euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Ane Villanueva, Australian bizi den iruindarra: «Zaila da Australiako ingelesa ulertzea» (en Berria)

26/03/2020

Ingelesa ikastea helburu, Australiara joan zen Villanueva. Aise aritzen da orain ingelesez. Ez zuen espero lan duina topatzerik, eta are gutxiago bere alorrean aritzea. Irakasle dabil eskola batean.

Enlace: Berria

Iñigo Satrustegi. Irakasle ikasketak bukatu berri, irailean, Nafarroako hiriburua atzean utzi, eta antipodetara joatea erabaki zuen Ane Villanuevak (Iruñea, 1997). Sei hilabete daramatza Australia ekialdean dagoen Brisbane hirian. Ingelesa ikasten ari da, eta lana ere topatu du.

Zer dela-eta erabaki zenuen atzerrira joatea?

Nik Lehen Hezkuntzako ikasketak egin nituen, eta, irakasle aritzeko, beharrezkoa da ingeleseko C1 mailako titulua izatea. Aspalditik nuen ideia hori buruan, eta, egia esan, nire ingeles maila nahiko kaxkarra zen. Banekien Euskal Herrian baino hobeto ikasiko nuela kanpora joanda. Beraz, Australiara etortzea erabaki nuen.

Eta zergatik Australia? Ez al da urrunegi?

Bada, bai; oso urruti dago. Baina hainbat faktore hartu nituen kontuan: batetik, bizi kalitatea eta bizitzaren prezioa; eta, bestetik, eguraldia. Ingalaterra eta Irlanda begiratzen hasi nintzen, eta hegaldiak merkeagoak ziren arren, luzera gehiago merezi zuen Australiara etortzea. Gainera, hemen eguraldia askoz hobea da. Hemen ez du egunero euririk egiten, Londresen bezala.

Hobetuko zenuen honezkero ingelesa, ezta?

Bai, orain ez daukat beldurrik hitz egiteko eta galdetzeko. Gai naiz ia dena ulertzeko. Zaila da Australiako ingelesa ulertzea. Andaluziako gaztelerarekin alderatuko nuke, dena laburtzeko joera baitute. Eskolan Erresuma Batukoa edota Estatu Batuetakoa entzutera ohituta gaude; horregatik, hasieran kostatu egin zitzaidan.

Nolakoak dira australiarrak?

Oso jende bitxia dela esan daiteke. Denetik topatzen duzu, toki guztietan bezala, noski. Baina pertsonaje asko daude hemen: kaletik kantatzen dabiltzanak, asteburuetan arrazoirik gabe mozorrotzen direnak... Oso parrandazaleak ere badira. Laguntza eskatuz gero, batzuek ez dute ahaleginik egiten zu ulertzeko, baina, orokorrean, laguntzeko prest daude.

Betetzen al dira australiarren inguruko estereotipoak?

Gu ez gara kostaldean bizi, eta, beraz, surflariaren estereotipo horretatik gutxi ikusi dugu. Brisbane oso hiri plurala da, Asiako herrialdeetako biztanle asko ditu: japoniarrak, korearrak...

Eta euskaldunik topatu al duzu?

Oso gutxi, egia esan. Pare bat baino ez ditut ezagutu, eta, gainera, ez dut harreman handirik egin. Nahiago dut hemengo eta beste kulturetako jendea ezagutu. Euskaldunak ezagutzeko beti izango dut denbora Iruñera bueltatzen naizenean.

Nolakoa da bizimodua han?

Gurearekin alderatuta, oso bestelakoa da. Adibidez, guk egunero prestatzen dugu bazkaria, etxean jateko edo lanera eramateko. Hemen, ez dute ohitura hori. Supermerkatuan zerbait erosi, edota jatetxeetara joaten dira, baita aste barruan ere. Bizi maila altuarekin lotuko nuke hori, hemen soldatak Euskal Herrian baino altuagoak direlako. Bestalde, asko gustatzen zait hemengo ordutegia. Eguerdian bazkaltzen dugu, eta afaldu, arratsaldeko seiak aldera. Ahalko banu, Euskal Herrira bueltatzean hori egingo nuke, baina badakit zaila izango dela.

Zer da han egin duzun gauzarik harrigarriena?

Inoiz ikusi gabeko animaliak ikusi ditut: baleak, kanguruak, koalak... Surf egiten ere ausartu naiz. Baina gauza guztien gainetik, lan duina topatzea izan da harrigarriena. Ez nuen espero irakasle aritu nintekeenik.

Nola bizi duzue COVID-19aren egoera handik?

Iruñeko egoerari dagokionez, lasai nago. Gertukoak ongi daude. Baina zabaldu den histeriak ez du laguntzen, eta batzuetan ez dakit zenbaterainokoa den egoeraren larritasuna.

Eta Australian bertan?

Hemen, egoera berezia izan da. Lehen kasua urtarrilean topatu zuten, eta orain arte ez zaio garrantzi handirik eman. Orain, eskolak eta tabernak ixten hasi dira. Ez dute konfinamendurik ezarri, baina jendea etxean gelditzen ari da. Gure ingeleseko eskolak, adibidez, Internet bidez egingo ditugu datorren astetik aurrera. Ez dakit zer neurri hartuko dituzten, baina kezkaz begiratzen diot honi guztiari.

Noiz duzu bueltatzeko asmoa?

Dena ongi bidean, irail eta urri bitartean. Irailean bukatzen zait bisa, eta asmoa da gero Zeelanda Berrira joatea. Baina koronabirusaren egoerarekin, ez dakit zer gertatuko den. Gainera, gustura nabil lanean, eta bisa luzatzen saiatuko naiz.

Herriminik ba al duzu Euskal Herriaren antipodetan?

Bai noski. Batez ere gure parranden falta sumatzen dut. Hemen ez da jai herrikoien giroaren antzekorik. Beste parranda eredu bat dute, eta kasik ez dira dantzatzen. Bestalde, Iruñea bereziki euskalduna ez den arren, euskara entzutearen falta ere sumatzen dut.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia