Alex Uriarte Atxikallende. Sasoi itxaropentsua da Ekuatore Gineako euskal komunitatearentzat. Afrika osoko lehen euskal gunea sortu dute, Malabo hiriburuan: Bat Eginez euskal etxea.
Sortu ez ezik, lehen talde jarduera ere egin dute jada, eta «oso arrakastatsua» izan da, Ismael Larrañaga elkarteko lehendakariaren hitzetan. Urriaren 16an, Topagune Gastronomikoa izenpean, euskal etxeak hamabost bat lagun bildu zituen mahai baten inguruan.
Elkarretaratzearen helburua «Euskal Herriko gastronomia aitzakia gisa hartuta, anaitze ariketa bat egitea» izan zen, Larrañagaren aburuz: «Txistorra pintxo, kroketa eta patata tortilla artean, elkarren arteko lehen lokarriak finkatzeko parada bikaina izan genuen».
Euskal etxea sortzeko ideia 2018ko irailean bururatu zitzaion bertan bizi den euskal herritar talde bati. Haiekin batera, jatorri euskalduneko zenbait ekuatoreginear eta garai batez Euskal Herrian bizitako beste horrenbeste ekuatoreginear batu ziren proiektura. Horrelaxe errotu da Ekuatore Gineako euskal diaspora taldea.
Larrañagak azaldutakoaren arabera, proiektu horren barruan edonork har dezake parte: «Ekuatore Ginean bizi diren euskal herritar denentzako elkargunea da, baina euskal herritarron lagun guzti-guztiak gonbidatuta daude».
«Bilgune eta egoitza lanak» betetzeaz gain, proiektuak baditu zenbait xede garapenerako: «Ekuatore Gineako iritzi publikoaren aurrean, euskal identitatea ezagutarazi nahi dugu», Larrañagaren esanetan. Halaber, jarduera sozialez eta kulturalez osatutako egitarauak ere antolatu nahi dituzte.
Kudeaketa taldearen funtsa
Argi dute zer bideri heldu behar dioten: «Beharrezkoa dugu hala Ekuatore Gineako nola Euskal Herriko eragileekin hartu-emanak sustatzea». Beharrizan horiei guztiei heltzeko, euskal etxearen kudeaketa taldea sortu dute.
Egun, hogei lagunetik gora ari dira proiektuan aktiboki lanean, eta espero dute kopuruak «pixkanaka-pixkanaka gora egitea». Bide horretan, kudeaketa taldea bazkideak erakartzeko programa bat lantzen ari da, «pareko beste antolatzaile batzuekin jarduerak sortzeko eta elkarlanean aritzeko».
Izan ere, Malaboko Bat Eginez euskal etxea irekia dago interesa duen pertsona orori. Bazkideek, baina, aurrena erakundearen oinarriak, baloreak, ezagutu behar dituzte: «Euskal nortasunarekiko kontzientziazioa izatea eta elkarteko erabakiak modu libre nahiz demokratikoan hartzen direla ulertzea, besterik ez dugu eskatzen», argitu du Larrañagak.
Tapia, Etxegarai, Elgorriaga, Larrainzar, Larrañaga, Gabilondo... Ekuatore Ginean, asko dira euskal jatorria duten abizenak. Ondorioz, kudeaketa taldeak hainbatetan egin du topo haien historia, ondarea, kultura eta identitatearekin berriz elkartu nahi duten jatorri euskalduneko biztanle ginearrekin. Era berean, «asko eta asko» dira, hainbat arrazoi tarteko, Euskal Herrian denbora batez bizitakoak; gainera, «horietako batzuek euskaraz ederto dakite», dio Larrañagak. Euskal etxea, hortaz, «horientzako guztientzako nolabaiteko aterpea da».
Euskal etxea sortzerakoan, Malabo aukeratu izana ere ez da kasualitatea: «Ekuatore Gineako hiriburua da, baina, batez ere, bertan bizi dira herrialdeko euskaldun gehienak». Dena dela, hiriburua uharte batean bioko— kokatuta egoteak hurrengo urratsari so jarri ditu: «Epe ertainera, herrialdearen alde kontinentalera salto egitea aurreikusten dugu, gainerako hiri esanguratsuetan ere presentzia izateko».
Lantaldeak hainbat jarduera modu erregularrean egiteko asmoa du; besteak beste, aurreikusita dauzkate hileroko poteoak, asteburuetako irteerak, herri afariak, Aberri Eguna eta Olentzeroren etorrera.
Arlo administratiboari dagokionez, «legeztatzeko bidean» daude. Proiektua Gineako Gobernuko Barne Ministerioari aurkeztu diote. «Tramite horren ostean, Eusko Jaurlaritzarekin hasiko gara lanean», azaldu du Larrañagak.
Aurrera begira, Munduko Euskal Etxeen Sarean sartzeko asmoa dute, Malabokoa «ofizialki afrikar kontinenteko lehen euskal gunea bihurtu dadin».