euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Benan Oregi: “Ikusi eta ikasi egin behar dugu Boisen egiten den jaialditik” (entrevista en la revista Plaentxia.eus)

13/09/2015

[Oharra: Elkarrizketa, berez, abuztuaren 20an eman zuen argitara Plaentxia.eus-ek] Benan Oregi plazentziatarra laugarrenez izan da Boiseko euskal jaialdian. Jaurlaritzaren izenean joan da diasporarekin harremanak izateko ordezkari moduan. Aurtengo jaialdian bizitakoak kontatzeko eskatu diogu eta barruko kronika ederra bidali digu. Besteak beste, aipatzen du: jaialdiak hartu duen nazioarteko izaera, Estatu Batuetan euskalduna izatea zein "cool"-a den gaur egun, Kapitolioan ikurriña eskegi izanaren sinbolismoa eta jaialdiak euskaldunen arteko liskarren gainetik batzeko duen gaitasuna...

Enlace: Plaentxia.eus

Nazioarteko maila
Euskal Herritik 4.000 lagun joan dira aurten Idahoko hiriburura, euskal kulturaren ospakizun erraldoian parte hartzera. Jaialdia zenbakietan: 65.000 kroketa, 2.000 kilo txorizo eta 30.000 parte hartzaile inguru.

1987an egin zen estrainekoz, eta 1990tik bost urtean behin antolatu dute, eta gaur nazioarteko maila hartu du. Ez da erraza jakitea zenbat lagunek hartu duten parte ekitaldi bakoitzean, eta hori dela eta ekitaldi batzuetan sarrera kopurua zenbatzen saiatu dira lehen aldiz. Hala eta guztiz, programan jasotako ekitaldiak ez dira toki berean izaten eta jende asko kalean geratzen da, inongo barruko ekitaldira sartu barik. Horregatik da gaitza kalkulu zehatzak egitea.

Euskal Herritik jende asko
Zenbat lagun zatozte Euskal Herritik aurtengoan? Galdetzen zozkuen antolatzaileek hilabete batzuk lehenago. Gure aldetik, ezinezkoa jakun erantzun zehatz bat emotea. Bagenduan talde askoren barri (Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak antolatutako taldea, edo Eroski bidaiak-ekin joandakoak, edo baita dantza-taldeekin edo musikariekin joandako talde haundiak be (Mungiatik, Durango ingurutik,...) guzti horrek erakundeetako ordezkariak kontatu barik.

Hala eta guztiz, gehienak familietara edo lagunen etxeetara joandako ehundaka lagun izan dira, bakoitzak internetez hartuta bere hegaldi txartelak. Horrela ba ezinezkua da kopurua kalkulatzea.

Asko. Sekula baino gehiago. Hori da behintzat Jaialdia behin baino gehiagotan bizi izan dogunok ikusi dogun jendetza.

Benanen laugarren aldia
Nire kasuan laugarrena izan da (2000, 2005, 2010 eta 2015) beti be lanera joanda, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzako kidea izan naizelarik. Lehenengo urtean Mari Karmen Garmendia Kultura Sailburua buru genduala, eta harrez gero, Ibarretxe, Lopez eta Urkullu Lehendakariekin. Izan be, gonbidatu ofizial bakarra Lehendakaria izaten baita, nahiz eta gero batez be Bizkaiko diputaziotik eta hainbat udaletatik be ordezkariak joan diran. Alderdi politikoetakoak be ez dira falta izan.

Ikurriña Kapitolioko fatxadan
Baña Boiseko Jaialdia ez da ezer politikoa. Euskaldun guztien bilkura bat da, kulturaren inguruan, eta horretxetan eman dozkue lezio ederra behin eta berriz euskal amerikanuak. Zerek batzen gaituan, eta ez zerek banandu... Horretxetan datza arrakasta.

Eta ez da berez politikua, baña ikurriña Estatu Batuetako banderaren parean egon da eskegita Kapitolioko fatxadan aurten estrainakoz (orain artekoetan aurreko parkean jartzen eben). Españako enbaxadak ikusi izan balu, istilu diplomatikoa piztuta zegoan, baña Boise euskal lurraldea da, gero eta gehiago.

Gauzak asko aldatu dira
Lehen aldiz joan nintzanetik asko aldatu dira gauzak. Euskal Herritik jende gero eta gehiago joateaz gain, bertakoak be beste era batera antolatzen hasiak dira. 900 boluntariok hartzen dabe parte antolakuntzan, 36 batzordetan antolatuta, eta bi urte luzez aritzen dira lanean.

Bi urte bihar izaten ditugu ahazteko eta gero gogoak egiten jakuz eta berriro be beste bi urtetan lanean ibiltzen gara kontatu dau egun honetan etengabe Ana Mendiola boisetarrak.

Programa ez da asko aldatzen urte batetik bestera, dantza eta musika erakustaldiak, herri kirolak (5000 lagun batzen dira sarrera ondo ordainduta gure indartsuak ikustera, amerikar estiloko ekitaldian), eta artzaintzaren inguruan eratu dan irudi bilduma hori (karro-kanpoak nonnahi), euskal meza zoragarria barne, Oñatiko Gorpuztiko dantzekin, han San Inaziotan egiten dittuenak.

"It is cool to be Basque"
Izan be, artzain joandako askok lan gogorrak eta bakardade haundia jasan behar izan eben lehen urteetan, beste inork egin nahi ez eban lanbide batean jardunez... Baina gaur egun, haren oinordekoak harro agertzen dira euskaldun izateaz.

It is cool to be Basque, gaur modan dago euskaldun izatea ameriketan...

Horregatik iragarri du CNN kateak Estatu Batuetako udako kultur ekitaldien artean 15eko zerrendako bat bezala, eta horregatik agertu gara The New York Times-en, bertatik propio bialdutako kazetariak egindako kroniketan, behin baino gehiagotan.

Alkate euskalduna Boisen
Artzainek oinordeko harek irabaziak dittuez gizarteko beste hainbat arlo, unibertsitatea, irakaskuntza, politika... Ez da kasualitatea Boiseko alkatea bera be euskal jatorrikoa izatea. Dave Bieter Garmendia Larabetzutik joandako Eloisa Garmendiaren semea baita, eta urte batean euskaraz berbetan zekian hiriburuko alkate bakarra (ez Donostiakoak, ez Gasteizkoak, ez Bilbokoak, ez Iruñakoak, ez Baionakoak... Boisekoak egiten zeban euskaraz).

Jaialdian zehar beste agenda batzuk be izaten dira, esate baterako, euskal ikasketen sailak antolatutako mintegia Boise State Universityn, edo erakundeen arteko hartu emonak, enpresa mailakoak eta abar..

Eskerroneko plaka 
Estatu Batuetako euskal etxeen federazioak be bertan egiten dau urteko bilkura. Aurten bilkura horren barruan eman ohi diran sarietako bat jasotzea egokitu jata gainera, Bizi Emankorra izenekua, hango euskalduneri euren zereginetan urteetan zehar laguntzen ibili izanagatik emoten dabena. Plaka xume bat, baina esanguratsua. Nori ez jako gustatzen bere lanian halakoak jasotzea, batez be kanpotik datozenian. Funtzionarioa izateko sekulako lan polita daukat eta asko betetzen nau guzti honen parte izateak. Bihotzarekin egindako lana da eta izan dira eta izango dira datozen urteetan be egitasmo inportanteak eta notizia oso onak euskal kulturarentzako Estatu Batuetatik. Ondo goaz.

Joan beharra dago 
Jaialdia beste guztiaren gainetik euskal kulturaren festa da ba, hemendik errespetuz begiratu behar doguna. Ez baita erreza 8000 kilometrora euskaltasunaren gar hori mantentzea. Horregatik joan beharra dago zer dan ikustera, baina ez inori leziño bat emotera, aldrebes esango neuke, ikusi eta ikasi, ondo asmatuta dagoalako, ez dalako egun batetik bestera antolatutakoa, eta ez daukagulako eskubiderik hemen sarritan erabiltzen doguzan gure arteko istiluak (antzuak eta inora eroaten ez gaituztenak) hara eroateko. Beraz, ikustera eta ikastera joan. Aurten izan gara plazentziatar gutxi batzuk. Ea hemendik bost urtera gehixao batzen garan.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia