euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Pablo Olaizola Espelosin: «Hemen ez zegoen guretako lanik eta Ameriketara joan ginen» (from Erran.eus)

10/14/2023

Pablo Olaizola Espelosin, Ameriketan artzain ibilitako urdazubiarra. Garai hartan bertze euskaldun aunitzek bezala, «sos batzuk ateratzeko» Ameriketara artzain joan zen Olaizola. Zazpi urte eskas eman zituen han eta orduko bizipenez aritu da TTIPI-TTAPArekin.

Link: Erran.eus

Duela 60 urte baino gehiagoko kontuak dira, baina Pablo Olaizola Espelosinek (1942, Urdazubi) ez ditu atzenduak gazte garaiko bizipenak. Bertze euskaldun aunitz bezala, Ameriketara joan zen artzain, berak dioen bezala, «beharko, sosa izateko, hemen ez baitzen deus!». Urdazubiko Sastarenea etxean sortu zen, hiru haurrideko familian, eta aski gazterik tokatu zitzaion lanean hastea. Ameriketarako bidea ere fite hartu zuen: 18 urterekin joan zen, eta zazpi urte eskas eman zituen han. Gaur egun, Urdazubiko Aroztegian bizi da, eta hantxe kontestatu dizkio galderak TTIPI-TTAPAri. Ameriketako oroitzapenak, han egindako lagun onak eta pasatutako momentu gogorrak... Denak izan ditu hizpide.  

Nolako haur denbora izan zenuen? 

Etxean hiru haurride ginen, eta garai hartan ogi eta arto aunitz jaten genuen. Baina egoera konplikatua zen eta 14 urterekin diputazioarendako pinua sartzen hasi nintzen. 16 urterekin, berriz, gauez kontrabandoan hasi nintzen, alkohol bidoiekin eta puruekin... Beharko zerbait egin sos batzuk hartzeko! Baina hura arras gogorra zen, gauez ibili behar eta tiro tartean, arrisku handia izaten zen karabineroekin eta guardiekin. Hura ez zen bizitzeko manera. 

Eta Ameriketara artzain joatea erabaki zenuen... 

Bai, 1960an, 18 urterekin, Ameriketara joan nintzen. Hemen ez zegoen guretako lanik. Denbora haietan gazte aunitz Frantziara oihanera joaten ziren lanera, eta bertze aunitz Ameriketara artzain. Nik ere halaxe egin nuen.

«Maleta batzuk bezala egin genuen hemendik harako bidaia»

Nola egin zenuten bidaia? 

Paperak Elizondon Ana Mari Marinek egin zizkigun. Ez nintzen bakarrik joan, baginen jende andana! Urdazubitik bakarra nintzen, baina Baztan aldetik aunitz: Amaiurtik, Erratzutik... Taxietan Elizondotik Irunera joan ginen, Irunen trena hartuta Parisera, Paristik New Yorkera abioian, ondotik Los Angelesera eta handik Bakersfieldera. Petxuan bagenuen paper bat eskribitua, norengana joaki ginen jakiteko. Sortzez Azpilkuetakoa zen Mendibururengana joan beharrak ginen, eta aireportu guzietan norbait izaten genuen esperoan. Gizon bat etortzen zen eta petxuan genuen paperari begiratu eta batzuk alde batera eta bertzeak bertze aldera bidaltzen gintuen. Maleta batzuk bezala joan ginen.  

Harat ailegatu orduko artzain hasi zinen? 

Bai, bai, 2.000 ardirekin artzain. Ardiak erditzen zirelarik, laguntzailea izaten genuen, lan aunitz izaten baitzen. Gau batez igual ehun ardi erditzen ahal ziren, eta igual 130 bildots jaio. Ez bazenuen segidan lotzen, bildots aunitz galtzen ziren eta halakorik ez pasatzeko, gau eta egun ardiekin egon behar izaten genuen. Erditu ondotik, ordea, udan, gure astoa, jatekoa eta kanpin denda hartuta, ardiak eta bildotsak goi mendietara eraman behar izaten genituen, bazka zegoen tokietara, eta han bakar-bakarrik denbora luzez egoten ginen. Oinez Nevadako mugan dagoen Moonlakera joandakoa naiz, hemendik Madrilera baino urrunago. 

«Ameriketan makurrena bakardadea izan zen»

Gogorra izanen zen, ez? 

Bai, bai, gogorra. Jateko eta edateko faltarik ez genuen izaten. Neguan karabana izaten genuen, eta han gasa. Udan, mendian, berriz, haizea zelarik ogia eta gasna izaten genituen, eta haizerik ez bazen, nahiko jatekoa eta edatekoa izaten genuen. Baina bakardadea tristea da, eta aunitzetan zakurrekin aritzen ginen solasean. Gainera, gazteak ginen... Enkargatuak gauez ez ibiltzeko erraten zigun, koioteak aditzen baitziren mendi batetik bertzera uluka. Lehenbizian izutzen ginen, eta enkargatuak zakur basak zirela erraten zigun. Kriskitin suge aunitz ere izaten ziren. Ardiei ausiki egiten bazieten, oren baten buruan hiltzen ziren, eta nagusiak ez zigun sekula deus eman guri ausiki egiten baziguten emateko.... Zer axola zitzaien ba? Aziendak bezala ginen. Suertea izan genuen ez baikenuen bazka tartean halako sugerik zangopilatu, bertzela... Baina makurrena bakardadea izan zen. Han hilabeteak urteak bezala ziren.   

Herrira ere ez zineten jausten? 

Nola ba! Ardiak nola utzi behar genituen? Besta kontu ere ez genuen egun bakar bat ere hartu. Han piknikak izaten ziren, baina guk ez genuen aukerarik izan, ezta bakantzarik ere. Kontratuan hala eskribitua zen, baina nagusiek nahi zutena egiten zuten gurekin. 

Ongi irabazten zenuten? 

Hilabetean 215 peso ematen zizkiguten. Han hori ez zen deus ere, miseria bat, baina hemengo bizia ikusita bazen sos pixka... Baina han badakizu bakeroek eta esne saltzaileek zer irabazten zuten denbora haietan? Ederki probesten ziren, beti pobreen bizkar.  

Hango anekdotak ere izanen dituzu. Baten bat kontatuko zeniguke? 

Bai, badut istorio bat, eta ez da batere polita, Imperialen, Mexikoko mugan pasatua. Ailegatu orduko ezagutu nuen hura toki tristea zela, txabola txar batzuetan jende aunitz... Han gure nagusiak 3.000 antxu zituen. Egun batzuk ongi joan ziren, baina gau batean, bi orenak aldera, zakurrak sainga eta sainga hasi ziren. 'Baduk hemen zerbait' erran nion neure buruari, eta lau gizonezko ikusi nituen. Nire karabanari jo eta jo hasi ziren, ingelesez handik ateratzeko erranez. Haragia pikatzeko nabala eskuetan hartu eta atearen parean gelditu nintzen, ez nuen bertzerik. Hura momentua, burua ere joan zitzaidan... Azkenean, ez nintzela ateratzen ikusita, etsitu ziren. Han ez nintzela izanen pentsatu izanen zuten. Korralera joan ziren, eta joan zirelarik, lasterka alpapa (luzerna) zelaira joan nintzen, galtzontziloetan. Momentu hartan ez nuen hotzik ez! Han etzan nintzen. Korralean zalapartaka ibili ziren, eta antxuak ere eraman zituzten. Haiek joan zirelarik berriz karabanara bueltatu nintzen. Huraxe izan zen Ameriketan pasatu nuen gaurik txarrena. Biharamunean, egunero bezala, arrantxoko nagusia niregana gosaltzera etorri zen, eta zer pasatu zitzaidan kontatu nion. Han gehiago ez nintzela egonen erran nion, edo bertzela, erriflea ekartzeko. Nagusiari abisatu zion, eta berehala etorri zen abioian. Trankil egoteko erran zion, gauero polizia ni zaintzera etorriko zela. Eta hala izan zen. Hilabete batez iluntzetan niregana etorri zen, baso bat ardo edan eta eskua ematen zidan. Gaua han pasatuta, goizetan joaten zen. Tartean hango bazkak finitu ziren eta lekuz kanbiatu behar izan genuen, bazka non hara joaten baikinen. Gau hartan, berriz, sei antxu ebatsi zituzten, baina ebatsita ere kontent bizirik utzi nindutelarik.   

Zazpi urte pasatu zenituen Ameriketan. Tarte horretan noizbait bueltatu zinen Urdazubira? 

Bai, zazpi urte eskas pasatu nituen, 1960ko irailean joan eta 1967ra arte. Tartean, 1964an lehenbiziko aldiz bueltatu nintzen, baina orduan ere ez zegoen deus hemen eta berriz Ameriketara joan nintzen.

1967an, ordea, gelditu zinen... 

Bai, orduan bazen lanerako manera hemen. Harrobian kamioiarekin hasi nintzen eta gero andregaia egin nuen. Aroztegira esposatu nintzen eta geroztik hemen naiz. 

«Lagun onak egin nituen. Batzuk bueltatu ginen, bertzeak ez»

Gauzak ederki aldatu dira... 

Bai, bai, pentsatzen ahal duzu... Gu 14 urterekin pinuak landatzen aritu ginen, eta hori ez da lanera joateko adina. Orduan ez zen bertzerik izaten, eta sos batzuk ateratzeko zegoena egin behar.

Ameriketako kontuak ere ez dituzu atzendu... 

Ez, eta han lagun onak ere egin nituen: amaiurtarrak, erratzuarrak, iruritarrak... Batzuk bueltan etorri ginen, eta bertzeak han gelditu ziren. Batzuk maluruski gelditu ziren, han gazterik hil baitziren. Hura arras bizimodu gogorra zen. 



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia