euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Astearte honetan DSS2016 kultur hiriburutza aurkeztuko da Londresko Turismo Azokan: Donostia, Euskadiren aurpegia Londresen (en Diario Vasco)

02/11/2015

Ez da erraza astelehen honetan Londresen inauguratu den WTM Turismo Azokan nabarmentzea, mundu osoko paraje eta hiri ederrenak jotzen baitute bertara, turismoaren profesionalak txunditu eta haien bitartez bisitariak erakartzeko asmoz. Basquetour Turismoaren Euskal Agentzia ere han da, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburuak inauguratu duen stand batekin.  

Enlace: El Diario Vasco

Tapiarekin batera, Itziar Epalza Merkataritza eta Turismo sailburuordea, Arantza Madariaga Basquetourreko zuzendari nagusia, Mertxe Garmendia Turismo zuzendaria eta Bilbo, Donostia eta Gasteizko eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundietako ordezkariak eta turismoko euskal enpresariak egon dira. Hain zuzen ere, Berlinen egiten denaren ondoren munduko bigarren hitzordu turistiko profesional garrantzitsuena da Londresekoa.

Euskadiko standak bi txoko ezberdin ditu: bat jomugaren sustapenera zuzendua, non Euskadi osoari buruzko informazioa eskainiko den azokako egun guztietan, eta beste bat profesionala, bertara joan diren 12 euskal enpresek hitzordu eta bilera komertzialak izan ditzaten enpresari britainiarrekin eta azokan dauden nazioarteko beste batzurekin.

Babesa hiriburutzari

Hiriburu guztiek dute presentzia standean, baina nabarmentzekoa da Donostiari dagokion tamaina eta kokapena. Hain zuzen ere, 2016ko kultur hiriburutzari babes esplizitua eskainiko diote Londresen erakunde guztiek. Standaren inaugurazioan argi geldituta da babes hori, eta astearte honetan Donostiako Udalak prestatu duen aurkezpen berezi batean gauzatuko da.

Inaugurazio hitzaldian, Tapiak merkatu britaniarrak euskal turismoarentzat duen garrantzia azpimarratu du; bisitarien %3,3 eta bigarren merkatu atzerritarra da, frantsesaren ondoren. Azken lau urteetako bisitari britaniarren hazkundea ere nabarmendu du, %15,3ko igoera izan baita sarreretan, eta %22,5ekoa gaualdietan.

Euskadira doan bisitari britaniarra udan joaten da batez ere, hiriak eta lurralde guztia ezagutzeko. Bidaia aurretiaz prestatzeko informazioa, batez ere, Interneten (%56) eta lagun eta senitartekoen (%59) bidez aurkitzen dute. Halaber, %77k bidaiatu aurretik erreserbaren bat egiten du, gehienbat, ostatua eta garraioarena, eta merkatu ingeleseko bisitari gehienak (%72) hegazkinez heltzen dira.

Ildo horretan, Euskadik lotura onak ditu Londres eta Bilbo artean. Gaur egun, British Airways konpainiak bi hegaldi ditu egunero eta udan kopurua bikoiztu egiten da; Vueling konpainiak hegaldi bat eskaintzen du astean lau egunetan eta EasyJet-ek beste bat astean sei egunetan.

Bisitari britaniarrak Euskadin, batez beste, pertsonako eta eguneko 107,5 euro gastatzen ditu eta 4,4 gau egiten ditu. %90ek oso ondo baloratzen du Euskadin egindako egonaldia eta opor batzuetarako gomendatuko luke.

Azkenik, WTM azokaren barruan, asteartean, Eneko Goia Donostiako alkateak eta Pablo Berastegi DSS2016ko zuzendariak 2016ko Europako Kultur Hiriburuaren aurkezpena egingo dute hedabide eta enpresa britaniarren aurrean.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia