Garikoitz Goikoetxea. Bost urtean behingo inkesta soziolinguistikoa aurkezten hasi dira. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuak jakinarazi dituzte Eusko Jaurlaritzako, Nafarroako Gobernuko eta EEP Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek. Aurten, lehen aldiz, elkarrekin egin dute inkestaren prozesu osoa. Nafarroakoak "aste gutxi barru" aurkeztuko dituzte, ia prest baitauzkate datuak; atzeratuago doaz Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako lanak, eta urtarrilerako espero dute emaitzak ematea.
Aurreko urteetako eran —25. urtea du inkestak aurtengoa—, lau aldagai aztertu dituzte: hiztunen ezagutza, transmisioa eta erraztasuna, erabilera eta sustapenari buruzko jarrera. Datuak aztertzean, kontuan izan behar da 16 urtetik gorakoak bakarrik hartu dituztela aintzat —hain, justu edade horretatik beherakoak dira adin talderik euskaldunenak—.
1. Gaitasuna. Aurrerapausoa agertu du aurtengo inkestak ere hiru herrialdeetan. Hiru herrialdeak hartuta, orain 25 urte baino 212.000 euskaldun gehiago daude. Herrialdeka alde handia dago, baina: Gipuzkoan %51 dira euskaldunak; Bizkaian, %28; eta Araban, %19. Hazkundea biziagotu egin dela esan daiteke, gainera: 1,9 puntu igo da 2011tik, eta, epe luzeagoari begiratuta, 1996-2006 tartekoa baino handiagoa da goikuntza. Batez ere gazteen eskutik dator igoera. Izatez, gainera, igoera handiagoa izan zitekeen, baina egoera demografikoak zailtzen du: jaiotza tasa txikia denez, adin talderik euskaldunenek pisu demografiko txikia daukate.
2. Transmisioa eta erraztasuna. Euskaldunen kopurua handitzen ari da, baina euskara beste egoera batean eskuratu dute: gero eta gehiago dira euskaldun berriak, euskara etxetik kanpo eskuratu dutenak. Batez ere gazteak dira, eskolan euskaldunduak. Datu bat: hiru herrialdeak hartuta, 16-24 urte bitarteko euskaldunen %54k etxetik kanpo jaso dute euskara, eskolan. Horrek badu eragina gaitasunean: lehen hizkuntza gaztelania dutenez, errazago moldatzen dira hizkuntza horretan.
Etxeko transmisioan pausoak ematen ari dira, hala ere. Lehen aldiz aztertu dute guraso euskaldun berriek zer jokabide duten, eta ondorioa da gehienek euskara transmititzen dietela umeei. Bi gurasoak euskaldunak direnean eta haietako bat euskaldun berria, %95ek euskara irakasten diete umeei; bi gurasoak direnean euskaldun berriak, %85ek transmititzen dute. Guraso bat erdalduna denean txikiagoak dira proportzioak. Guraso bat erdalduna bada eta bestea euskaldun zaharra, %89k euskara transmititzen dute; baina guraso bat erdalduna eta bestea euskaldun berria denean, %49k.
3. Erabilera. Herrialde guztietan egin du gora erabilerak, baina, jakina, ezagutzan eta egoera soziolinguistikoan halako aldea egonda, erabileran ere diferentzia handia dago: Araban, herritarren %6k egiten dute gehienetan euskaraz; Bizkaian, %13k; eta Gipuzkoan, %40k. Gune soziolinguistiko guztietan igo da erabilera, eremu euskaldunenetan izan ezik —arnasguneei buruz sortutako kezka hortik dator—. Erabilera aztertzean, giltzarri da etxeko egoera. Ez aurrera ez atzera egon da urteetan, eta gorakadatxo bat ageri da orain: %19k erabiltzen dute euskara etxean; orain bost urte baino 1,8 puntu gehiago da hori. Tentuz jokatu behar dela ohartarazi dute, ordea: ikusi egin beharko dela igoera hori kontsolidatzen ote den.
4. Jarrera. Euskara sustatzearen aldeko jarrera ageri dute herritar gehienek, eta hoberakoa da eboluzioa. Hiru herritarretik bi daude euskara bultzatzearen alde. Alde handia dago, ordea, herritar euskalduna izan edo ez: erdaldun elebakarren artean, erdiak baino gutxixeago agertu dira euskara bultzatzearen alde. Horien atxikimenduan lan egin beharko dela nabarmendu dute.