euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Blogs > Lagun eta zerbitzari

Ikusten, ikasten, Ipar Ameriketako euskaldunak ezagutzen

07/05/2015

Antton Egiguren dut izena eta euskaldunen apez edo abade etorria naiz Boise, Idahora. Duela bospasei hilabete ailegatu nintzen Idahoko hiriburura, atzean utzirik gogoko nituen hainbat jende, herrialde, lan eta gauza. Hemen baliagarria izan nintekeelakoan. Eta hemengo jende eta paraje artean nabil, ohitzen.

Denbora labur honetan autoari gurpilak (errobera edo errotak) dexente dantzatu arazi dizkiot. Bigarren aldiz olioa aldatu diodala ikusiz, sei mila milatik gora egin dizkiodan seinale, hamat bat mila kilometro pasatxo. Eta gehiago egiten ari. Esan bezala, hemengo mundura ohitzen, handia baita hemen euskaldunak dauden eremua.

Alderdi hau orotan da zoragarria: basamortu sarreran egon arren, paraje harrigarriak ditu. Ipar aldetik ingurua mendiek babestua egon arren Boise hiriak mugarik gabeko bailara edo ibar bati ematen dio hasiera. Hemendik sortaldera ala sartaldera joanez, ala hegoaldera, lur-eremuek mugarik ez dutela dirudi.

Aurtengo nire helburua, “ardiak” ezagutzea da. Honuntz nentorrela, beste askoren artean izan nuen burutazioetako bat, zortedun naizela izan zen, pentsatuz hona iritsi ziren artzain haiek ez zekiten nora zetozen. Ez zekiten nondik nora ibiltzekoak ziren. Ez zekiten norekin topo egingo zuten. Euren auzoko eta herri bereko euskaldunen bat kenduta, ez zuten hemengorik, ingurua, kultura, jendea, hizkuntza eta besterik ezagutzen, ez zekiten zer nolako munduan sartzera zihoazen.

Zortedun naiz egoera hobean etortzeko aukera izan dudalako. Eta Instituzioak ematen didan babesaz hornituta etorri naizelako, apaiza, fraidea. “Arantzazuko fraidea,” hemen askok esaten didaten bezala. Kontratuaz. Bizitzeko etxeaz. Euskal komunitateko lagun eskuzabal batek bere autoa eman dit. Zortedun. Paperak ere guztiak legepean. Ingelesa aurretik ederki ikasia. Honelako bazterretan ibiltzen ere ohitua. Ezin batere kexatu, horrek guztiak ematen didan lasaituarekin!

Baina lasaitasun honek ere gehiago behartzen nau hemengo jendeei nire burua erabat ematera.

Eta ezagutzen hasia naiz Ipar Ameriketako lurralde zabal hauetan sakabanaturik dauden euskaldunak. Idaho estatuko jendeengandik hasi naiz. Ez da estatu txikia. Ia Espainiaren erdia hainbat lurralde da. Hiriburu eta inguruetako hirietako euskaldunak bisitatuz hasi naiz, batez ere gaixo daudenak: Boise, Meridian, Nampa, Homedale eta oraindik aurrerago joanez, Ontario, Jordan Valley… Zenbat euskaldun, bakardadeak jota, osasunak aldeginda… eta beti irriño edo irribarretxo batekin. Eta herri gehiago, Gooding, Shoshone, Wendel, Mountain Home… garai bateko euskaldun asko kokatu ziren herriak.

Iparraldera eginez, McCall, Lewiston, Moscow, Saint Maries eta Spokane-raino iritsi naiz dagoeneko. Hor ere, Washington estatuko Spokane-n, Ben Berriotxoa tarteko, euskaldun talde ederra bisitatu ahal izan nuen. Eta hegoaldera, basamortuko bide bakarti eta zabalak igaro eta gero, Nevadako Elko, eta berehala etorriko da Winnemucca, bertako gaixoak eta meza herriko euskal jaietan... berriz ere Elko... bazter guztietan euskaldunak; handik etorritakoen artean gehienak adinekoak, herriminez edo euskara eta hango moldeak hemen ereinda; Euskal Herria maitatuz eta barnean bero-bero eramanez, eta aberastasun hori euren haurrei transmitituz.

Bisitatzeko bazter asko ditut, baina nire gogoa azaldu nahi dizuet. Hemen da, zuekin. Nire herritarren zerbitzurako nago hemen.


Antton Egiguren ofm
707 N 8th Street 
Boise ID 83702 USA 
​www.basquecatholic.org
Phone: +1 208 342 3511
Fax: + 1 208 342 1564



Antton Egiguren

Antton Egiguren

PUBLICIDAD

PUBLICIDAD

PUBLICIDAD

PUBLICIDAD

PUBLICIDAD

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia