euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Atzekoz aurrera, Agustin Otxotorena enpresari Venezuelan: «Orain, nora joan pentsatu behar dut» (en Berria)

01/06/2016

Ia hogei urte daramatza Venezuelan. Enpresari, enpresentzat lan egiten du. Hangoaz esaten direnak gezurtatzeko Facebooken jarri dituen argazki batzuek munduari buelta eman diote.

Enlace: Berria

Jon Ordoñez. Aurreko astean, Caracasko saltoki bateko argazkiak jarri zituen Agustin Otxotorenak (Errenteria, 1963) Facebooken. Enpresari da Venezuelan. Irudiak azkar zabaldu dira sarean. Espainiako ABC egunkariak ere artikulu bat atera zuen igandean webgunean, baina ordu batzuetara ezabatu zuen. Horrek are oihartzun handiagoa eman die argazkiei, eta mundu osoan zabaldu dira.

Goizeko 09:00ak dira. Sartu naiz saltoki batera Venezuelan. Zer aurkituko dut apaletan?

Auzo aberats batean, nahi duzuna aurkituko duzu. Beren mundua da, eta hor ez da ezer aldatzen; Caracas ekialdean, adibidez.

Apalak ez daude hutsik, beraz?

Herri xehearen auzoetan ere apalak ez daude hutsik. Gauza batzuk falta dira, baina arazoa ez da jangairik ez dagoela. Gauza da gobernuak jada ez duela dirurik dolarretan erosi eta bolibarretan merke eskaintzeko. Haragi kiloak lehen, adibidez, 0,1 euro balio zuen. Orain, prezioak eguneratu egin dira, eta bost euro balio dezake. Jangaiak badaude, baina dirurik ez duenak ezin ditu erosi. Kolonbian ere gertatzen da.

Eta jende ilarak?

Prezioa arautua duten jangaiak erosteko sortzen dira. Egun jakin batzuetan saltzen dira horiek; beste egunetan, saltokiak hutsik daude. Baina egun jakin horietan dirua dutenek txiroak bidaltzen dituzte errazionatzea gainditzeko, eta gero beste nonbait saltzeko. Delicatessen jangaiak eros daitezke, baina araututakoak, ez.

Zergatik jarri zenituen argazkiak Facebooken?

Bi aste lehenago, anaia eta beste bazkidea Euskal Herrira joan ziren, eta asaldatuta deitu ninduten han entzundakoak sinistuta. Familiari eta Facebooken ditudan lagunei Caracas ekialdeko errealitatea zein den erakutsi nahi nien. Orain beste dimentsio bat hartu du.

Chavista zarela esango dute.

Ez da ideologia kontu bat. Euskal Herriko klase ertaineko edonork hau ikusiko balu, ezingo luke horrelako injustiziarik onartu. Ni enpresaria naiz, eta chavismoarekin kritikoa naiz gauza askotan. Baina eskuin muturrak hemen txiki uzten du Pinochet. Oso biolentoa da. Garbi dut ez naizela horietakoa. Argazkienaren ostean, jada ezin dut Caracas ekialdera joan. Lehen, eroso bizi nintzen; orain, nora joan pentsatu behar dut. Protagonismo honek kalte egiten dit, baina ikusten dudana atera nuen argazkietan.

«Venezuelan aberatsek janaria badutela frogatu duen euskal enpresaria» zinen ABC-rentzat.

ABC-koa dela uste dudan batek esan dit bekadun batek idatziko zuela bere kasara, sareen atalean. Editoreak ezabatuko zuen gero.

Zer egiten du euskal enpresari batek ustez kaotikoa eta apokaliptikoa den Venezuela horretan?

Irudi hori ez da benetakoa, eta gezur handiaren zati bat dira. Euskal erakundeek ere ezkutatu dute errealitatea. Euskal enpresa askok egiten dute dirua hemen. Krisiarekin jaitsi da interesa, eta hedabideen jazarpenak beldurra ematen du. Baina orain da hemen saltzeko garaia. Gure apustua epe luzekoa da.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia