euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Beñat Insunza 19 urteko bilbotarra Silicon Valleyn: «Gustatzen zaigun edozer egiten dugu, ez dugu mugarik» (en Gara)

26/11/2015

19 urteko bilbotarra herrialdez herrialde eraman du zientziak. Orain San Frantziskon, Silicon Valleyn, dago Gabonak arte, Mondragon Unibertsitatean ikasten ari den LEINN graduko bidaia batean. Lana eta bizimodua partekatzen dute 11 taldekideek.

Enlace: Gara

Maider Iantzi«Esperientzia itzela izaten ari da. Hemen gaude egun osoa topera, ekitaldi batetik bestera, bilera batetik bestera, jendea ezagutzen... Ez gara gelditu minutu bat ere, goizeko zortzietatik gaueko hamarretara», hasi zaigu kontatzen, abiada bizian, Skypen konektatu orduko. 09.30 dira berarentzat, guretzat 18.30.

Ezagutzen dugu Beñat Insunza, joan den urtean elkarrizketatu genuen Loiuko Lauro ikastolan. Batxilergoa bukatzen ari zen. Txundituta utzi gintuen Gaizka Olabarria kidearekin osatutako proiektua azaldu zigunean, eurek eraikitako 3D inprimagailuak Athleticen armarria kapaz kapa marrazten zuen bitartean. Irakasleak abisatu zigun izanen genuela Beñaten berri eta hala gertatu da.

Elkarrizketa honen ondoko albistean agertzen den First Lego Leage (FLL) txapelketak piztu zion zientziarako grina. «3. DBHn parte hartzeko aukera eman ziguten. Urtero gai bat jorratzen da eta orduan biomedikuntza izan zen. Hor hasi zen dena. Ordura arte klasean eseri eta irakasleari entzunez ikasten genuen eta FLLrekin beste modu bat deskubritu genuen: gustuko gauzak eginez, adituekin bilduz, Interneten bilatuz edo liburuak irakurriz ikastea».

Herbehereetako munduko txapelketaraino heldu zen. Esperientzia izugarria izan zen eta halako gauzak egiten jarraitu nahi zuela erabaki zuen.

Bartzelona eta Brasil

Ondotik, ikastolan, Gaizka Olabarriarekin lotailu gurutzatuaren apurketa saihesteko proiektua osatu eta Bilboko Zientzia Azokan txapeldun izan ziren. Sarietako bat Bartzelonako Experecerca azokara joatea zen. «Gaizkak ezin izan zuen eta ni izan nintzen. Hiru-lau egunetako ekitaldi bat izan zen. Stand bat izan genuen eta etortzen zen jendeari lana aurkezten genion». Hiru sari jaso zituen, tartean berezia, Brasilen aurkezteko aukera ematen zuena.

Duela hilabete egon zen bertan eta «ikaragarria» izan zen. Zientzia Azokan 500 proiektu baino gehiago zeuden; Zientzia Astea ere bazen eta tailerrak, ikuskizunak, txapelketak… denetarik zegoen. Bertan ere bi sari jaso zituen: Espainiako proiekturik onena eta munduko bigarren sailkatua ingeniaritza elektronikoan.

Orain Kalifornian, Silicon Valleyn, dago ikaskideekin. LEINN Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua ikasten ari da Mondragon Unibertsitatean eta horrek bidaiatzeko aukera ematen dio. Lehenbiziko kurtsoan Finlandiara joaten dira, bertan sortu baitzen eginez ikasteko metodologia hau, bigarrenean Silicon Valleyra eta San Frantziskora, hauek baitira startupen meka –negozio berriak sortzea eta hastea bilatzen duten konpainiak dira– eta hirugarrenean bina hilabete Txinara eta Indiara, garatzen ari diren herrialdeak izanik negozioak egiteko aukera ona dagoelako (orain Indian daude).

Winn, gazteen enpresa

«Enpresagintza moduan izango litzateke, baina alde oso-oso praktikotik –hala esplikatzen du karrera Insuntzak. Aunitz mugitzen da solas egiterakoan, eskuekin lagunduz. Sumatzen zaio erraten dituen gauzak bizitzen dituela–. Urtean hiru hilabetez ematen ditugu soilik klase teorikoak eta sarri egiten dira proiektuak. Hauen bidez ikasten dugu. Lehenengo urtean startup bat sortu genuen eta horren inguruan hasi ginen lanean». Welcome innovation (Winn) izena du enpresak.

Hagitz gauza sinplea izan zuten abiapuntu. «Dirua egin behar dugu ezer inbertitu gabe; nola egin dezakegu?», planteatu zioten beren buruari. «Mozorrotu eta besarkadak eman genituen kalean, lortutako diruarekin arrautzak eta beste janari batzuk erosi eta gosariak egin genituen, horiek geure eraikinean saldu eta bertatik ateratako diruarekin arropa marka bat egin genuen, eta lortutako diruarekin beste hainbat proiektu egiten ari gara».

11 lagun dira Winn-en. Talde txikiagoetan banatu eta bakoitzak hiruzpalau proiektu egiten ditu, gero eta kalitate handiagokoak. «Egitasmo bat droneen ingurukoa da. Hauek sortzeko eta erabiltzeko beste modu bat diseinatzen ari gara. Beste taldekide batzuek kontaktuan jartzen dituzte musika tresnak alokairuan hartu eta eman nahi dituztenak. Hala, norbaitek gitarra jotzen ikasi nahi badu baina ez badaki benetan gustatzen zaion, ez du erosi beharrik».

Bertze proiektu batean gazteek 35 orduz ahalik eta urrunen bidaiatzen saiatu behar dute beren poltsikotik euro bat gastatu gabe, irudimena astinduz. Urrunen heltzen den lehenak sari bat irabaziko du, baina funtsa beste bat da: enpresa batek kilometroko 0,2 euro ematen ditu gizarte laguntzarako.

Bi hilabetez Silicon Valleyra aldatu dute lantokia. Denak etxe berean bizi dira eta bizimodua ere konpartitzen dute. Estatu espainoleko zenbait enpresa eta startup-ekin lanean ari dira merkatua bilatzen eta gauzak egiten laguntzeko. «Gustatzen zaigun edozer egiten dugu, ez dugu mugarik».

Elkarrizketaren unean San Frantzisko erdialdeko coworking gune batean dago, startup eta freelancen artean. Gero maker (sortzaile, ekintzaile) denda bat bisitatuko du. Ondotik bazkaldu, kideekin bildu eta bertze ekitaldi bat izanen du.

Ongi pasatuz dena xurgatu

«Aisialdirako denborarik baduzue?», galdetu diogu. «Bai, bereziki asteburuetan. Baina hemengo aukera ahalik eta gehien aprobetxatzen saiatzen gara. Asko ikasi ahal dugu. Eta oso ondo pasatzen dugu. Biltzen gara, zerbait jaten dugu, zerbait hartu bitartean hitz egin, nonbaitera gonbidatzen gaituzte… Dibertigarria da. Gauzak egiteko beste modu bat».

«Zein da zure ametsa?». Irribarrea loratu zaio. «Lehenik, gustuko gauzak egiten jarraitzea. Badago jendea proiektuetan laguntzen diguna eta halako zerbait egingo nuke. Enpresa bat sortu eta ondo doanean beste batek jarraitzea nahiko nuke, eta beste bat sortzea eta besteei proiektuak eta enpresak sortzen laguntzea. Gauza desberdinak egin nahi ditut, irudimena erabili egunero, jendearengandik ikasi, dena xurgatu…».

Jon Couch, aulkitik jarraitzen

Taldekide gehienak bizkaitarrak dira, profil desberdinetakoak: biologia, teknologia, ekonomia, ingeniaritza... Jon Abaitua, «Jon Couch» deitzen dioten bermeotarra, ondoan dute lau urtetako ikasketa prozesuan. Skype bidezko elkarrizketara batu zaigu bera ere. «Talde ekintzaileen talde entrenatzailea gara. Irakaslearen rola ordezkatzen dugu. Futbol entrenatzaileen modukoak gara, aulkian gaude, taldeen ikuspegi osoa dugu eta animatu egiten ditugu. Haiek dira protagonistak, golak sartzen dituztenak, zelaian lurrera jausi eta berriro altxatu behar dutenak. Gu ikasketa errazteko gaude».

Zientzia gogoko duten gazteei aholkuren bat emateko eskatu diogu Beñati bukatzeko: «Txapelketetan ikusi dut europarrak beti goazela irabaztera. Brasilen, aldiz, esaten zuten hor egoteagatik jada oso-oso pozik zeudela. Gu beti gaude ‘irabazi-irabazi’, eta ez da horrela izan behar. Bestalde, hanka sartuz gero, ez da ezer gertatzen. AEBetan asko galdetzen dizute zenbat aldiz huts egin duzun, gehiago ikasten delako. Zerbait gaizki egiten baduzu, ez zaude betiko markatuta. Aurrera egiteko aholkatuko nieke, gogoz egiteko dena, ez inork esan dielako edo saria irabazteko, baizik eta nahi dutelako. Sariak etorriko dira».



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia