euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Ane de la Presa, EuskarAbenturako koordinatzailea: «Gazte askorentzat askatasun espazio bat da Euskarabentura» (en Berria)

09/08/2023

Txikitako amets bat eta alor profesionalean lortu nahi zituen helburuak bateratuko zituelako onartu zuen De la Presak Euskarabentura koordinatzeko erronka. Haren iritziz, «izugarri aberasgarria» izan da.

Enlace: Berria

Olatz Silva Rodrigo. Hilabete oso bat etxetik kanpo eman, 400 kilometro oinez egin eta 32 herritatik igaro ostean, Getxora iritsi zen (Bizkaia) Euskarabentura espedizioa uztailaren 31n. Muxikebarri antzokian egin zuten amaierako ekitaldia. Eta orduan agurtu zuten Ane de la Presa (Gasteiz, 1989), Euskarabenturaren lehenengo bost urteetan koordinatzaile izan dena. Hala ere, De la Presa ez dago «batere prest» Euskarabenturari agur esateko. Aurrerantzean ez da koordinatzailea izango, baina proiektuaren parte izaten jarraituko du.

Zelan daramazu espedizio osteko aje fisiko eta emozionala?

Fisikoki, logura dut denbora guztian. Eta alde emozionalari dagokionez, hau ez dut haustura bat bezala bizi. Inflexio puntu bat da, baina elkartean jarraitzeko asmoa dut. Ez nago batere prest alde egiteko. Uste dut jende gazteagoa sartu behar dela elkartean; hori da lanpostua uzteko arrazoietako bat. Hasierako gazteekin hurbiltasun handiagoa sentitu nuen: izateko estiloan, erreferentzia kulturaletan, partekatzen genuen iruditerian.... Arrakala gero eta handiagoa dela uste dut.

Erabat asebeteta geratu zara azken espedizioarekin?

Zaila da erabat asebeteta geratzea. Etapa eta erronka batzuk bete ahala, beti sortzen dira beste batzuk. Beti daude amets berriak. Uste dut ez garela inoiz guztiz asebeteta geratuko, baina oso pozik egon naiz. Nabaritu da laugarren espedizio osoa izan dela. Irune [de la Maza] beste koordinatzailearekin batera, lasaitasun gehiagorekin bizi izan dut espedizio hau, eta gehiago gozatu dut.

Txalo zaparrada jaso zenuen azken egunean, baita txapel bat ere. Zer sentitu zenuen?

Oso hunkigarria izan zen. Ez zait asko gustatzen protagonista izatea, eta ez dut sentitzen beste inork baino gehiago egin dudanik, baina imajinatzen nuen zerbait egingo zutela. Oso eskertuta nago. Lehenengo aldia da txapela jasotzen dudana, eta gustatu zait. Esker onez jaso dut. Lan asko egin dugu proiektu hau aurrera ateratzeko. Ordu asko izan dira.

Euskarabenturan bizitzako beste edozein alorretan baino gehiago ikasi duzula diozu. Zein izan da ikasketa hori?

Graduko azken urtea albo batera utzi nuen elkartean sartzeko. Euskara eta kultura bateratuko zituen proiektu baten bila nenbilen. Eta iruditu zitzaidan ezin niola ezetz esan Euskarabenturan lan egiteko aukerari. Zerotik hasiko zen proiektu batean sartu nintzen; guztia zegoen egiteko. Orrialde zuri bat zen. Neure buruaren inguruan izugarri ikasi dut: instituzioetan mugitzen, edozein motatako jendearekin harremana egiten, gazteekin, kultur arloan... Alor guzti-guztietan. Oso moldagarria izatea eskatzen duen lana da; izugarri aberasgarria izan da. Gainera, harreman indartsuak egin ditut. Oso pertsona bereziak ezagutu ditut.

Ez al da zoramena existitzen ez zen espedizio baten koordinatzaile izatea onartzea?

Euskarabentura Ruta Quetzalen ideiatik sortu zen. Nik, gaztetan, Ruta Quetzal ikusten nuen telebistan. Niretzat izugarria zen. Euskarabenturak, beraz, nire txikitako ametsa, eta alor profesionalean eta pertsonalean nituen helburuak (euskara eta kultura) bateratuko zituen. Niretzat ideal bat zen, amets bat. Guztiz zoramena izan zen, noski. Amets bat saldu behar izan genuen. Gure sentiberatasuna zutenek gure asmoak ulertu zituzten, eta proiektua bultzatu zuten.

Nola gogoratzen duzu lehenengo aldia?

Aurrera begirako lasterketa bat izan zen. Eskoletan ibili ginen proiektua ezagutarazten. Egun, Euskarabenturaren irudi asko daude sare sozialetan, baina orduan ez geneukan ezer. Kontakizun bat besterik ez, ipuin bat. Izen ematea ixteko eguna igande batean jarri genuen. Ostiral hartan lau eskaera besterik ez genituen. Izututa geunden. Tantaka-tantaka, baina, 135 inguru jaso genituen. Sinistu ezinik geunden. Urte oso gogorra izan zen, baina uste dut bai lantaldeak, bai gazteek maitasun handiz gogoratzen dugula. Hanka sartu genuen mila aldiz, baina denok elkarrekin bilatu genuen espedizioa antolatzeko modurik onena. Urteekin finduz joan gara. Lehen urteko ezjakintasunak eta ausardiak egin zuten espedizioa berezi. Guztiok gindoazen ilusio bati helduta, eta guztion artean egin genuen posible.

Lehenengo espedizioan 135 eskaera inguru jaso zenituzten. Aurten, berriz, 300 eskaeratik gora. Asko igo da.

Pila bat. Nik dilema bat daukat: izugarri pozten naiz izen emate asko ditugunean. Horrek esan nahi du jende asko dagoela prest horrelako esperientzia batean parte hartzeko. Hala ere, gaizki pasatzen dut jendea kanpoan geratzen denean. Gogorra egiten zait ezezkoak ematea.

Zer ematen die Euskarabenturak gazteei?

Espazio seguru bat: linguistikoki, sozialki eta emozionalki. Hori bermatzen saiatzen gara behintzat. Norberak bere bizilekuan baditu joera, behar sozial eta etiketa batzuk. Euskarabenturak aukera ematen du norbere burua beste modu batean esperimentatzeko, bakoitzaren testuingurutik kanpo. Gazte askorentzat askatasun espazio bat da Euskarabentura. Bidaiatzeko, harreman berriak egiteko eta Euskal Herria ezagutzeko aukera ere bada.

Espedizioaren amaieran, gazteen irriek, malkoek eta besarkadek argi erakusten dute espedizioak eragina izan duela haiengan. Zer dakar horrek zuretzat?

Izugarrizko ilusioa eragiten dit. Hunkigarria da hainbeste gazteren bizitzetan eragitea. Gazte batzuk hasieran eszeptikoak izaten dira; eta zenbaitek espedizioa uzteko nahia erakusten dute. Azken egunean, pertsona horiek euren emozioak plazaratzekoan negar batean ikustea niretzat urte osoan egindako lanarengatik jasotako saria da. Era berean, urtez urte gazte batzuek gurekin jarraitu dute. Lantaldearen ehuneko handi bat jzioquitar [partaideen ezinena, Jzioqui dugu glosa zaharrean oinarritua] izandakoa da. Gazte horiek pertsonalki eta izaera aldetik nola hazten diren ikustea izugarria da.

Kanta propioa izan duzu bost urteetan: gazteek «Ane DLP» abestu izan dizute. Keinu polita.

Oso polita. Momentuan izugarrizko lotsa ematen dit, baina, aldi berean, badakit maitasun keinu izugarria dela.

Nola ikusten duzu Euskarabenturaren etorkizuna?

Uste dut urte luzez jarraituko duela. Erronkarik handiena espedizioaren estruktura mantentzea izango da. Hasieratik argi izan genuen ez genuela nahi alde ekonomikoa oztopo izaterik espedizioan parte hartzeko. Ez genuen tasarik kobratu nahi. Hori mantentzea izango da zailena. Gazteei dagokionez, uste dut animatuta daudela. Belaunaldi berriekin espedizioak eboluzioa izango du, baina euskaraz hitz egin nahi duen gazteria elkartzeko espazio izaten jarraituko du.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia