euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Zinema kritika: Black is Beltza (from Irutxuloko Hitza)

10/10/2018

Zuzendaria: Fermin Muguruza
Urtea: 2018
Herrialdea: Euskal Herria

 –Animazioa erresistentzia ariketa bat da–

Link: Irutxuloko Hitza

Fermin Muguruza Kortatu izan zen, erradikalki euskalduna. Baina jada ez da Kortatu. Fermin Muguruza Negu Gorriak izan zen, ozenki esanda. Baina jada ez da Negu Gorriak. Fermin Muguruza Brigadisten soinu sistematik abiatu zen, gero Dub manifestutik Bristolera inkomunikatzeko, baina hori ere errepidean geratu da. Azken urteotan Muguruzaren paseko lekuak Jamaika, Palestina, New Orleans edo Sant Andreu izan dira. Musika ibiltariak burutu al du bidaia? Ez, noski. Fermin Muguruzaren lorratzak hedatzen dabiltza oraindik.

Soinu-bilatzaile amorratuak irudien laguntza ere alboan izan du azkenaldian eta zineak irundarraren sorkuntza suspertu du, bigarren gaztaro bati ateak zabalduz. Checkpoint Rock. Canciones desde Palestina (2009, Javier Corcuerarekin egina), Zuloak (2012) edo Nola? (2015) bilaketa honen adibide dira. Hori bai, filmen euskarria beti musika da, Muguruzak arnas egiteko behar duen osagaia. Estreinatu berri duen Black Is Beltza filmak musikaren taupada du bere baitan, hasieratik bukaerara arte Manex Unanue protagonistaren bidaiek munduko doinu eta estilo desberdinak entzuteko parada ematen baitigute.

1965 urtean New Yorken hasten da kontakizuna, bertan San Ferminetako nafar erraldoiek Bosgarren Etorbidetik desfilatzeko gonbita jasotzerakoan. Beraien ohiko dantzan ari direnean, jendartetik gazte bat atera, erraldoietako baten aurrean jarri eta horrelaxe oihukatzen dio: “Denok ala inor ez!”. Dirudienez, garaiko arraza bereizkeriak bultzatuta, desfilean beltza erraldoiak ateratzea debekatu zuten. Horra arte, egia. Manex gaztearen haserrea eta oihua, ostera, asmatuak.

Bere ibilbidea etorbide horretan hasi eta abenturazale klasiko baten antzera, mundu osotik eramango gaitu 60ko hamarkada iskanbilatsuan: Malcolm Xen hilketaren osteko Harlem, Warholen The Factory, Kuba iraultzailea, Mexiko, Tijuana, Los Angeles, Monterreyko jaialdia, San Frantzisko, Montrealeko Erakusketa Unibertsala, La battaglia di Algeri filmeko Aljer, edo frankismopeko Espainia. Fikziozko pertsonaia den Manexek eskutik eramango gaitu garaiko beste pertsonai askorekin gurutzatuz, Pantera Beltzak, Che Guevara, Juan Rulfo, Tin Tan, Angela Davis edo Otis Redding, besteen artean.

Hauek guztiak asmatutako beste pertsonaia askorekin nahastuak agertzen dira, istorioak aurrera egiteko beharraren arabera azalduz. Manexek bizi dituen gorabehera harrigarriak (batzutan ia sinestezinak) dira Fermin Muguruzak, Harkaitz Canok eta Eduard Solak idatzi duten gidoiaren erdigune, eta arestian aipatu bezala, guztia musikaz blai. Hori bai, musika bikaina, eta oso eklektikoa, soul, rock, pop, reggae, musika arabiarra edo musika elektronikoa nahastuz. Raül Refreek eta Muguruzak berak Sant Andreuko Sormen Fabrikan sortutako musika erabat gozagarria da, eta gainera, filmaren irudiak ezinhobe koloreztatzen ditu. Soinu banda filmaren beste oparietako bat bat da.

Zerbait ahaztu zait aipatzea. Black Is Beltza animaziozko filma da, eta horrelako erronka gauzatzea ez da batere erraza izaten. Euskal animazioa maila bikainean dagoela esatea ez da gauza berria, aspalditik eredu eta adibide asko baitaude (hasierako esaldia Juanba Berasategiren aipua da kredituetan), baina Muguruzaren taldeak lortutako emaitza euskal animaziozko zinean mugarri bat bihurtu daitekeela uste dut.

Dena dela, Fermin Muguruzaren Black Is Beltza ez da animaziozko film bat bakarrik. Hori baino askoz gehiago da. Transmedia proiektu bezala ikusten du musikariak eta horregatik Bosgarren Etorbidetik desfilatzen ziren nafar erraldoien kontakizuna komiki bat izatetik animaziozko film bat izatera igaro da, baina bitartean erakusketak, dokumental bat, animaziozko filmen proiekzioak eta, nola ez, musika ere izan da. Beltzak ortzadar koloretsua du atzean.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia