euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Zelai Nikolas Ezkurdia, Gure Esku Dago-ko kidea: «Elkarrekin bizi eta etorkizuna hautatu» (from Enbata.info)

05/28/2018

Gure Esku Dago euskal herritarrak Euskal Herriaren etorkizun politikoaz erabakitzeko arloan aktibatze lanetan ari den dinamikako Zelai Nikolas Ezkurdia kidea galdezkatu dut Enbata.Info-k.  Dinamikaren jatorriak, lorpenak, gaur egungo erronkak eta erabakitze eskubidea eta Estatuen araudien arteko harremanak hobeki ezagutzeko parada.

Link: Enbata

-Zertako, noiz eta nola sortu da Gure Esku Dago dinamika?

Gure Esku Dago dinamika 2013.urtean sortu zen erronka argi batekin: Euskal Herriaren etorkizun politikoaz erabakitzea eta, bide horretan, euskal herritarrok protagonista izatea. Horregatik, sentsibilitate desberdinetako pertsonak elkartu ginen, guretzat oinarrizkoak diren hiru ideien baitan lan egiteko konpromisoarekin: Herri bat gara; Erabakitzeko eskubidea dugu; eta Herritarron garaia da.

-Zein izan dira GED-en ekintza/lorpen nagusiak?

Demokrazian sakontzeko eskola bat izaten ari da GED. Ariketa praktikoz, ekintzez, ari gara kultura demokratiko osasuntsu bat nolakoa izatea nahi dugun esperimentatzen. Erabakitzeak dakarren kultura bereganatzen ari gara eta herri gisa erabakitzeko tresnen inguruko ezagutza eta jarrerak barneratzen ari gara, ariketa emankorrak eta positiboak izan daitezen, herritarren harremanak sendotze aldera.

2014ko Giza Katea antolatzen hasi genuen gure ibilbidea. Giza kate horri esker konturatu ginen herritarrak eskua eman ahal geniola elkarri, urte askotan gure artean egondako horma eta harresiak gaindituz, eta sentitu genuen gauza handiak egiteko gai garela elkarrekin. Herritarron arteko desberdintasunak desberdintasun, erabakiak batzen gaitu, izan ere, etorkizuna da batzen gaituena.

Elkarrekin lan egiteko asmoei eutsita, herritarrok giza-katea eta gero, ibilbide orri bat jarri genion erabakitzeko eskubideari. Konturatu ginen erabaki ahal izateko hiru lan-ildotan jardun behar genuela eta arlo bakoitzean beharrezkoa den esperientzia eta ezagutza bereganatu: ehundu, adostu eta erabaki.

Ehundu. Ekin genion gure harremanak ehuntzeari, pedagogia egiten erabakitzeko eskubidearen inguruan eta demokrazian sakontzeko beharraz hitz egiten, normaltasunez, horretarako egokiak diren jarrerak landuz eta partekatuz.

Adostu. Ez dago erabakitzerik aurretik gai ez bagara erabaki nahi dugun galdera eta erabakitzeko data adosteko. Adosteak berak kultura oso bat bereganatzea eskatzen du eta, horretarako, GEDen Herritarron Ituna lantzen ari gara. Erabakitzeko eskubidea gauzatzeko borondateaz gain, euskal herritarrok erabaki nahi izateko ditugun milaka arrazoiak, nahiak, desioak eta ametsak biltzen eta partekatzen ari gara. Arloz arlo, herriz herri eta auzoz auzo arrazoien bilduma bat osatzen ari gara herritarrok, ekainaren 10ean plazaratzeko.

Erabaki. Beti esan dugu erabakitzeko eskubidearen aldarritik harago, gure etorkizunaz erabaki egin nahi dugula. Hortaz, herriz herri eta eskualdez eskualde herri galdeketak sustatu ditugu, metodologia guztiz partehartzaileen bidez eta berme guztiak eskaintzen dituen protokolo bati jarraituz. Urte luzez korapilotsua izan den gai honen inguruan, normaltasun demokratikoa konkistatzea lortu dugu eta gaur egun ia 1.000.000 herritarrek izan dute aukera Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen egikaritzari buruz hitza hartzeko.

Horrez gain, erabakitzeak eskatzen dituen berme guztiak zaintzeko antolaketa lan guztia herritarrek hartu dute euren gain, Euskal Herriko erakundeek debekatuta baitute herritarrei galdetzea etorkizun politikoari buruz. Egoera horren aurrean, herritarrak antolatu egin gara, eta, gure estatus politikoari buruz erabakitzeko aukera eskaini diegu milaka herrikideei

Zein da gaur egun GED-en egoera eta erronka nagusia?

Hiru erronka nagusi ditugu aurten.

Iaz Bilbon aurkeztu genuen Herritarron ituna edukiz betetzea da lehen erronka. Bilboko ekitaldi hartan Herritarron Ituna aurkeztu genuenean, adierazi genituen zer nolako printzipioei eta balioei jarraiki egin nahi genuen erabakitzeko ariketa, horren bidez gure arteko epe luzeko bizikidetza sendotzeari begira. Aurten berriz, erabakitzeko ditugun milaka arrazoiak bildu eta partekatu nahi ditugu. Horretarako, euskal komunitate osoan, herriz herri, auzoz auzo, elkartez elkarte… ari gara ariketa hori egiten. Gure erabakitzeko zergatik eta zertarakoak plazaratzen gabiltza, erabakitzeko galdera(k) zer nolakoak izan daitezkeen irudikatzen hasteko.

Bigarren erronka nagusia, dudarik gabe, 201,9 kilometroko giza kate erraldoia osatzea izango da, Donostiatik abiatuta, eta Bilbon sartu ondoren, bailaraz bailara, Gasteizera helduko dena. Nafarroa Garaia ere erronkarekin lotu da, maiatzaren 19an Iruñako Gaztelu Plazan eraiki zuten mosaikoarekin. Orobat, ederra litzateke Ipar Euskal Herria ere giza katearekin lotzeko modua asmatzea, eta hori Ipar Euskal Herriko herritarren esku duzue.

Azkenik, azaroan herri galdeketaren tresna euskal hiriburu batera helduko da, Irun herrian egingo den galdeketarekin batera. Erronka handia da eta horretan ari gara buru belarri, erabakia biztanle gehien bizi den eremuetara hel dadin normaltasun osoz.

Erabakitzeko eskubideari marko konstituzionalak emaiten dion muga (hots burujabetzari buruzko erabakitzeko eskubidea tokiko jendarteari ezinezkoa zaio gauzatzea, Kataluniak erakusten duen bezala… nahiz eta bertan gehiengoak lortu) nola gainditzen ahal da?

Ezinezkorik ez dago. Hala uste dugu guk behintzat eta filosofia horrekin ari gara lanean. Gehiago edo gutxiago kostatuko zaigu gaia bideratzea, baina XXI. mendean herritarrok gure etorkizuna eraikitzeko eskubidea gure esku hartu dugu, XX. mendean emakumeek bozkatzeko eskubidea bereganatu zuten moduan edo Ipar Euskal Herrian erakunde propioaren aldeko aldarrikapenarekin egiten ari zareten moduan. Eskubide zibil eta politikoen beste borroka batean gaude eta gero eta eremu gehiagotan azaleratzen ari den aldarria da.

Erabakitzeko eskubidea funtsean demokrazia da. Demokrazian herritarrok dugu hitza eta guk izan behar dugu protagonista erabaki publikoetan; erabaki horien parte sentitu behar gara modu batean edo bestean. Nola da posible demokrazia batean herritarrok gure iritzia plazaratu ezin ahal izatea eraiki nahi dugun etorkizunari buruz? Etorkizunaren parte da ere, noski, euskal lurraldeek zer nolako estatus politikoa nahi duten eta erabaki ahal izatea zer nolako harremana nahi dugun izan euskal herritarron artean eta zein Espainiako eta Frantziako Estatuekin. Zein demokrazia mota da hori libreki adieraztea debekatzen duena?

Aukeraz betetako garai berri bat bizitzen ari gara eta herritarrok ardura handia dugu testuinguruan eragin eta aukerak errealitate bilakatzeko, baina horrek ez du esan nahi bidea erraza izango denik. Beharrezkoa da herritarrak prest izatea demokrazian sakontzeko, eta, horretarako, herritarrok bereganatuta izan behar ditugu kultura demokratiko berri horren inguruko balio eta jarrerak. Hori lortzen dugun unean, ziur gaude gaur egungo legediak egokitu egingo direla herritarren borondatera; eta hor erabakitzeko eskubidea izango da tresnarik garrantzitsuena herritarrak eta erakundeak gurdi berdinetik tira egin dezaten.

Zein dira Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian horrelako dinamika baten aktibatzeko diren gogoeta edo/eta pausuak?

Nafarroa Garaian ari dira beren ekimen eta ezaugarri propioekin erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika zabaltzen. Horren adibidea dira Nafarroan jada 34 herritan egin diren galdeketak (ia 10.000 lagunek hartu dute parte) eta maiatzaren 19an Iruñako Gaztelu Plazan, nafarren burujabetzaren borondatea irudikatuz, osatu zen giza-armarriaren mosaikoa. Ehunka herritarrek adierazi zuten elkarrekin bizi eta etorkizuna hautatu nahi dutela, eta milaka arrazoi dituztela kalera irteteko eta beste hainbeste erabaki nahi izateko. Ekainaren 10eko giza katean parte hartzeko deia ere egin zuten.
Bestalde, Ipar Euskal Herriko ehunka herritarrek hartu zuten parte 2014ko giza katean, eta baita 2015ean Euskal Herriko bost hiriburu handienetan egin genituen ekitaldietan ere —Baionakoa oso ederra izan zen, bide batez esanda—. Galdeketen dinamikan zuek aitzindari izan zineten, Baterak Herri Elkargoaren alde antolatu zuen galdeketarekin. Galdeketen tresna Euskal Herri osoan erabiltzen ari gara gure borondatea irudikatzeko eta aldi berean, partekatzen ari gara demokrazian erabakitzeko kultura berri bat, bakoitzak bere erritmo eta ezaugarriekin jakina.

Erabakiak are gehiago batuko gaituelakoan, dei egin nahi dugu Iparraldeko herritarrek ere Herritarron Ituna edukiz bete dezaten eta ekainaren 10eko giza-katean parte hartu dezaten. Ziklo berria irekitzea gure esku dago eta euskal herritarrok protagonista izan nahi eta behar dugu etorkizuna libre eta askatasunez eraikitzeko.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia