Iñaki Etxeleku. Bestarik ez aurten ere Baionan. Osasun egoeragatik prefeturak eta hiriburuko herriko etxeak jarri debekuek urtero Patxa plazan bost eguneko egitaraua plantan ematen duen gazte asanbladari ere eragin diote.
Zizpa gaztetxearen inguruan dabilen gazte asanbladak duela hamabost bat urte sortu zituen Baionako besta alternatiboak. «Hasieratik erraten genuen Patxa plaza horrek izan beharko zuela urte osoan gaztetxean egiten ditugun adierazpen ezberdinen erakusleiho bat», azaldu du Baionako Gazte Asanbladako kide Unai Arkauzek. Adierazpen horien ezaugarri nagusiak aipatu ditu: besta «parte hartzaileak» izatea, eta «herritik eta herriarentzat pentsatuak», Baionako eta inguruko gazteak antolakuntzan inplikatuz.
Herriko kultur eskaintza bilatu dute urtez urte. Adin ororentzat apailatu dute egitaraua, hala nola haurren eguna eginez ostegunarekin. Nolaz ez, Patxa plazan jarri oholtza gaineko kontzertuek dute toki nagusia. Mota anitzetako musikak, bertsoak, dantzaldiak proposatzea da xedea. «Kulturalki herri gisa existitzeko, saiatzen gara Hego eta Ipar Euskal Herritik musika taldeak etorrarazten».
Kontsumo arduratsua
Alimaleko kontsumo aldi masiboa dira Baionako bestak, industria handien probetxuko horniduren aldetik. Badu zenbait urte gazte asanbladak bestelako bidea erdietsi nahi duela: «Entseatzen gara tokiko ekoizpenak saltzen, hori baita alternatiba osatzea Baionako besten aitzinean».
Bortizkeria gune bilakatzen dira maiz hiriko besta masiboak. Patxa plazan nahi dute «hor den jendea aktore sentiarazi, eta ez soilik kontsumitzaile». Kasu eman dezan gehiegikeriarik ez dadin gerta, hots. «Horrek ardura hartze bat dakar, eta, ondorioz, askoz gatazka gutxiago», erran du Arkauzek.
Eraso sexisten kontrako eginahalak garatzea dute helburu, halaber, azken urteetan: «Baionako bestak alimalekeria bat dira; hor agertzen da gizarte ultrasexista bat areagotzen dena besten bitartean. Badu urteak eragile feministekin lanean ari garela, eta azken bi aldietan lortu dugu protokolo bat plantan ematen». Beste zapalkuntza mota ororen gisan, sexu zapalkuntzari buru egitera heldu nahi diote. «Ideia da zinez borrokatzea edozein jarrera diskriminatzaile; berezikiago, emakumeek pairatzen dituzten erasoak ez ditugu ikusi nahi Patxa plazan». Antolatzaileari berari ardura emanez, eraso bat gertatzen denean besta geldituz.
Irekidura alternatiboa
Nahiz eta jakin bestarik ez zela izanen aurten, gazte asanbladak irekidura alternatiboa egin nahi zuen berriki arte, prefeturak osasun egoera dela-eta neurri hertsatzaileak ezarri aitzin.
Testuinguruari egokiturik, San Andresko Pyrenees ostatuan egitekoa zuten ekitaldia, eta hitzaldiekin —Kasu, Ostalariak Kexu eta Diakite kolektiboei hitza ematekoa zieten—, pare bat bertsorekin eta tradizio bilakatu den aurresku parte hartzailearekin, eta Bilaka dantza konpainiaren emanaldi batekin bururatzekoa zuten. Kanaldude telebistak ere zuzeneko saioa egitekoa zuen. Baina azken debekuak dena ezeztarazi die. «Prefeturak egin prentsaurrekoaren ondotik, herriko etxeak neurri bereziak plantan eman ditu, eta debekatua da edozein kultur animazio eta jende metaketa Baionako besten eremuan». Atsekabe handia izan da gazteentzat, Arkauzek dioenez: «Kolpe handia da asanbladarentzat. Besta alternatibo horiek inoiz antolatu ez dituzten gazte berriak etorri zaizkigu aurten, gainera». Kolpe ekonomikoa ere bada.
Brigada Ubelaren bidea
Eraso sexisten borrokatzeko eginahal bat baino gehiago egin dituzte talde feministek Baionako besten denboran: ostatu eta elkarteetan afixak ezarri, telefono zenbakia zabaldu, herriko etxea prebentzio kanpainak egitera akuilatu. Bere aldetik, EHZ jaialdiko Brigada Ubelak jada entseatu protokoloa hozka bat urrunago eraman du aurten, Irisarrin (Nafarroa Beherea). Irakaspen zenbait atera daitezke, eta Baionarako ere balio izan dezakete.
Laguntzaile multzo batek antolatu hiru eguneko besta izaki EHZ, Brigada Ubelari eman beharreko funtzioa zehaztu dute azken urtean eramaileek. Brigada Ubeleko kide Andrea Pebetek oroitarazi du Laguntzaile taldetik beretik hasi direla, eraso sexistei buruzko azterketa zabalduz: «Nola ulertzen ditugu eraso matxistak orokorki gizartean? Zendako errepikatzen dira?». Jakina denez eraso sexista franko hurbileko jendeen artean gertatzen direla, EHZ jaialdiko laguntzaileen artean kontzientzia hartzea garatzea dute helburu. «Bi saio egin ditugu urte osoko laguntzaileekin. Galdera sakon ugari iratzarri ditu». Mutikoak ere sarrarazi bide dituzte Brigada Ubelan. «Jende guziei ardura emateko perspektiban gara; manera eraikitzaile batean, ez moralistan», dio Pebetek.
Horrez gain, kanpoko protokolo berria adostua zuten EHZra zihoan publikoari begira. Brigada Ubelaren guneak berriz jarri dituzte; brigadaren taldea indartu dute, eta jaka ubelarekin ibili dira hiru egunez. «Biziki interesgarria izan da prebentziorako, taldea zinez identifikatzeko. Telefono zenbakiarena ez da ibili; jendea zuzenki gureganat etorri da».
Jaialdiko lanpostu guzietako arduradunekin egin lanak ere munta berezia izan du, bakoitzari esplikaturik zer rol izan zezakeen erasoen aitzinean. «Festibal denboran ere, txanda hasi aitzin laguntzaile guziengana joaten ginen protokoloa zer den azaltzera».
Erasoa, erantzuna
Hiru eraso mota definitu zituzten. Lehen mailakoa, egunerokoan ikus daitekeena oraino: «Begirada, esaldi, ohar bat ezegokia. Normalak diren gauza horiek ez-normalak bilakaraztea, momentuan berean deseraikitzeko», erran du Pebetek. «Anitz izan dira eraso horiek, eta salatu dira». Bigarren mailako erasoak hauek ziren: «Hunkitzeak, xantaiak, kontrol saiakerak». Halakoetan, kontzertua, ostatua eta janari guneak bost minutuz gelditu zituzten, eta EHZtik kanporatzen zuten erasotzailea. Hirugarren mailako erasoa: bortxaketa; gertatu izan balitz, jaialdia bera geldituko zuten.
Protokolo berriak ondorioak izan ditu aurten. Lehenik, erasoak jasan dituztenen artean. Lehen mailako erasoetan aitzinamendua ikusi dute EHZkoek. «Erasoa jasan duenak kontzientzia hartu behar du gertatu dena ez dela normala eta badela talde bat horren kudeatzeko. Anitz eskertuak izan gara alde horretatik». Erasotzailearekin, haatik, zailago izan da: «Gehienetan, erasotzailea ukapenean zen; gutxietsi egiten zuen Brigada Ubelak egindakoa, eta zioen elkarrizketa pribatuetan sartzen zela brigada». Bizkitartean, onik ekarri duela uste du Pebetek, erasotzaile gehienei ez baitzitzaien sekula gertatu halakorik. «Orain badakite jarrera hori ez dela egokia».
Bigarren mailako erasoak gertatu direlarik, dena gelditu dute bost minutuz, eta alarma batekin zihoan mezua zabaldu. «Erreakzio orotarik izan da. Batzuentzat, izua, beldurra, jendeek ez baitzekiten zer gertatu zen, eta frankok larrienari pentsatu dute: bortxaketari. Ondorioa da gehiago komunikatu behar dela zer motako erasoa den». Baina ohartu dira kontzientzia kolektibo baten pizteko balio duela, eta koadro bat ematen diola bestari.
Argi dute, halere, EHZk EHZrako eta besta denborarako pentsatu protokoloa dela. Pebet: «Mugatua da, eta badakigu horrek ez duela gaindiaraziko erasoen afera».
EHZko esperientziak Baionako bestetarako balioko luke, baina urrunagotik hasi behar da: «Alimaleko lana egin behar da aitzinetik elkarteekin, ostatuekin. Denek jakitea brigadako jendea nor den, zertarako diren hor».
Oro har, eztabaida urrunago doala uste du Pebetek. Gaur egungo gizartearen araberako besta ereduan dakusa auzia: «Entseatzen gara besta eredua aldatzen, baina gizartea aldatu gabe besta eredua nekez aldatuko da. Gaur egun bestak ez du gehiago ospakizunaren zentzua. Egunerokotik pixka bat ateratzeko da gehiago. Egunerokoa gero eta bortitzagoa da; ondorioz, bestan ere agertzen dira gauza bortitzak, alkoholarekin, drogarekin azkartuagoak. Protokoloek mugatzen ahal dituzte gauza batzuk, baina ez dute errotik aldatzen dena. Premiazko gauza bat da».