euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Parisko euskal talde bat (from Berrian

08/11/2024

Euskal Etxeak errugbi talde bat du: PEER Parisko Euskal Etxea Rugby. Frantziako hiriburuko liga batean jokatzen du: «azkar», baina gehienbat «plazerarengatik», Bixintxo Barnetxe jokalariak kontatu duenez.

Link: Berria

Mikel Rodriguez. Kirola eta kultura. Egunkariko orrietan elkarren segidan joaten dira maiz, baina elkarri bizkarra emandako, edo are, elkar muturtutako bi mundu balira bezala sentitzen dira askotan; gainetik pasatu beharreko orriak, batera edo bertzera ailegatzeko. Baina elkarrekiko erakargarritasuna sortzea ere ez da gutxitan gertatzen. Horixe pasatu zen Parisen, duela hemezortzi urte inguru, Euskal Etxeko Anaiki abesbatzako kide batzuek erabaki zutenean errugbi talde bat sortu behar zela. «Hastapenean gehiago erraten zen zirela kantariak errugbian ari, ez zinez errugbilariak kantuz ari», irri egin du Bixintxo Barnetxek. Orri bat leitzeak, sarri, hurrengoa leitzea ere ekar baitezake.

Duela sei urte etorri zen Parisera bizitzera Barnetxe (Baiona, 1994). Euskal Etxearekin engaiatuta dago, eta, bereziki, errugbi taldearekin, nahiz eta ez den bere jatorrizko kirola. «Hastapenean ez naiz errugbi jokalari bat; ez duzue sobera ikusten, baina saskibaloi jokalari bat naiz», kontatu du irribarre batekin. Saskibaloia ez du arruntean utzia —Lillen (Frantzia) izan da egun hauetan, Olinpiar Jokoetako partidak ikusten, bertzeak bertze—, eta futbolean ere jokatzen du, baina errugbiak harrapatu zuen; eta, zehazki, Euskal Etxeko taldearen filosofiak: «Baditugu entrenamenduak astelehenean, eta partidak larunbat goizean, bi edo hiru astean behin. Ez ditu asteburu guziak hartzen. Azkar jokatzen da, baina gehiago da giroarentzat eta plazerarentzat». 

Izan ere, Euskal Etxeko taldea antzeko filosofiadun talde gehiagorekin bat eginik da Parisen, Frantziako Federaziotik aparteko bertze batean: Frantziako Enpresa Kirolaren Federazioan (FFSE). «Hemen, Parisen, uste dut badirela lau maila, eta gure taldea lehen mailan da». Ligak goi mailako izena dauka: Top14 —Frantziako liga nagusiak bezala—. Hamalau horietako bat da, hortaz, PEER Parisko Euskal Etxea Rugby taldea, eta mota guzietako kontrarioei buru egin behar die: «Badira enpresako taldeak; adibidez, badituzu bankuak, badituzu abokatuak, badira gu bezalako elkarteak, eta badituzu unibertsitateko ikasleak zirenak lehen, gero elkartzen dira Parisen, eta antolatzen dute elkarte bat elkarrekin segitzeko jokatzen —unibertsitatean jokatzen baitzuten—».

«Izugarri ezagunak gara lehenik gure mailarengatik, lau aldiz izan baikara txapeldunak, baina baita besta giroarengatik ere»
BIXINTXO BARNETXE
Paris Euskal Etxea Errugbi taldeko jokalaria

Eta horien artean, badira Euskal Etxearen kontra jokatzen duten euskal jokalariak ere: «Lagun bat Ziburukoa da [Lapurdi], eta bera beste talde baterat joan da unibertsitateko lagunekin aritzeko», kontatu du Barnetxek. «Batzuetan ikusten dugularik erraten diogu: 'Bon, zergatik ez duzu nahi gurekin jokatu?'. Beste lagun bat ere, abokatua da, eta abokatu taldearekin jokatzen du; Angelukoa da bera [Lapurdi], ezagutzen ditu jokalari asko gure elkartekoak, baina, halere, ez du gurekin jokatzen». 

Euskal herritarren, euskaldunen eta Euskal Herriarekin harremana izan nahi dutenen topaleku baita Euskal Etxea, eta PEER-ek ere bokazio hori du, baina jatorri guzietako jokalariak onartzen ditu: 55 ditu taldeak, eta «erdiak-edo» dira jatorriz Euskal Herrikoak. «Hemen lagunak ezagutzen ditugularik eta errugbian jokatzen ari, etortzen ahal dira», azaldu du Barnetxek. Horrela, gainerako jokalarien artean badira «Frantzia hego-mendebaldekoak —Tolosakoak, landesak, Bordelekoak, Agen eta inguru hori guzia—, badira hego-ekialdekoak, Pariskoak ere hiru edo lau, eta batzuetan badira Bretainiakoak ere». Ez daudenak Hego Euskal Herrikoak dira, nahiz eta Euskal Etxeko kide anitz Bidasoaz eta bortuez hegoaldekoak diren. Errugbiak, ordea, ez ditu erakarri. 

Pilota berreskuratzen

Errugbiak bertze errugbilariak erakarri ditu Euskal Etxera, arrazoi batengatik: «Izugarri ezagunak gara, lehenik gure mailarengatik, lau aldiz izan baikara txapeldunak, baina baita besta giroarengatik ere». PEER-eko kideek urtero bi gaualdi antolatzen dituzte, eta ligako bertze taldeetako jokalariak ere agertu ohi dira. «Ezagunak gara errugbian eta bestan», irri egin du Barnetxek.

Ez da besta PEER-ek errugbiaz bertze antolatzen duen gauza bakarra: pilota ere berreskuratu du Euskal Etxearentzat, eta bi urtez jarraian antolatu du lehiaketa bat Parisko Chiquito de Cambo frontoi historikoan —Joseph Apeztegi Kanboko Txikito (1881-1950) pilotari mitikoaren izena duena—. 50 bat lagun elkartu dira bakoitzean. «Baziren pertsonak ez ditugunak batere ezagun, beraz, hori izan da sorpresa ona».

Errugbi taldea hizkuntza aldetik dago hankamotz, gutxi baitira jokalari euskaldunak, baina Barnetxek Euskal Etxeak egiten duen lana goraipatu du, euskara eskolak baitira zentroaren jardun inportanteenetako bat, eta ikasleetako anitz guraso edo arbaso euskaldunak dituzten paristarrak izaten dira. 

Euskal Herriarekin lotura dutenen topalekua da, hortaz, Euskal Etxea, eta lotura ez dutenek interesa izan dezaten ahalegintzeko helburua ere badu. Saint-Ouen udalerrian dago, Parisekin mugan, hiri olinpikotik eta Frantziako Estadiotik hurbil. PEER-ek ere ekarpena egiten du auzokoei ezagutarazteko; iaz, errate baterako, Munduko Errugbi Txapelketa Frantzian egin zenean, partidak eman zituzten Euskal Etxean, eta Saint-Ouenen jakinarazi zuten nahi zuena etortzeko. «Entseatu ginen harrabots pixka bat egiteko, jendea etortzeko eta ikusteko Saint-Oueneko elkarte bat garela, eta euskararen eta euskal kulturaren inguruan garela». 

Saint-Ouen baitu etxe Euskal Etxeak, eta Saint-Ouen baitu jokaleku Paris Euskal Etxea Rugby taldeak, Pablo Neruda estadioan. Kultura eta kirola, elkarren segidako orriak berriz ere. 



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia