Hainbestetarainokoa izan da joate hori, non euskal ondoko jende gehiago baden orain Argentinan ; Lapurdi, Baxe-Nafarroan eta Zuberoan baino. Jakin gabean ere, kasik denek baditugu jendakiak han. Miatzen hasten garenean, ohartzen gara, Argentinan dugun familia hemengoa baino zabalagoa dela, eta anitz kusi argentinar baditugula. Iparraldean bada elkarte bat : Euskal-Argentina deitua, laguntzen ahal gaituenak horiekin berriz harremanetan jartzen. Urte guztiz, bidaia bat antolatu ohi du Argentinara, urri hondarretik azaroraino, han Euskal Astea den garaian.
Jende famatu batzuk
Emigrante horietarik batzuk famatuak izan dira, ez bakarrik Ameriketan, baizik eta mundu osoan. Aipa ditzagun : Juan Perón Lehendakaria (1895-1974), azken ikerketen arabera Baigorriko Ibarrean badituenak erroak ; baita, bere bigarren emaztea : Eva Duarte (1919-1952), Evita Perón deitua, Iparraldeko arbasoak dituenak. Ignacio Cloppetek agertu du Buenos Airesen, 2010ean : Los origenes de Juan Perón y Eva Duarte (Editorial Alfar) frantsesera itzulia izanen dena. Atahualpa Yupanqui (1908-1992) kantari ezagunak, bere ama euskaldunari abesti bat egin zion : A mi madre vasca.
Nola ez izenda Ernesto Guevara (1928-1976) “El Che”, nahiz eta iduriz, ez dioten ikerketa genealogikorik egin orain arte. Bere deklarazionen arabera, bost axola zitzaion euskaldun jatorrikoa zen edo ez frogatzea, internazionalista zelako. Guevara, familia noble bat izan zen, Nafarroan errotua 10. mendetik, adarrak zituenak Gipuzkoan eta Araban. Interesgarri liteke jakitea Che Guevara horien ondoko bat den edo ez. Paco Ignacio Taibo II.k idatzi du Cheren biografia hoberena : Ernesto Guevara, también conocido como el Che (Editorial Planeta, España, 1996). Euskaldun jatorriko beste argentinar franko badira politikan, ekonomian, medikuntzan edo arteetan ezagunak direnak. Sobera luze liteke denen aipatzea hemen, testuan zehar batzuen izenak agertuko dira.
Euskal arrastoak
Bistan da emigranteek beraiekin eraman zituztela Euskal Herriko ohidurak, baita arrastoak utzi dituztela argentinar bizimolde eta kulturan. Gautxoek, behiak edo ardiak zaintzen dituztenak zaldiz : buruan boneta, lepoko bat eta xahakoa erabiltzen dituzte oraindik. Euskaldunen “hitza-hitz” : “palabra de vasco” deitzen dute han espainolez ; gure arbasoentzat, eman hitza sakratua baitzen.. Nola ez aipa paiadoreak, gure bertsolariak bezala inprobisatzen dutenak, baina gazteleraz eta gitarra baten laguntzarekin.
Euskara baizik ez zakiten emigranteek, aski fite galdu zuten mintzaira, herrian integratuz bezala. 1883an, Buenos Airesen Francisco Jaureguik atera zuen : “Gramera Berria ikasteko Euskaldunec mintzatzen espainoles. Orain, argentinar batzuk berriz eskuratzen ari dute arbasoen hizkuntza. Aldiz, pilota eta dantzak errazkiago atxiki dituzte, anitz hiritan sortu zituzten Euskal Etxeei esker. Deiturak gelditu dira ere, nahiz eta aldakuntza franko jasan dituzten espainolaren eraginez. Batzuek leku edo karrika bati eman diote beren izena. Horiek dira agertzen direnak Buenos Aireseko planoan edo Argentinako kartan.
Buenos Aireseko karrika izenak
Buenos Airesen 2078 pasaia, kale eta etorbide izen kontatu ditut. Behin baino gehiagotan agertzen ahal da kasik izen bera, bakoitza delarik karrika desberdin batena. Horietarik abantzu 200nek euskal jatorria dute. Gehienak deiturak dira. Gogoan atxiki dezagun gure deituren jatorria, etxe izenetan dela. Alfabetoaren arabera agertuko ditut, planoko zerrendetan idatziak diren bezala., bakoitzaren ondotik kakotx bat ezarriz. Parentesi artean eta behar denean, Euskaltzaindiko grafia ofiziala ezarri dut (Nomenclátor de apellidos vascos. Euskal deituren izendegia, 1998). Batzuetan, ohar bat, baita azalpen historiko edo geografiko bat agertuko da. Aldiz ez dut izen horien azalpen etimologikorik emanen, lan hau deia egina baitut Herrian 1998-9an, eta argitaratua Baionan : Euskal deituren kronikak deitu liburuan, Gatuzain editorea, 2000. Ala beharrez, Euskal Herriko onomastikako azken ikerketak kontsultatzen ahal dira. Ez gehiegi fidatu Argentinan agertu direnekin edo bertako liburuetan eman itzulpenekin, anitz huts baitira.
A : Acassuso (Akasuso), Acha (Atxa), Achavala (Atxabala), Achával*, Achával Rodriguez, Achega (Atxega), Agote Luis, Agote Pedro, Aguaribay (Agaribai), Aguirre (Agirre), Aguirre Julián, Aizpurúa (Aizpurua), Alberdi, Alberti (Alberdi), Alcorta (Alkorta), Allende, Altolaguirre (Altolagirre), Alzaga, Amenábar (Amenabar), Anchorena (Antxorena), Andoaegui (Andoaegi), Antezana, Aranguren, Aráoz (Araoz), Aráoz Alfaro, Aráoz de Lamadrid, Arbeletche (Arbeletxe), Arcamendia (Arkamendia), Arce (Artze), Arguibel (Argibel), Arismendi (Arizmendi), Arolas (Arolaz), Arregui (Arregi), Arriola, Arrotea, Askasubi (Askazubi), Azcuénaga (Azkuenaga), Azurduy (Azurdui). 38 izen.
A letrak osatzen du zerrenda luzeena. Ondotik heldu diren guziak laburragoak dira.
*Espainol azentu toniko idatzia, euskaraz ez dena baliatzen.
B : Baigorri, Baigorria, Baragaña (Baragaina), Basavilbaso (Basabilbaso), Basualdo, Bazurco (Basurko), Bedoya (Bedoia), Beláustegui (Belauztegi), Berna, Bernal, Bernalde, Berro, Biarritz, Bidegain Pedro, Bilbao, Bordabehere, Bolivar* (Bolibar), Bolivia* (Bolibia). 18 izen.
*Simon Bolivar (1783-1830) “Ameriketako Askatzailea” deitzen zuten eta Bolibiako estaduari eman dio izena. Bolivar familiaren jatorria, Bizkaiko Bolibar herrixkan dago eta bertan Simon Bolivarren erakustoki bat egina dute.
C : Chorroarín (Txorroarin), Chutro (Xotro ?), Cortázar* (Kortazar), Cortejarena (Kortexarena). 4 izen.
*Julio Cortázar, 20. mendeko idazle argentinar ezaguna (1914-1984).
D : Daguerre* (d’Agerre), Daract (d’Arast ?), Darragueyra (d’Arrageira), Del Valle Ibarlucea (Ibarluzea), Derqui (d’Ergi), Duarte (d’Uharte). 6 izen.
*Orain badakigu euskal deiturak etxe izena direla. Bokal batekin hasten direnei, maiz “D” ezarria izan zaie aitzinean frantses estadu zibilean. Hori da adierazteko Agerrea etxekoa zela. Ondorioz, Agerreko Maria bilakatzen zen : Marie D’Aguerre eta azkenik Daguerre.
E : Echagüe (Etxague)* Carlos, Echagüe Pedro, Echauri (Etxauri), Echeandia (Etxeandia), Echenagucía (Etxenagusia), Echevarria (Etxebarria), Echeverria (Etxeberria), Eguía Manuel, Eguía Oswaldo, Elcano (Elkano), Elizalde, Ercilla (Ertzilla), Erézcano (Erezkano), Esnaola,
Esparza, Esquiú (Eskiul ?), Ezcurra (Ezkurra), Ezeiza. 18 izen.
*7 izen “Etxe” hitzarekin hasten direnak, baina “Echa” edo “Eche” idatziak, lehengo grafiaren arabera, eta “t”rik gabe espainol ahoskeraren eraginez.
F : Figueroa Alcorta (Alkorta), Fraga Sarandí (Sarandi)*. 2 izen.
*Hemen bi deitura bikoitz ditugu, Espainiako ohidura segituz, sortzean haurrek aitarena eta ondotik amarena ukaiten dutelako. Bigarrena baizik ez da euskalduna bi kasuetan.
G : Gaina Martin de, Gamboa (Ganboa), Gara Juan de, Garmendia, Garre, Giuri, Gori y Cruz, Gorostiaga, Gorriti Juana, Goya (Goia)*, Güenes, Güenes Macacha (Makatza), Guerrico (Gerriko) Intendente, Guerrico Martin, Guevara (Gevara), Guevara Trinidad, Guipuzcoa (Gipuzkoa), Guruchaga (Gurutxaga). 18 izen.
*Goia etxe izen eta deitura euskalduna, Francisco Goya (1746-1828) espaniol pintoreak mundu osoan ezagutarazi du euskal izen hori.
I : Ibarbourou (Ibarburu) Juana de, Ibarola (Ibarrola), Irala, Iraola, Irigoyen* (Irigoien), Irigoyen Bernardo de, Irigoyen Santos, Iturri, Ituzaingó (Ituzaingo). 9 izen.
*Euskal grafian « y » letra kendua izan da.
J : Jauretche (Jauretxe). izen 1 .
L : Lacarra (Lakarra), Laguna, Larralde, Larrañaga, Larraya (Larraia), Larzábal, Larrea, Lascano (Lazkano)*, Lausana, Leguizamón (Legizamon) Honorio, Leguizamón Martiniano, Leguizamón Onésimo, Leiva (Leiba), Lezica (Lezika), Loyola (Loiola)*, Luzuriaga. 16 izen.
*Lazkano eta Loiola : Gipuzkoako herri izenak, baita etxe izenak eta ondorioz deiturak dira.
M : Machain (Matxain), Madariaga, Malabia, Malharro, Marcoartú (Markoartu), Martinez Zuviría (Zubiria), Maturana, Mocoreta (Mokoreta), Molina Arrotea, Muiño (Muño), Mujica (Muxika) Jose Pío, Mujica Padre Carlos, Muñiz, Murguiondo (Murgiondo). 14 izen.
M letran aurkitzen ditugu ere Euskal Herriari doazkion bi izen, nahiz espainol itxura izan : Miqueletes eta Miñones. Hauek ziren Gipuzkoako eta Bizkaiko milizianoak. Baita bitxikeri bat : Mburucuyá, iduriz afrikar deitura bat dena, baina agian euskal izengoiti bat dena :
M + buru + kuia !
N : Necoechea (Nekoetxea). izen 1.
Argentinako hiri handi baten izena Atlantiko Bazterrean kokatzen dena, osatua izaten ahal dena bi zatiz : (E)neko + etxea.
O : Ochoa (Otsoa), Olascoaga (Olazkoaga), Olavarría (Olabarria), Olavarrieta (Olabarrieta), Olaya (Olaia), Olazábal (Olazabal), Orma, Oroño, Ortiz, Ortiz de Zarate. 10 izen.
P : Pagola. Perón, Eva Duarte*. 2 izen.
* Eva Duarte, Juan Domingo Perón Jeneralaren bigarren emaztea, biziki famatua eta maitatua izan dena bere senarra Argentinako buru izan delarik. Duarte = d’Uharte (uren artean den etxekoa).
R : Rivera Indarte. izen 1. Bigarrena da euskalduna.
S : Saráchaga (Saratxaga), Sarandi, Saravía (Sarabia), Saraza, Segurola, Solórzano Pereyra de*.6 izen.
*de Solorzano euskalduna da, Pereyra ez.
U : Udaondo, Ugarte, Ugarteche (Ugartetxe), Urdaneta, Urdininea, Uriarte, Uriburu, Uriburu Napoleón, Uriburu Presidente Jose F.*, Urien, Urquiza General, Urtubey (Urtubi) Clodomio.
12 izen.
* Jose Felix Uriburu (Salta 1868-Parise 1932) : militarra, Hipolito Yrigoyen Presidentearen kontrako estadu golpean parte hartu zuena eta Argentinako buru egon zena 1930etik, 1932ra.
V : Verdaguer (Berdager), Virasoro (Birasoro), Virasoro Valentin, Virrey* Olaguer (Olager) y Feliú, Virrey* Vértiz (Bertiz). 5 izen.
*Zerrenda honetan bi “virrey” agertzen dira, horiek ziren Espainiako erregearen izenean koloniak gobernatzen zituztenak, independentzia lortu zuteneraino.
Y : Yrigoyen (Irigoien) Hipólito*, Yrupé (Irupe), Yrurtia (Irurtia). 3 izen.
* Hipólito Yrigoyen (Buenos Aires 1852-1933) : Argentinako Lehendakaria 1916tik 1922ra, berriz hautatua 1928an. Jose Felix Uriburu jeneralak kargutik kendu zuen eta bere ordez gobernatu bi urtez. H. Yrigoyenen arbasoak Iparraldekoak ziren. 2012an Philippe Irigoyenek pertsonai horren genealogia argitaratu du : Hipolito Yrigoyen. Un Président Basque.
Z : Zabala, Zaldivar* (Zaldibar), Zañartu, Zapala, Zapiola, Zárate (Zarate), Zárraga (Zarraga), Zavaleta (Zabaleta), Zavalía (Zabalia), Zelaya (Zelaia), Zolá (Sola), Zuviría (Zubiria).
12 izen.
*Euskal « b »,« v » bilakatzen ahal da gazteleraren eraginez.
Argentinako leku izenak
Argentinar autore batzuek deia aipatua dute gai hau, euskal emigrazioari buruzko liburuetan. Adibidez, Alberto Sarramonek : Los abuelos vascos en el Río de la Plata (editorial Biblos Azul, Argentina, 1995) nire zerrenda baino luzeago bat agertzen du. Alde batetik, bertakoek guk baino hobeki ezagutzen duelako Argentinako mikro-toponimia ; bestetik, euskaldunak ez diren izenak sartzen dituztelako. 1/4000000 eskala duen karta batekin lan egin dut eta 50 bat euskal jatorriko toponimo (leku izen) aurkitu ditut. Batzuk baserriak, estanciak (Ea.) dira, edo coloniak (Col.), herrixkak edo hiriak, baita uharteak (Isla) edo aireportuak (Aeropuerto). Orden geografiko bat hautatu dut : abiatu naiz Hegoaldetik, beraz Patagoniatik, Iparralderaino : Paraguayko mugaraino. Hemen ere argentinar ortografia atxiki dut eta ala beharrez, euskal grafia ofiziala, baita azalpen bat edo beste ezarri ditut. Buenos Aireseko izenei buruzko oharrek balio dute kapitulu honentzat ere.
Patagonian, Suzko Lurretik (Tierra de Fuego) Valdeseko Penintsularaino :
-Ea. Maria Behety (Beheti)*,
-Col. Aristizábal (Ariztizabal),
-Isla Arce (Artze),
-Garayalde (Garaialde),
-Uzcudún (Uzkudun),
- Ea. Mengolarra.
*Euskal etorkia zuen emazte baten izena du baserri horrek.
Valdeseko Penintsulako iparretik, Bahía Blanca hiriraino :
-Igarzábal (Igarzabal),
-Pedro Luro*,
-Col. Julia y Echarren (Etxarren),
-Juan de Garay (Garai),
-Anzoategui (Antzoategi), 2 herri izen berekoak.
*Lurotarren jatorria Baxe-Nafarroan da, Guillaume Luroren (1831-1910) alargunak (Gracianne Eliçagaray), Garaziko Luro Fundazioa eraikiarazi zuen.
Pampa Hezean (Pampa Hùmeda), Bahia Blancako iparretik, Mar de Plata hiriraino :
-Necoechea (Nekoetxea) Atlantiko bazterreko hiri handi bat,
-Barnekaldean aurkitzen dugu Darregueira (d’Arregeira), Goyena (Goiena), Saldungaray (Zaldungarai), Olavarria (Olabarria), Recalde (Rekalde), Urdampilleta (Urdanpilleta), S. Carlos de Bolivar (Bolibar), Uriburu, Chillar (Txillar), Ch. Salazar (Salazahar)*.
*Salazar nahiz eta portuges deitura bezala ezagutua izan, ez da dudarik euskal jatorri bat duela : Sala+zar (zaharren kontrakzioa)), bere idurikoa delarik : Salaberri.
Pampa Idorrean (Pampa Seca) :
-Chacharamendi (Txatxarramendi)*
-Olivarria (Olibarria),
-Anchorena (Antxorena),
-Martin de Loyola (Loiola).
*Txatxarramendi : Urdaibai Biosferako Parkean aurkitzen den toponimo bat da ere, Bizkaiko Kostaldean, Sukarrieta.
Buenos Aireseko probintziatik Paraguayko mugaraino :
-Berazátegui (Berazategi) Ozeano bazterrean,
-Aeropuerto Internacional Ezeiza (Buenos Aires Capital),
-Gdor. (Gobernador) Ugarte, Inés Indart, Zavalla (Zabala), Arocena (Arozena), Cnl. (Colonel) Baigorria*, Berrotarán (Berrotaran), Ugarteche (Ugartetxe), Zonda Aberastain, Landeta, Laspiur, Amamá, Ibarreta, Col. Madariaga, Chavarría, Goya (Goia), Perugorria, Bern de Irigoyen (Irigoien), Mocoreta (Mokorreta), Nva (Nueva=Berria) Vizcaya (Bizkaia), Pueblo (=Herria) Arrúa (Arrua), Galarza, Urdinarrain.
*Manuel Baigorria kolonelak, 19. mendeko Argentinako gerletan parte hartu zuen eta bere oroitzapenak idatzi zituen. 1975ean argitaratuak izan dira : Memorias, Editorial Solar-Hachette, Buenos Aires. Argentinan izan den lagun batek ekarri zidan opariz liburu hori.
Amerika osoan
Ipar Ameriketan, euskal toponimoak atzemanen ditugu, euskaldun arrantzaleak lurreratzen ziren guneetan. Iduriz hori gertatu zen 15. mendea baino lehen, espainolek, ingelesek edo frantsesek “Mundu Berria” “aurkitu” aurretik. Ez dugu ahantzi behar, indioak han zirela europarrak jin aitzin beren lurren hartzera. Gero kolonizatzaileekin batera euskaldunak ere Amerika osoan zabaldu ziren. Horren ondorioz, Amerika guzian Atlantikotik Pazifikoraino, hasita Ternoatik iparrean, pasatuz Karibetako uharteetatik, eta Patagoniaraino hegoaldean, euskal leku izenak, baita deiturak aurkitzen ahal ditugu.
Internet Guneak
§Euskal-Argentina Elkartea : euskal.argentina.wanadou.fr
§Guillaume Apheçaren emigranteen zerrendak : eke.org.fr. (Apheza).
BIBLIOGRAFIA
Euskal emigranteak :
§Gramera Berria ikasteko Euskaldunec mintzatzen espainoles ; ó sea Nueva Gramática para enseñar a los bascos a hablar español. D. Francisco Jauregui de San Juan. Buenos Aires. 1883.
§Les cousins basques d’Amérique. Alberto Sarramone. France. 1997.
§Los abuelos vascos que vinieron de Francia. Alberto Saramone. Editorial Biblos Azul. Argentina. 2000.
§Ernesto Guevara, también conocido como el Che. Paco Ignacio Taibo II. Editorial Planeta. España. 1996.
§Hipolito Yrigoyen. Un Président Basque. Philippe Irigoyen. France. 2012.
§Los origenes de Juan Perón y Eva Duarte. Ignacio Maria Cloppet. Editorial Alfar. Buenos Aires. 2010.
§Memorias. Manuel Baigorria. Editorial Solar-Hachette. Buenos Aires. 1975.
Euskal onomastika :
§Euskal Deituren Hiztegia. Philippe Oyhamburu. Editions Hitzak. Pays Basque. 1991.
§Euskal deituren kronikak. Marikita Tambourin. Edition Gatuzain. Bayonne. 2000.
§Nomenclátor de apellidos vascos. Euskal deituren izendegia. Ministerio de Justicia. Comisión de Onomástica de la Real Academia de la Lengua Vasca. Imprenta Nacional del Boletín Oficial del Estado. España. 1998.