Kantatzeko ohitura, euskal kantagintza eta kantuaren balioa indartu nahi ditu Zaldibiako herriak. Helburu irrikatsuko ekimen bat sortu dute horretarako: Izan Kantuz erronka. 26 orduz, isildu ere egin gabe, herritarrek elkarri txanda emanez, kantatzen aritzea da xedea. Azaroaren 10-11n garatuko da, Zaldibiako Herri Antzokian; ostiralean eman zuten berri hainbat zaldibiarrek, zubi zaharrean.
Kantuaren funtzioa gogoratu dute lehenik: albisteak emateko, gertaerak kontatzeko, maitasun agerpen modura, sentimenduen transmititzaile, ospatzeko edo deitoratzeko balio du. «Kantua gure izatearen parte da, baita gure hizkuntzaren eta kulturaren parte ere», azaldu du Izan Kantuzeko Eider Jauregik.
Abeslari ugariren babesa
Bestetik, transmisio-kate sozial izateko dituen dohainak berpiztu nahi dizkiote kantuari: «Gazteak eta ez hain gazteak lotzen gaitu, emakumeak eta gizonak, munduaren alde batekoak eta bestekoak. Kultura baten eta hizkuntza baten transmisio-bide ere izan daiteke, herri gisa, belaunaldi artean».
Karaoke formatuan, letra aurrean dela, kantatuko dute herritarrek. Streaming bidez zabalduko dute ekitaldi osoa Interneten.
Hainbat kantari gonbidatu dituzte Izan Kantuzera, eta Zaldibian izango dira: Zuriñe Hidalgo, Xabier Saldias, Porrotx, Mikel Markez, Abarlotz, Naroa Gainza, Asier Gozategi…
Erronka, behin Zaldibian hasitakoan, beste herri bati pasatzeko asmoa dute. Santi Ormaetxea zaldibiarrak zurezko ikurra egin du, lekuko gisa.