euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Argitxu Camus Etxekopar, Euskal Ikasketetan doktore: «Azken belaunaldiaren Euskal Herria atxiki du diasporak» (en Berria)

27/02/2016

AEBetako mendebaldeko diaspora oinarri, bere euskal nortasunaren zerbitzuko den artea aztertu du Camus Etxekoparrek Eusko Ikaskuntzaren 'Arteak eta Euskal diaspora' zikloan.

Enlace: Berria

Nora Arbelbide Lete. Nortasuna aitzinera ekartzeko bidea izan daiteke artea, eta, aldi berean, nortasuna aldatzen ahal duena. Hori izan du bere hitzaldiko abiapuntu euskal diasporaz tesia egina duen Argitxu Camus Etxekoparrek (Onizepea, 1980) ostegunean Baionan. Eusko Ikaskuntzaren zikloak segitu zuen atzo ere aditu andana batekin, Donostian. Gogoeta erakusketa batekin jarraituko dute apirilaren 10a arte Baionako euskal erakustokian.

1960ko hamarkadan erroetara itzultzeko gogo bat garatzen dela AEBetan, euskal nortasunaren berpizte bat bada. Euskal bestak sortzen dira. Garaian modan zen euskal nortasuna dute geroztik tradizio bilakatu?

-1850eko eta 1950eko urteen artean emigrazio masibo bat bazen. Beti jiten ziren euskaldun berriak. Euskal Herriko gauzak hartzen zituzten haiekin, eta hangoa arraberritua zen. Salbu, 1950ean emigrazio masibo hori gelditu zela. Eta, beraz, haiek atxiki dutena da azken belaunaldi horrek ezagutzen zuen Euskal Herri hori. Eta hori izoztua bezala da.

Tesiarendako elkarrizketatu batek aipatu zizun bizi den museo baten gisa ikusten zuela bere burua, gurasoen Euskal Herriaren zaintzaile. Berritasuna AEBetako kulturak ekartzen zion. 

-Bai, eta gazte zen. Hori erran didalarik 37 urte zituen. Bazekien ontsa Euskal Herria kanbiatu zela. Euskal Herrira joana zen, barnetegiak egin. Euskara ikasi. Bazekien. Baina hark argi du oraingo modernitate horren beharrik ez duela. Euskaltasunaren alde tradizional hori nahi du atxiki. Hori irakatsi nahi diela haurrei.

Baina tradizio hori aipatzen duelarik, jabetua ote da azkenean 1960ko tradizio bat duela? 

-Ez, hori inkontzientea da. Gauza andana bat bada Euskal Herrikoa dela uste dutena, ez delarik hala. Haien esperientziari lotuak dira azkenean. Adibidez, haientzat, euskalduna zara zure aita edo aitañi edo norbait zure familian artzain baldin bazen. Hori zergatik? 1960ko hamarkadara arte, artzain guztiak euskaldunak ziren. Hango esperientzia bati lotua da.

Aipatu izan duzu ere hot dog baten barnean sartu txorizoa ere euskalduntzat dutela.

-Bai, eta bada edari bat ere. Hara joan nintzelarik, hango euskal amerikar batek —aitatxi eta amatxiak nafar eta baxenabartarrak zituen— erran zidan: «Euskalduna zara? Beraz, badakizu zer den Picon Punch». Eta nik ez nekien. Zer da Picon Punch? Picon, 1950eko hamarkadara arte, Frantzia osoan eta Iparraldean euskaldunendako modan zen edaria zen. Eta, beraz, orduan joan zirenek euskal hoteletara eraman zuten. Euskal bestetan edaten zen zerbait zen. Haien koktela egiten zuten. Bilakatu da euskaltasunaren marka. Baina sortu duten zerbait da. Dena den, ez da inportanta jakitea zer duen euskalduna, zein belaunalditakoa den edo beste. Ez, haiek hori pentsatzen dutela da inportanta.

Etxe apainketaren garrantzia nabarmendu duzu. Erakusteko euskaldunak direla behar dute euskal zerbait irudikatzen duen artea murruetan? 

-Euskal Herriarekiko lotura eta euskaldun egiten gaituzten sinbolo horiek aitzina eman behar dituzte.Gernikako arbola. Zazpiak bat. Aitatxi eta amatxien irudi horiek. Lauburua ere biziki aitzina ematen dute. Belarritakoetan, denetan. Koloreetan ere... gero, nola gerta, nola bizi den euskaltasuna, baina hegoaldetarrentzat, adibidez, kasu egiten dute aitzinera ematen dituzten koloreak ez daitezen izan Espainiako banderako koloreak.

Horregatik, garrantzitsua zaie arte figuratiboa? Argi izan dadila Gernikako arbola dela, eta ez beste bat?

-Bai, hala da. Horrek esplikatzen du zergatik gaizki konprenitzeak izan ziren Nestor Basterretxearen Bakardade eskultura estreinatu zutelarik Renon (Nevada), 1989an.

Euskal artzain bat irudikatzen zuen eskultura horren testuingurua zehazten ahal duzu? 

-Batzorde bat sortu zen. Estatu Batuetan bizi ziren euskaldunek zuten partiarazi. Euskaltasunaren promozionatzeko. Euskal Herri osoko instituzioen bermea ere bilatu zuten eta ukan. Nevadako buruak ere hor ziren. Sosak bildu zituzten. 305.000 dolarreko proiektua zen. Deialdi bat egin zuten, eta hamar artistek lanak proposatu. Basterretxearena hautatu zuten.

Beraz, euskal amerikarrek ere hori hautatu zuten. 

-Baina eztabaida handiak izan ziren hautatzerakoan. Sosak biltzerakoan euskal diasporakoei Basterretxearen maketa erakusten zietelarik, haiek ihardesten zieten ez zuela beren euskalduntasuna aski ongi irudikatzen. Ez zen berehala ikusten artzain bat zela.

Abstraktuegia zen? 

-Hori da. Basterretxeak hastapenean egin zuena hori baino abstraktuago zen. Artzaina baino gehiago, azkenean, ideia zen euskaldunen Ameriketako esperientzia erakustea. Antolatzaileek galdegin zioten ez hain abstraktu egitea. Axuri bat gehituz eta. 

Renoko Kasinoko jabe batek beste eskultura bat jarri zuen. Artzain bat, figuratiboagoa. Baina, non, eta Kasinoaren aitzinean. Basterretxearena desertuan da, bakardadean, justuki.

-Bai, betikoa. Norberarentzat zer den inportanteago.

Orain, berriz, beste ikuspegi bat duen belaunaldi berria bat agertzen ari da. 

-Beti izanen da diaspora historiko hori bere ondoko belaunaldiekin. Haien irudia beti hori da. Baina San Frantziskon, New Yorken, Berlinen... holako kapitaletara doana beste belaunaldi bat da. Hemen sortua da eta badu Euskal Herriaren irudi moderno hori.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia