2015ean hasi zen Zatak Herri Ondarea elkartea EAEko ondare immaterialaren bilketa lanetan, Eusko Jaurlaritzaren Ondare Sailaren laguntzarekin, “Euskal Herriko Dantza Tradizionalen Katalogoa: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa” izeneko proiektuaren baitan. Dantza.eus-ek argitara eman duenez, 2020a bitarte 449 dantza tradizional katalogatu ditu Emilio Xabier Dueñasek gidatutako lantaldeak. Dantzan-ek ere parte hartu du proiektuan eta guztira 23 ikertzaile aritu dira lanean.
Arabako 18, Bizkaiko 45 eta Gipuzkoako 48 herritako dantzak jaso dira ikerketan. Dueñasek 2019an azaldu zuenez, zuzeneko behaketa, ahozko iturriak eta idatzizko dokumentazioan oinarritzen dira ikerketa egiterako orduan. Dantzak agertzen diren ekitaldietan egindako argazki eta bideoak dira katalogorako fitxak osatzeko oinarrizko materiala. Gainera, festako protagonisten edo jaia ezagutzen dutenen testigantzak jasotzen dituzte eta, azkenik, idatziz jasota dagoen informazioa biltzen dute.
Dueñasek dio dantza bera festa edo ekitaldi bateko elementu bat dela, eta testuinguruari ere erreparatzen diotela, zer dagoen dantzaren inguruan. Hala ere, zenbait irizpide izan behar ditu dantza batek katalogoan jasoa izateko. Batetik, bizirik egon behar du eta ordena tradizionaleko jaia izan behar du, hau da, jai patronala izan daiteke edo, bestela, ziklikoa, herri, auzo edo kofradia batekoa. Bestetik, garrantzitsua da komunitatearen atxikimendua izatea, parte hartzen dutenek zein ikusleek bere sentitu behar dute elementu hori.
Eusko Jaurlaritzaren EAEko Ondarearen webgunean dagoeneko ikus daiteke Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiari dagokion Euskal Herriko Dantza Tradizionalen katalogoaren zati bat.
Fitxetatik osatutako datu-basetik zenbait ondorio atera dituzte. Besteak beste, jasotakoetatik 38 dantza egiten direla erremintekin; behatutako 111 herrietatik 63tan egiten dela aurreskua, 55etan erraldoien dantzak eta 43tan ohorezko aurreskua.
Euskal Herri guztiko dantzak
Nafarroan eta Euskal Herriko iparraldean ere ari dira dantzak katalogatzen. 2019an indarrean jarri zen Euskal Kultura Ondarearen legearen karietara Zatak, Dantzan eta Soinuenea elkarteek antolatutako “Dantza, festa eta kultur ondarea” jardunaldietan Terexa Lekunberrik aurkeztu zuen Euskal Kultur Erakundeak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan abiatutako kultura immaterialen inbentario lana. Lan horren baitan aurki daitezke, besteak beste, zenbait dantzari buruz 2016 eta 2018 artean osatutako bost inbentario-fitxa.
Nafarroan, Nafarroako Dantzen Behatokia ari da dantzak identifikatu eta inbentariatzeko lanean. Ortzadar elkarteak egiten duen lanaren emaitza da, besteak beste, Nafarroako Dantzen Atlasa. Nafarroako Ondare Ez-Materialaren Artxiboarekin harremana duena.