euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

[Basques in Australia] Iraganari atea zabaldu asmoz (en Busturialdea, lea-Artibai, Mutrikuko Hitza)

15/02/2025

Euskal Australiar Elkartearen 'Basques in Australia' erakusketa Ereñoko Gabika auzoraino iritsi da. Australiara joandako euskaldunen bizipenen bilgune da erakusketa, eta asteburu honetan nahiz hurrengoan bisitatu ahalko da.

Enlace: Busturialdea, lea-Artibai, Mutrikuko Hitza

Alex Uriarte Atxikallende. Migrazioa puri-purian dagoen langaia da. Herri oro izan da noizbait migratzaile; herri oro ibili da noizbait han-hemen. Baita euskaldunen herria ere. Neurri handi batean, migrazio jakin baten berri ematera dator Euskal Australiar Elkarteak bultzaturiko Basques in Australia izeneko erakusketa. Munduaren luze-zabaleko hiriburu nahiz herrietan ikusgai egon ondoren, Australiara joandako euskaldunen testigantzak jasotzen dituen erakusketa Ereñoko Gabika auzora ailegatu da.

ARGAZKIAK

Gaur [otsailak 15] egin dute aurkezpen ofiziala. Bertan egon da Ereñoko alkate Joseba Zarragoikoetxea, baita erakusketara bisita denetariko azalpenez jantzi duen Esther Korta elkartekidea ere. Horiez gain, Australiara jotakoen senideak, ondorengoak edota bidaia egindako zenbait ere animatu dira bisitara. Gaurkoaz gain, bihar eta hurrengo asteko zapatuan [otsailak 22] eta domekan [otsailak 23] ere bisitarientzako zabalik egongo da.  Ordutegiari dagokionez, zapatuetan 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:30era egongo da zabalik, eta domeketan goizeko ordutegia bakarrik izango du, 11:00etatik 14:00etara.

Denetarik eduki du gaurko aurkezpen ekitaldiak: kuriositatetik, ondaretik, umoretik, sentimendutik nahiz dibulgaziotik. Euskaldunek Australiara bidaia egitearen eta bertan bizitzearen atzean ezkutatzen diren alderdiak plazaratu dituzte: bidaia bera, jatorria, helmuga, hango bizimodua, ogibide kontuak, alde kulturala eta emakumezko zein gizonezkoen egoeren arteko aldeak. Sarrera azalpen bat emanez ekin dio Kortak bere parte hartzeari. 46 elkarrizketaren emaitza da erakusketa, denetariko argazkiekin hornituta dagoena. “Herritarren ondarea” dela nabarmendu du, eta erakusketaren ertz guztiak aurreratu: “Bidaia da abiapuntua, eta aisialdia, berriz, helmuga; bien bitartean, denetariko informazioa dago”. Ereñon aurkezpena egitea garrantzitsutzat jo du. Izan ere, Ereñotik eta ingurutik (Nabarniz, Muxika, Ispaster, eta abar) hainbat herritar joan ziren Australiara. 

Lehen zatiari helduta, bidaia du hizpide. Melbournera iritsitako euskaldun gehientsuenak itsasgizonak izan ziren, bereziki, ontzi ingelesetan zihoazenak. Guzti-guztietan estreinakoa, William Douglassen arabera, Natxituko Arratibel izan zen. Lehen Mundu Gerra iritsi arte, “asko eta asko” izan ziren bertaratu zirenak, “kargero, erremolkadore edota korreoetan”. Bigarren Mundu Gerrak eta 36ko gerrak, aldiz, “mantsotu” egin zuen migrazio mugimendua, 50eko hamarkadako suspertzea orduko, “eskubeharra falta baitzen han”. Haraino heltzea ez zen inondik inora ahuntzaren gauerdiko eztula. Hain zuzen ere, hilabete inguruko itsas bidaia gogorra zen hura. Bidaiarien gehiengoa Italian itsasoratzen zen, eta Ayr zein Ingham ziren helmugarik ohikoenak.

REEL-A

Tabakoaren industria izan zen euskaldun asko hartu zituenetako bat. Hastapen batean, tabako hostoak eskuz biltzen ziren. Sortetan bildu ostean, makila luze batean ipini, labean sartu, lehortu, ur lurruna jarri eta, azkenik, banan-banan sailkatzen ziren. Artisau lana zen hura. Tabakoaz gain, kainak ere giltzarri izan ziren, “tonak eta tonak” ebaki zituztelako. Ogibide “gogor-gogorra” zen hura, hainbat arerio zituena, gainera: eltxoak, bero itogarria, umeltasuna, ordutegiak edota hasierako ezjakintasuna. Gainera, kainak pilatuta, errotara eroan behar zituzten, trenez: “Errailak eurak eskuz jartzen zituzten, aurrerantz joan ahala”. 

Emakumezkoei ere mezi duten plaza eman gura die erakusketak. Neskame, etxalde edoi farm-etara, boterez ezkonduta, erreklamatuta edo hoteletara joan ohi ziren. Hain zuzen, Espainiako eta Australiako gobernuek, Eliza Katolikoagaz batera, Marta Plana sinatu zuten eta, haren bitartez, 1960tik 1963ra hainbat emakume joan ziren Australiara. Emakumeek Australiarako bidea hegazkinek egin zuten, lehenago Madrildik pasatuta. 

Aisialdiari ere dagokion tartetxoa eskaintzen dio erakusketak. Argazkiek bistaratzen dute orduko euskaldun australiarrak zelan biltzen ziren etxalde, hotel hondartza edo erreka bazterretan, baita Trebonneko pilotalekuan ere. “Kontuak kontatzea, komunitatea modura biltzera, garagardoa edatea, dantzan ibiltzea eta apustuak egitea” izan ziren aisialdi jarduerak urruntasun hartan.



siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia