euskalkultura.eus

diáspora y cultura vasca

Noticias rss

«Diaspor han», Katalunian sortu disko euskalduna. Bartzelonako Bat Gehio taldeak kaleratu du lana Gaztelupeko Hotsekin (Gara-n)

24/09/2004

PUBLICIDAD

Hiri irekia ei da Bartzelona musikari dagokionez. Estilo aniztasuna hartzeko prest dago, eta gero eta hizkuntza gehiago entzuten da aretoetan. Horregatik, ez da harritzekoa Bat Gehiok izan duen harrera ona. Flamenkoarekin, «rumba»rekin eta poparekin esperimentatzen du talde euskaldunak.

Bilbo. Julen Cobos (ahotsa), Eneko Narbarte (gitarra elektrikoa), Guillermo Trujillano (gitarra), Julen A. Guerra (baxua) eta Davis Carreras (bateria) dira Bat Gehio taldearen partaideak. Bartzelonako erdiguneko tabernetan topo egiten zuten zenbait euskalduni bururatu proiektua da Bat Gehio. «Berez sortu zen», gogoratu du Julen Cobosek. Izan ere, lehenago ere musikarekin harremanetan izandakoak ziren gazteak. Kataluniako eta Mallorcako beste kide batzuk batu zitzaizkien euskaldunei, eta jotzen hasi ziren.

Aretxabaletakoa da testuen egilea. Flamenkoarekin, rumba-rekin, erritmo beroekin busti dituzte abestiak, eta oso estilo berezia sortu. Euskal Herriko eta Kataluniako herri musikatik hartutako klasikoak moldatzen ere jolastu dute. Zuzeneko taldea da, oso freskoa, estilo jakin batean kokatzen zaila.

2002an, maketa bat ekoitzi zuten ordurako zituzten kantuekin. Saritu egin zuten maketa, eta disko bat grabatzeko aukera eman zieten. Euskal Herrian eman zuten saio batean, Gaztelupeko Hotsekin jarri ziren harremanetan, eta disko etxe horrek merkaturatu du ‘‘Diaspor han’’, Bat Gehioren lehenengo albuma. Hamabi kanta bildu dituzte, eta maila altuko musikarien laguntza izan dute: DaniFigueras, Juan Flores, Juan de Diego, Gorka Benitez, SergioRamos, Javier Crespo, Benjamin Dwyer, Arecio Gonzalez, Iratxe Mugire, Irene Sansalvadó,Oroitz Maiz eta Mikel Pikabea, besteak beste. «Kolaborazio txikiak gauza handi bilakatu ziren; beste kolore bat eman diote», aipatu zuen Julen Cobosek, atzo, Davis Carrerasekin Bilbon eman zuen prentsaurrekoan.

Llach eta Imanol

Abestien artean, Lluis Llachen ‘‘L’Estaca’’ren bertsioa dago.Xabier Letek garai batean egindako itzulpenean oinarrituta, euskarazko eta katalanezko kanta osatu dute. «Zuzenekoetan jo izan dugu beti, keinu baten moduan». Beste moldaketa bat ere badago: Xabier Amurizak idatzi eta Imanolek musikatutako ‘‘Mendian gora haritza’’.

Gainerakoetan, «istorioak» kontatzen dira. Bada ‘‘Kartzelak’’ izenburuko kanta bat, Kepa Urra presoari eskainia, eta ‘‘Nire gazta de la vida’’, ‘‘Gorri’’, ‘‘Bermioko marinela’’, ‘‘Itsuak’’, ‘‘Keixatxo bat’’ eta ‘‘Dirua’’ dira besteak. Zarauzko Kilometroetan entzungo ditugu zuzenean, urriaren 3an, diskoan parte hartu duten kolaboratzaile askorekin, gainera.

(2004-09-24an Garan argitara emana)


« anterior
siguiente »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia