euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Arantxi Padilla, Kolonbian bizi den billabonatarra: «Kolonbia herrialde borrokalaria da» (en Berria)

16/04/2020

Arantxi Padilla EITBren Latinoamerikako berriemailea da. Kolonbian bizi da, eta 2011. urtean joan zen lehen aldiz. Etenaldi baten ostean, iaz berriro itzuli zen. Pozarren dago, eta han jarraitu nahiko luke lanean.

Enlace: Berria

Nagore Arin. Arantxi Padilla kazetaria (Villabona-Amasa, Gipuzkoa, 1982) duela gutxi itzuli da Kolonbiara. Sei urtez izan zen berriemaile han, eta, hiru urteko etenaren ostean, berriz ere itzuli da. Bigarren etxetzat du herrialdea.

Nola sortu zen Kolonbiara joateko aukera?

2008. urtean sartu nintzen EITBn. 2010. urtean, Etiopiara joan nintzen lagun batekin, bidaia solidario bat egitera, eta, itzultzean, Kolonbiara berriemaile gisa joatea proposatu zidaten. Dena utzita etorri nintzen. Apustu handia izan zen, eta, zorionez, ongi irten zen. Urtebete egitea zen asmoa, eta, azkenean, urtebete hori sei urteraino luzatu zen. Orain, Euskal Herrian izan naiz hiru urtez; abuztuan itzuli nintzen berriz.

Zergatik itzuli zara?

Gustura nengoen. Azken finean, urte gehiago pasatu ditut kanpoan erredakzioan baino. Gogorra ere bada zenbait kasutan; ez da soilik familiarengandik urrun egotea... Zazpi orduren aldea dago, baina Euskal Herriko ordutegian egiten dugu lan. Itzultzean, berriemaileok berriemailearen sindromea deitzen dioguna izan nuen: hemengo intentsitatearen eta adrenalinaren falta sumatzen nuen. Beste bizimodu bat da, beste kazetaritza bat, eta izugarri gustatzen zait.

Etxean bezala sentitzen zara?

Bai. Hemengo bizimodura ohitzen zara, jendearekin egotera... familia bat sortzen duzu. Bakarrik etorri nintzen, baina, denborarekin, sareak egin ditut. Hemengo bizimodua gustatzen bazaizu, ongi egokitzen baldin bazara eta lanean gustura baldin bazaude, gozamen hutsa da.

Zerk harritu zintuen gehien?

Desberdintasun sozialek harritu ninduten gehien. Bogota, adibidez, sei mailatan banatuta dago: jende txiroa bat eta bi mailako auzoetan bizi da; erdiko klasea deritzoguna, hiru eta lau mailetan; eta bost eta sei mailakoak aberatsen auzoak dira. Beti bizi izan naiz errealitate batean, eta Kolonbian errealitate erabat desberdin batekin egin dut topo.

Zer diozu herrialdeari buruz?

Kolonbia herrialde borrokalaria da. Ezer ere ez duen jende asko bizi da; biztanleriaren %60k lan informal bat du; hau da, ez du kontratu finkorik, eta egunez egun irabazten duen diruarekin bizi da. Zailtasun asko izan arren, aurrera egiteko espiritua dute. Herri baikorra da.

Izaten duzu herriminik?

Orain, ez; izan ere, duela gutxi izan naiz Euskal Herrian. Iritsi berritan, ordea, gogorra da. Herrimin hori sentitzen dudanean, euskal musika entzuten dut, eta sare sozialen bidez hitz egiteak ere asko gerturatzen du. Urteak pasatu ahala, ohitu egin naiz, baina ezingo nintzateke egon urte oso bat etxera itzuli gabe.

Mugarri izan diren albiste askoren berri eman duzu. Horietatik, zein izan da bereziena?

Zaila da bat hautatzea. Momentu gogor asko izan dira bereziak; izan ere, ikasteko baliagarriak izan dira. Iritsi eta urtebetera, espetxe bat erre zen Hondurasen: ehunka pertsona hil ziren. Ez da oroitzapen polita, baina eragina izan zuen nigan. FARCen kanpalekuan sartu ginenekoa ere oso berezia izan zen; bake akordioa sinatu baino aste bat lehenago. Garai itxaropentsuak izan ziren, eta oso gordeak ditut.

Albiste horien berri izatean, zaila da kazetariaren eta pertsonaren arteko muga bereiztea?

Kazetari gisa, ez dugu inoiz ahaztu behar nor garen, baina ez dugu ahaztu behar pertsona humanoak garela. Ez dugu dramatismoan eta sentsazionalismoan erori behar; ez dugu malko erraz hori bilatu behar. Helburua ez da hori, baina oso zaila da zure sentimenduak alde batera uztea. Ohean sartzean, larritasun hori zurekin oheratzen da. Gure lana ere bada sufritzeko lana: bidegabekeria ugari ikusten ditugu. Hori kontatu egin behar duzu, eta ezin duzu alde humanoa zokoan utzita kontatu. Neurria bilatu behar diozu.

Latinoamerikako hainbat lekutan izan zara albisteak ematen. Nola daramazu mugitzen egote hori?

Berriemaile izatearen alderdirik ederrenetako bat dela esango nuke. Erritmo bizia da, eta disfrutatu egin behar duzu. Nahiz eta garai gogor asko bizi eta ikusten duzuna oso atsegina ez izan, kontziente izan behar duzu horren lekuko izatearen eta hori kontatzearen zorteaz eta arduraz. Pasioz bizi dut batetik bestera ibiltzea.

Aurrera begira, Kolonbian bizi nahiko zenuke?

Bai. Lan hau izugarri gustatzen zait, eta hemen ikusten dut neure burua. Zortea dut urtean behin hara joateko aukera dudalako; han dut nire etxea, baina hemen ere etxe bat dut. Lanera joan eta ikastea izugarria da: gogoeta egiteko aukera ematen du.

Nola daramazue konfinamendua?

Ongi. Kazetari izanda, atera naiteke lan egitera. Jendea ongi erantzuten ari da, baina beste errealitate sozial bat ere badago: jende asko egunez egun bizi da, eta, kalera ezin badira atera, ezin dute familia mantendu. Drama sozial hori ikusten ari gara jada. Errealitatea oso gogorra da.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia