euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Angel Espinoza, Txileko 'Herriko taberna'ren sustatzailea: «Beharrezkoa zen erakustea Euskal Herriaren izaera borrokalaria» (en Berria)

06/01/2017

Euskal Herrian bizi izandako txiletarra da Espinoza txistularia. 'Herriko taberna' ireki berri dute Irarrazabal kaleko 689an, Santiagon (Txile).

Enlace: Berria

Iker Tubia. Txileko txistularia. Hala ezagutzen dute Angel Espinoza (Santiago, 1977). Herritar askok euskal arbasoak dituen lurraldekoa da —besteak beste, hainbat presidentek—. Kortaturen kantak aditzen zituen nerabezaroan; ondoren, 20 urterekin Euskal Herrira etorri zen bizitzera, eta, harrezkero, euskal kulturaren maitale sutsua da. Txilera itzuli zenetik euskal dantza, musika eta mitologia zabaltzen aritu da.

Herriko taberna, non, eta Txilen. Euskal herritar bati ez zaio deus ere faltako han.

Euskal herritarrek eta Euskal Herria maite duten guziek gurean edatekoa eta jatekoa izanen dute, eta etxean bezala sentituko dira, noski.

Baina herriko taberna, nolatan?

Txile guzian euskal kultura zabaltzen urteak daramagu, lagun anitz egin ditugu, eta beti nahi izan dugu haiekin biltzeko toki bat, abertzale izatea arazoa ez den toki bat.

Hango herriko taberna batek zer funtzio bete beharko luke?

Euskal abertzaleak batzeko toki bat izatea da helburu nagusia. Musika eta dantzarekin giro euskalduna sortu nahi dugu, eta, era berean, taldeei beren artea erakusteko txoko bat eskaini nahi diegu. Hala, gure herriko taberna kultura zentro bat ere badela esan genezake.

Euskal Herrikoen antzekoa da?

Bai, batez ere haietako ohiko dekorazioa duelako: arrano beltza dugu barran, euskal lurraldeen armarrien eta euskal futbol taldeen itsasgarriak, Nafarroako bandera, Euskal Herriko paisaiak... Gure asmoa da pintxo karta sortzea, sagardoa salduko dugu, futbol partidak ikusiko ditugu, mus tailerra martxan jarriko dugu, baita irratsaio bat ere.

Euskal kultura demokratizatu nahi duzue. Zer esan nahi du horrek?

Guk ez dugu euskal etxerik, eta ez dugu inolako diru laguntzarik jasotzen, gure ekarpenarekin egiten dugu aurrera. Zoritxarrez, Txileko eusko etxeak toki pribatuak dira, batek eskuindar politikaren apologia egiten du, Santiagokoak kasurako, eta bestea Espainiako estadioan dago, eta diru asko ordaindu behar da han sartzeko. Gure betebeharra da Txilen euskal kulturarako sarbidea demokratizatzea, toki guzietara eramanez: kaleetara, jaialdietara, unibertsitateetara... Gainera, euskal dantza eta txalaparta tailerrak antolatuko ditugu haur migratzaileentzat eta bazterketa arriskuan daudenentzat. Beharrezkoa zen herrialdeari Euskal Herriaren izaera borrokalari eta abertzalea erakustea.

Euskal kulturak kalean egon beharra du, beraz?

Kultura partekatu beharra dago. Kultura euskal etxe batean giltzaturik gordetzen baduzu, usteldu egiten da. Kultura ez baduzu partekatzen, hil egiten da; kultura kalean sortzen delako, kalean garatu, eta kalean errotu.

Nolakoa da bi herrialdeen arteko lotura?

Orain gutxi arte jendeak eskuineko enpresariekin lotzen zuen Euskal Herria. Baina lan handia egiten ari gara, euskal kultura zabaltzeko.

Zuentzat, Senidetasun Eguna da Aberri Eguna. Nahiago izan duzue bestaren moldea aldatu?

Bai, Aberri Eguna ordezkatzeko asmatu genuen, EAJrekin zer ikusirik ez genuela agerian uzteko, ez baitigu inolako laguntzarik eman. Senidetasun Eguna kultura aniztasunaren besta da, hainbat herrialdek parte hartzen dutelako. Urtero Lof Aillapank apaiz maputxeak Euskal Herria bedeinkatzen du. Bi herrien arteko lotura mistikoa da oso.

Badago loturarik maputxeen eta euskaldunen artean?

Lof Aillapank machia —apaiza— haren antzinako herriaren ordezkaria da, kendu dizkieten lurrak berreskuratzeko borrokatzen den herriarena. Era berean, Euskal Herriak autodeterminazioa eta independentzia nahi ditu.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia