«Pandemia eta haren eraginak konpontzeko gogoak batzen gaitu»

«Pandemia gainditzeko gogoa; haren efektu sozioekonomikoak konpontzea, eta horrek guztiak ez dezala ekarri askatasun pertsonalaren eta kolektiboen murrizketa. Alabaina, asmo horiek gauza ahal izateko, segurtasun neurriak ontzat hartuz, mobilizatu behar ginateke erretiratuak, feministak eta enplegua galtzeko arriskuan dauden langileak bezala. Eta, herri gisa, Kataluniarenarekin batera, Euskal Errepublika sozialaren aldeko herri mugimendu indartsu eta auto-eratua gauzatzea, lehenago edo geroago, Estatuarekin talka egin beharko duena».

Mattin Rafu Ruiz de Alda Txirrindularia

«Elkarrekin banatzen ditugun sentipenek batzen gaituzte»

«Batzen gaituen lehen gauza gure hizkuntza da, euskara. Euskara batua izaten dugu bidelagun. Ondotik, orokorrean euskal herritarrok elkarrekin banatzen ditugun sentipenek batzen gaituzte, eta baita kulturak ere; dantza eta kantua dira bereziki garrantzitsuak. Partekatzen dugun kirolzaletasuna ere ez da nolanahikoa! Aski da ikustea Pirinioetan txirrindulariak animatzen elkartzen den jendea eta sortzen den giro ezin hobea, edota etxetik ere kirola zein emoziorekin bizi izaten dugun. Bestalde, uste dut hemengo ekonomia sustatzea garrantzizkoa dela, eta horrek ere euskal herritar egiten gaituela. Ezin ahantzi, AEK, Gu ere bai, Euskarabentura edota IparHegoa elkarteen lana, ezinbestekoa euskal herritartasuna sustatzeko. Batzen gaituena festa da; igandean hori gertatuko da: ospakizun bat. Bada garaia aspaldiko partez elkartzeko, batzeko».

Lohizune Amatria Kazetaria

«Agian, batzen ez gaituzten kontu horiek batzen gaituzte»

«Nahigabean gaituztenak bainoago, gintuzkeenak etorri zaizkit gogora. Gure herria bitan banatzen duen mugan pentsatu dut, bi aldeetara dauden zuloetan, hobietan eta oroitarrietan. Lekurik gabeko hutsuneetan. Barruan kabitu ezin ditugun horietan. Oraindik kontatu ezin diren zauriak, minak eta egiak. Oroimenetik ahaztu nahi izan direnak zenbat diren ezin dut imajinatu. Agian, batzen ez gaituzten horiek dira, hain zuzen, batzen gaituztenak, eta batuketa kudeatzeko nolakotasunean egonen da gakoa».

Nerea Fillat Editorea

«Kaleidoskopio baten antza du Euskal Herriak; hiru kolore nagusi»

«2021eko apirilean Euskal Herriak kaleidoskopio baten antza du. Urruneko irudian hiru kolore nagusi; hurrengo geruzetan, izpi ezberdinak, kokapen geografikoa, egora sozialarekin gurutzatuz sortzen direnak. Hiru elementu nagusi ditugu, beraz erronka, hemen bizi garenak, nire ustez, estatugintzaren begiradatik konponduko ez direnak: sistema patriarkalaren antolakuntza soziala, sistema kapitalistaren antolakuntza ekonomiko injustua eta oraingo osasun krisiari aurre ez egiteko gaitasuna».

Julieta Gaztañaga Antropologoa

«Euskaldunok batzen gaitu isiltasunez hitz egin dezakegula jakiteak»

«Euskaldunok isiltasunaren kultur intimitateak batzen gaitu. Isiltasunak absentzia, etsaitasuna, larritasuna, nostalgia esan nahi du. Baina gauzen eta hitzen beharrik gabe maita daitekeen mundu bat adorez bizitzeko ahalmena ere esan nahi du. Arazoa isiltasuna kontrafaktualki pentsatzea da. Nork entzuten du denek hitz egiten badute? Oroimenaren ulermen kontingente hori zalantzan jartzea proposatzen dut: oroitzapena eta ahanztura isiltasunez beterik daude; hizkuntza bizi eta dardartiak isiltasuna du soinuen artean.

Aitaren heriotzak isilik utzi ninduen. Mina hitzezko sublimazioaren bidez bideratzen dugunontzat, hori gauza serioa da. Hiletara –COVID-19ren arabera protokolizatuta – oso gutxi joan ginen. Bere lagunak (astero-astero bazkaltzera eta kantatzera biltzen zen talde handi horretakoak, oraindik ere geratzen direnak) geroago batu ziren osasun arretagatik, eta ibilgailu karabana bat osatu zuten hilerriraino. Hiletan, nire ahizpetako bat, aitaren lehengusu bat eta biok kutxaren aurrean hitz egin genuen laburki, sakonki maitatua, xumea, zintzoa, eskuzabala eta gainerakoekin konprometitua den norbaiten heriotzak sortzen duen hutsuneari ez begiratzen saiatuz.

– Joan egingo zaizkigu, ezin izango dugu familiaren historia berreraiki.

– Aitonak gutxi kontatu zion aitari. Azken aldian Iruni buruz hitz egiten zuen; lehen Goierri baino ez zen.

– Amonaren argazki bat daukat; haren arreba, ez nuen ezagutu, baina badirudi oso emakume interesgarria zela. Argazkian, izeba poeta ere ageri da.

– Bai, lehengusina; beste euskaldun batekin ezkondu zen, abokatu ospetsu batekin, Bahía Blancako alderdi sozialistaren aitzindaria, Buenos Aires probintziaren hegoaldean.

– Amak beti esaten zuen "hain euskaldunak dira!". Bere hezkuntza italiar-kataluniar-andaluziar-argentinarrak ez zion bere familia politikoa ulertzeko aukera ematen: hitz gutxi, bisita gutxi, telefono dei gutxi, baina elkartzen direnean (jan eta edan), denbora igaro ez balitz bezala da, txantxak ere ez.

Jendeak ez du perfekzio abstraktuaren alde borrokatzen, haren atzean ezkutatzen diren intimitateen alde baizik. Intimitate kulturala (kide iparramerikar batengandik hartzen ari naizen terminoa) gizarte-akatsen irudikapen ofizialaren eta introspekzio kolektiboaren pribatutasunean gertatzen denaren arteko tentsio gisa pentsa daiteke. Kontzeptu interesgarria da formalismo kultural nazionalistaren aurkako antidoto gisa funtzionatzen duenean. Baina ez dut uste lotsa edo akatsa segurtasun ontologiko partekatua bihurtzeko tresna denik ("eta tira, horrelakoak gara"). Euskaldunok ez gaitu isiltasunak batzen, isiltasunez hitz egin dezakegula jakiteak baizik, eta isiltasun horiek gorabehera, desberdintasun sakon, duin eta bidegabeen munduan ez gaituelako batere neurgarriak batzen; abertzaletasun sutsu eta abertzaletasunaren errebelde izan gaitezkeelako; ez dugulako erretorika bera erabili behar ekintza edo ideologia kontraesankorrak justifikatzeko; mendiak eta ozeano irekiak ez direlako oztopoak».



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia