euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

En otros medios

Alain Maia: "Dantzariok iraungitze data dugu, baina luze jarraitu nahi dut" (en Gipuzkoako Hitza)

01/06/2018

Asteburua Valladolid (Espainia) eta Valentzia aldean (Herrialde Katalanak) lanean pasatu ondoren, etxean dira, berriz ere, Kukai dantza konpainiako dantzariak, entseatzen jarraitzeko. Izan ere, datorren igandean etxetik 597 kilometrora eskainiko dute emanaldia, Torrenten, Valentzian. Alain Maiak (Errenteria, 1985) toki bat egin du agendan galdera sortari erantzuteko. Kazetaria da formazioz, eta ondo moldatu da esparru guztietan.

Enlace: Gipuzkoako Hitza

Erik Gartzia Egaña

-2001ean sortu zen Kukai dantza konpainia. Adinez nagusi izateko bidean da, beraz, baina, zuek orduan bezala, adingabea da oraindik. Zer gertatu zen taldean 1985ean jaiotako hainbeste elkartzeko (lau)?

Guztiok 6 urterekin hasi ginen dantzan Ereintza dantza taldean. Kopurua eta maila kontuan hartuta, nahiko talde polita zen gurea. Gaur egun dantza taldeetan eta eskoletan dagoen mutil gabeziarekin alderatuta, talde handia zen gurea, txukuna. Hainbat sari irabazi genituen txapelketetan. Kontua da Jon Maiak, garai hartan gure irakasle zenak, buruan zeukala euskal dantzatik abiatuta zerbait egiteko asmoa. Aurretik ere izan zituen pare bat esperientzia. Sartzea proposatu zigun, nahiz eta ez genekien noraino iritsiko ginen.

-16 urterekin, burmuina pixka bat bigundua zenuten?

Ziurrenik. Baietza eman genion, proposatzen zuena zer zen jakin gabe. Ziur nago berak ere ez zuela uste honaino iritsiko ginenik. Apustua izan zen bere garaian; ziurrenik, ezjakintasunetik eman genuen baiezkoa, eta munstroa handituz joan zen pixkanaka [barrez]… Hementxe jarraitzen dugu 2018an.

-Ez zenuen espero dantza ofizio bilakatzerik orduan?

Kazetaritza ikasketak egin nituen nik, baina Kukaik dena irensten zuen momentu bat iritsi zen: kazetaritza lana, bidaiak, prestaketa… Ez nintzen iristen denera. Emanaldiak eskaintzeaz gain, egunero lan egiteko proposamena jaso genuen. Apustu serioa izan zen, Euskal Herrian ez baita ohikoena dantzatik bizitzea; modu horretan ez, behintzat. Erokeria zen batzuentzat, baina, beste batzuentzat, ez.

-Geroago etorri zen ospea.

Nik neure burua ez daukat ospetsutzat. Duela hamabost urteko gauza berberak egiten ditut orain ere. Herrian ez dut nabaritzen aldaketarik: betidanik ezagutzen dugu elkar. Norbere lanbidea dauka bakoitzak, eta horrek ez dauka eraginik.

Egia da herritik ateratzean gehiago nabaritzen dela; dantzaren munduan, batez ere. Lehen, gauza berbera gertatzen zen Euskal Herrian, dantzaren sektorean, eta gero orokortu egin zen hori. Espainiara ere joaten gara orain, eta jarraipena egiten digute. Aurten emanaldi asko eskaintzen ari gara Espainian, eta antzokiak bete egiten dira beti. Gugana etortzen dira emanaldiaren ondoren, eta jarraipena egiten dutela nabaritzen da. Pozgarria da hori. Lan publiko bat egiten dugu guk, eta, alde horretatik, ospetsuagoak gara, agian. Baina beste edonoren lanaren berdina da nirea.

-Aitorpen asko pilatzen ari zarete, jendea hurbiltzen zaizue… Zer esango luke 16 urteko Alain Maia hark?

Imajinatu ere ez genuen egiten. Pixkanakoa izan da garapena; ez da izan hain bortitza. 16 urterekin ez duzu pentsatzen honaino iritsiko zarenik. Baina eskailerako mailak igotzen hasten zara, eta… Sariei buruz galdetzen digutenean, publizitatea dela esaten dugu guk; emanaldiak eskaintzen jarraitzea esan nahi du horrek guretzat, gustatzen zaiguna egiten jarraitzea. Horrek emango digu aukera aurrera egiteko. Sariek laguntzen dute horretan, baina jendeak guk egiten dugunarekin disfrutatzea da gure eguneroko saria.

-Errenterian nabaritzen al da sona hori? Iazko Atlantikaldian lepo bete zenuten plaza.

Bai, bai. Guretzat beti izaten dira bereziak herriko emanaldiak. Harrera ona izan dugu, edo hori pentsatu nahi dut, behintzat [barrez]. Jende asko zegoen Atlantikaldian; Oskara lana ere bi aldiz eskaini dugu, eta bietan bete egin da herriko plaza; Topa ikuskizuna ere eskaini genuen, eta jendetza bildu zen orduan ere… Oso pozgarria da hori. Kalean zoriondu egiten gaitu jendeak, eta oso pozgarria da hori; ez dut ukatuko.

-Errenteria beti egon izan da arte eszenikoei lotuta. Ez da kasualitatea izango Kukairen gisako talde bat bertan sortzea, ezta?

Herri hau oso dantzazalea izan da betidanik. Hor daude datuak. Herri guztietan daude dantza taldeak eta eskolak, baina Euskal Herrian oso leku gutxitan egongo dira hemengo datuak eta maila. 60 urte bete ditu Ereintza dantza taldeak, eta beti egon izan dira dantzari asko eta oso onak. Lan handia egiten dute herrian, ekitaldiak antolatuz eta euskal kultura edozein tokitara hedatuz. Antzeko zerbait gertatzen da dantza eskolan ere. Ereintzak kudeatzen zuen lehen, eta Errenteria Musikalek orain [udalaren musika eta dantza eskola]. Oraingo zifrak ez dakit zein diren, baina 300 bat ume biltzen ziren garai batean.

Iraultza dantza taldea ere hor dago. Gehiago lantzen dituzte jantziak-eta, eta museoa ere ireki dute. Herrian jende asko biltzen da muxikoekin eta antzekoekin. Ez da kasualitatea: nonbaitetik etorri gara gu ere. Denon artean sartu dugu Errenteria dantzaren mapan. Herri honek badu izena dantzaren munduan.

-Zure anaia da Kukairen sustatzailea, Jon Maia. Zer moduz barneratzen da hori?

Egia da anaia dela, baina taldeko beste edozeinekin izan dezakeen tratua dauka nirekin. Lana eta kalea ezberdintzea gustatzen zait niri. Dantzan ari garenean, niretzat bat gehiago da bera, eta antzekoa gertatzen zaio berari. Oso harreman ona eduki izan dugu beti. Askotan galdetzen ziguten ea zer moduzko harremana genuen anaien artean, eta oso ondo moldatzen gara: anaiak, lankideak eta lagunak gara.

-Ikuskizun dezente dauzkazue, eta berritzen ari zarete etengabe. Esaterako, duela gutxi estreinatu duzue Erritu lana.

Sharon Fridmanekin elkarlanean sortu dugu Erritu ikuskizuna. Done Mikel Aralarkoan estreinatzekoa zen, apirilaren bukaeran, baina Altsasun eskaini behar izan genuen, eguraldi txarragatik; primeran atera zen. Korrika eta presaka ibili ginen azken momentuko leku aldaketarekin, baina oso harrera ona izan zuen.

Joan den asteburuan, berriz, Valladoliden izan ginen. Kaleko ikuskizun berritzaileenaren saria eman ziguten. Geure burbuilan sartuta aritzen gara ikuskizuna prestatzen, eta ez dugu jakiten jendeak nola jasoko duen. Ezinezkoa da zein ibilbide izango duen jakitea, baina bide luze eta oparoa izango duela dirudi. Pozik gaude sariarekin. Aretoko lana prestatzen hasiko gara orain, udan. Baditugu emanaldi batzuk: lehendabizi, hiriburuetan; eta, ondoren, herriz herri.

Esperientzia polita izan da Fridmanekin lanean aritzea. Gauza berriren bat ekartzen du koreografo bakoitzak, eta dantzari batentzat oso onuragarria da hori. Bere estiloa, bere ideiak dauzka bakoitzak, eta oso aberasgarria da hori. Ikusle bezala ere, oso interesgarria iruditzen zait hori. Fridmanen kasuan, sona handia dauka dantzaren munduan, eta plazer handia da berekin lan egitea. Aberasteko eta dantzari gisa hazteko aukera eman digu, eta pribilegioa da. Contact estilo oso markatua dauka: gorputz bat edo gehiago elkarri itsatsita dantzatzen dira.

-Orain Erritu, gero Gelajauziak, ondoren Topa… Nola kudeatzen da ikuskizun zurrunbilo hori?

Oskara-rekin aritu gara urte osoan. Udako ikuskizunak elkartu zaizkigu orain, Gelajauziak eta Topa, gehienbat. Askotan ez gara konturatu ere egiten, eta ez dugu izaten entseatzeko denborarik ere. Ikuskizun asko ditugu zorionez, eta nahi gabe ere ateratzen zaizkigu urratsak. Kontzentrazio handiagoa eta lan gehiago eskatzen du hasieran; hori gertatu zaigu Erritu-rekin. Emanaldi asko eskaini ditugu Gelajauziak eta Oskara lanekin, eta nahiko erraz egiten dugu hori. Horrelakoetan, konturatu gabe egiten ditugu pausoak, eta atseden txikietan zeure buruari esaten diozu: “Nola ibili garen!”. Estutasun pixka bat sentitzen da egutegiari begiratu eta beteta dagoela ikustean, baina, tira, ez gara kexatuko.

-Asko bidaiatzeko aukera izaten duzue lanari esker…

Oso interesgarriak dira bidaiak. Aurten, adibidez, oso esperientzia berezia izan dugu Etiopian. Hego Amerikara eta Europara egin izan ditugu azken bidaiak, eta beti da aberasgarria jende, toki eta kultura berriak ezagutzea. Izugarria izan zen Etiopiakoa. Beste mundu bat da Afrika; benetako garrantzia zerk duen konturatzen zara han. Mila txorakeriarekin kezkatzen gara hemen, eta eurak edozerekin konforme daudela ikusten duzu han. Irribarrea ahoan dutela, ez dute ezer askorik behar izaten dantzan hasteko. Inoiz egin dudan bidaiarik interesgarriena izan da Etiopiakoa, gehien pentsarazi didana.

-Zer egin zenuten bidaia horretan?

Antzokietan eskaini genituen saioak, Addis Abeban. Ez dira emanaldiak bakarrik, epe luzerako proiektua da. Lanean jarraitzen dute oraindik. Konpainia bat sortu zuten hango bi dantzarik. Bi ume ziren: batek musuzapiak saltzen zituen errepidean, eta zapatak garbitzen zituen besteak. Ingeles batzuk joan ziren hara, eta bi haur horiei dantza ikasketak ordaindu zizkieten. Ikasketak egin zituzten, eta eurek izan zuten aukera hori bera eskaini nahi zieten beste batzuei. Destino Dance Company sortu zuten, eta proiektu horrekin ari dira lanean. Hango dantza tradizionalak erabiltzen dituzte sorkuntza garaikideak egiteko. Europan barrena dabiltza orain, eta guregana ere etorriko dira.

Miragarria izan zen haien giza aberastasuna bertatik bertara ikustea. Oso polita izan zen tribu edo etnia ezberdinetako dantzariak hiriburuan elkartu zirenekoa. Bere dantza estiloa dauka bakoitzak, eta oso-oso ezberdinak dira fisikoki: beltz-beltzak dira batzuk; beste batzuk, argiagoak; besteak, arabiar itxura gehiagokoak… Beste mundu bat zen hura. Izugarrizko hotela geneukan guk, baina egun batzuetan iturria ireki behar izaten genuen urik bazegoen edo ez jakiteko. Guretzako hain sinpleak diren hainbat gauza hain pentsaezinak dira han… Izugarrizko esperientzia izan zen Etiopiakoa.

-Ba al zekiten nongoak zineten?

Askok ez dakite Euskal Herria zer den ere. Beraz, bertakoek dantza konpainia baten gisan egiten ziguten harrera, suediarrak-edo izango bagina bezala. Herrialde hartan ez daukate hemen daukagun aurreiritzirik. Une batean, dantzan ari ginela hanka altxatu, adibidez, eta eurek ez dakite euskal dantzaren urrats bat dela. Oso harrera ona izan zuen gure emanaldiak.

-Kazetaritza munduko lanari helduta, BERRIAn aritu zinen lanean, Oarso Bidasoko Hitza-n ere bai… Nola gogoratzen duzu lubakiaren beste aldean zineneko garaia?

Ondo. Oso pozik aritu nintzen lanean. Gaur-gaurkoz, pentsaezina zait kazetaritza lanera bueltatzea, baina noizbait bueltatu beharko dut, agian. Nork daki. Oso ondo pasatu nuen BERRIAn, Oarso Bidasoko Hitza-n eta EITBn lanean aritu nintzenean. Kirol sailean aritu nintzen EITBn, eta oso kirolzalea naiz ni; gustura egoten nintzen Xabier Usabiagarekin eta. Oarso Bidasoko Hitza-n, berriz, asko gustatzen zitzaidan herriko ekintzak eta gertutasuna lantzea. Oso oroitzapen onak ditut.

-Itzul zaitezkeela esan duzu, baina bizitza erdia baino gehiago daramazu Kukain…

Zumaiako ikasleek galdetu zidaten ea zenbat denbora neraman dantzan. Ordura arte neure buruari galdetu gabea nintzen, eta 26 urte ziren… Harritu egin ninduen.

Egia da dantzariok iraungitze data daukagula, baina luze jarraitzeko asmoa daukat. Gorputzak errespetatzen nauen bitartean, jarraitu egingo dut. Goi mailan ibiltzeko gai ez naizenean ere, modu batera edo bestera jarraitzeko asmoa daukat. Dantzari lotuta hazi naiz pertsona gisa.



« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia