Ion Salgado. Otsailaren 4an Floridako Auzitegi Gorenak Pablo Ibarren heriotza zigorra bertan behera utzi eta epaiketa errepikatzeko aukera ireki zuen, betiere Fiskaltzak aurkeztutako helegitea onartzen ez badu. Candido Ibarrek, Pabloren aitak, ondo gogoratzen du egun hori. Irribarrez azaltzen du nola jaso zuen berria, «itxaroten genuena». «Esperantza piztu digu berriro», aitortzen du gaztaroan Ameriketako Estatu Batuetara pilotari profesional izatera joandako zesta punta jokalari ohiak.
Pablo Ibarren eta bere sendi osoaren bizitza 1994ko udan aldatu zen. Ekainaren 27an, Casimir Sucharski, Sharon Anderson eta Marie Rosen gorpuak agertu ziren lehenaren etxean. Segurtasun kamerak gertatutakoa jaso zuten. Youtuben ikus daitekeen bideoan etxean bi pertsona sartzen direla ikus daiteke. Eta hiru biktimak nola jotzen eta hiltzen dituzten. Krimenaren ondoren, burua kamiseta batekin estalita duen gizonak kamiseta kentzen du eta kamerak haren aurpegia grabatzen du.
Irudia ez da ona, zuri-beltzean dago eta oso zaila da hiltzailea ezagutzea. Baina hori ez zitzaion inporta izan Manzellari, bideoan agertzen den pertsona sarekada batean atxilotutako gazte bat zela deduzitu zuen ikerlariari. Gazte hori, 22 urtekoa, Pablo Ibar zen. Candidok gogoratzen duenez, poliziak ez zuen semearen kontrako inolako frogarik, hilketaren lekuan aurkitutako DNA eta hatz markak ez baitziren Pablorenak. Sucharskik jasotako mehatxuak ere ez zituzten behar bezala ikertu. Eta Sucharski ez zen ez edonor, «drogen eta kluben munduan oso ezaguna zen». Pentsa, “Buch Casey” deitzen zioten Miamin.
Pabloren senideak sarri salatu dutenez, taldeko identifikazio saioan ere errepikatu ziren irregulartasunak. Lekuko batek, Sucharskiren auzokide Gary Floyk, biktimaren etxetik atera ziren bi gizon ikusi zituela deklaratu zuen, baita Ibar horietako bat zela ere. Candidok dionez, Floyk segundo gutxi izan zituen ustezko hiltzaileak ikusteko, eta leihoak tindatutako auto batean zihoazela aitortu zuen gainera. Taldeko identifikazio saioan bi aldiz atera zuten Pablo, bigarrenean bera bakarrik, abokatuaren laguntza barik.
Hori guztia gutxi ez eta Pablok zurigarria ere bazuela gogoratzen du Candidok. Izan ere, Pablo egun bere emaztea den Tanya Quiñonesen etxean zegoen hilketak izan zirenean. Bi gazteak Tanyaren gelan harrapatu zituzten senide batzuek, eta liskarra eragin zuen horrek. Neskaren gurasoak Irlandan zeuden, eta Irlandara deitu zieten, gertatutakoaren berri emateko. «Baina Tanyak ezin izan zuen lehen epaiketan deklaratu», salatu du Candidok bere semeari jarri zioten ofiziozko abokatuaren lan kaskarra gogoan.
Kayo Morgan deitzen zen ofiziozko abokatua, eta, Candidok dionez, ondo moldatzen zen heriotza zigorra jaso zezaketen kasuetan. Tamalez, Pablo Ibarren kasua hartu zuenean, Morganek arazo ugari zituen. Arazo pertsonalak eta legalak. 1999ko urtarrilaren 11n, bigarren epaiketa hasi zenean –lehena baliogabetu egin zuten 1998ko urtarrilaren 25ean epaimahaia epaiaren inguruan ados jarri ez zelako– Morgan atxilotu egin zuten indarkeria matxista egotzita.
«Defentsaren taktika ezer ez egitea zen, abokatuaren ustez, fiskalak ez baitzituen Pabloren aurkako frogarik. Oraindik ere ez dut ulertzen zergatik ez zituen txostenak eskatu Pablo bideoan agertzen zen gizona ez zela frogatzeko», dio. Zentzu horretan, Morganek Manchesterko Unibertsitateko aditu batek egindako txostena alboratu zuela gogoratu beharra dago. Eta ez zituen Tanyaren senideak lekuko bezala deitu. Epaiketa 2000. urteko ekainaren 14an amaitu zen, epaimahaiak Pablo Ibar errudun deklaratu zuenean.
Helegiteak eta epaiketak
Heriotza zigorra ezarri zioten Pablori. Ondo gogoratzen du Candidok, epaia ezagutuaz bat semea askatzeko borroka abiatu zuenak. Ibarren familiak Peter Raben abokatua kontratatu zuen, Joaquin Jose Martinez hiltzera zigortutako espainiarra heriotza korridoretik ateratzea lortu zuen abokatua hain justu. Rabenek Floridako Auzitegi Gorenean helegite bat aurkeztu zuen Pablori epaiketa justu bat izateko eskubidea ukatu zitzaiola argudiatuz, zigortu zuen epaitegiak «fundamentu gutxiko froga zirkunstantzialetan» oinarritu baitzuen bere erabakia.
Candido Ibarrek azaldu duenez, Rabenek aurkeztutako errekurtsoari buruzko erabakia hartu aurretik, Floridako Auzitegi Gorenak Seth Peñalverren aurkako epaiketa errepikatu egin behar zela onartu zuen, bere abokatuak aurkeztutako antzeko apelazio baten ondorioz. Peñalver Pablo zigortu zuten kasu berdinagatik epaitu zuten, eta Auzitegi Gorenaren erabakiak familiaren esperantza piztu zuen. «Pabloren aurkako epaiketa errepikatuko zela uste nuen, erabat konbentzituta nengoen», gogoratu du Candidok.
Baina ez, Gorenak ez zuen onartu Pabloren helegitea. Kolpe psikologiko gogorra izan zen presorentzat eta ingurukoentzat. Denbora luzez itxaron ostean, eta Peñalverren kasuan gertatua ikusita, zaila zen ulertzea Floridako Auzitegi Gorenak hartutako erabakia. Hala ere, ez zuten amore eman eta defentsa estrategia aldatu zuten. Heriotza zigorra ezarri zion jatorrizko epaitegira itzuli eta beste helegite bat aurkeztu zuten, lehen epaiketan izan zuen ofiziozko abokatuak egindako lana desegokia izan zela argudiatuz. «Auzitegi federalera joaten bazara agian ez dizute kasurik egiten», azaldu du Candido Ibarrek.
2009ko martxoaren 16an izan zen Ibarren kausaren bista. Benjamin Waxamanek, abokatu berriak, hiltzera zigortu zuten epaiketan Pabloren eskubide konstituzionalak ez zirela errespetatu salatu zuen, ez baitzuen behar bezalako defentsarik izan. Bere aurkako froga nagusia –kalitate gutxiko bideo bat– gazte bati heriotza zigorra ezartzeko nahikoa ez dela ere argudiatu zuen. Are gutxiago hilketa gauzatu zen lekuan aurkitutako hatz markak eta DNA Pablo Ibarrenak ez direla ikusita.
Pabloren aitak gogoratzen duenez, helegitea aurkeztu zutenean Waxman bera eta Pabloren senideak telebista saio batera joan ziren kasua azaltzera. Horri esker, Ibarri leporatzen zioten hilketa hirukoitzaren ustezko egilea ezagutzen zuen pertsona bat topatu zuten. Juan Gisbert zuen izena, eta Sucharsky, Anderson eta Rorgers hil zituena William Ortiz zela esan zuen. Dirudienez, Ortizek berak azaldu zion gertatutakoa xehetasun guztiekin. Lekuko horrek esandakoa helegite berri baten oinarria izan zen, onartu egin zena.
Prozesu luzea izan zen. Epaileak Ortizen hatz markak hilketa lekuan topatutako aztarnekin parekatzea agindu zuen, eta parekatze horren emaitza negatiboa izan zen. Eta 2010eko urrian DNA frogak ere negatibo eman zuen. Epaileak Ortiz errugabea zela esan zuen eta beste epaiketa bat egiteari uko egin zion. «Lehen epaiketan izan ziren irregulartasunak ez zituen aintzat hartu. Urteak egon ginen zain, hiru aldiz atzeratu zen erabakia, eta, azkenenean, geunden bezala geratu ginen», gogoratu du Candido Ibarrek.
Berehala Pablo Ibarren abokatuak beste errekurtso bat aurkeztu zuen Floridako Auzitegi Gorenean. Honek helegitea aztertzen zuen bitartean, 2012an, epaimahaiak Seth Peñalver errugabe zela adierazi zuen, bere erruduntasuna ziurtatzeko froga nahikorik ez zelako. Berriak Ibar familiaren esperantza piztu zuen, baina urteak itxaron behar izan zituzten oraindik Auzitegi Gorenak euren helegitea ebatsi arte. Ia lau urte pasa ziren Floridako justiziak zigorra bertan behera utzi arte.
Auzitegi Gorenak Ibar hilketekin lotzeko froga fisikorik ez dagoela ebatzi du, eta hilketa izan zen lekuan agertutako kamisetan Ibarren DNA zantzurik ez zela gaineratu. Fiskaltzak errekurtso bat aurkeztu du Auzitegi Gorenaren erabakiaren kontra, eta datozen asteetan ezagutuko dute azken erabakia Ibarren gertukoek. Dena den, Candido baikorra da eta semeak epaiketa justu bat edukiko duela espero du. «Orain hobeto bizi gara, lehen ez genuen ezer eta orain pozik egoteko arrazoiak ditugu», dio Pablok Gorenaren erabakiaren berri telebistaz izan zuela gogoratzen duen bitartean.
Floridako Auzitegi Gorenak Fiskaltzaren errekurtsoa ez onartzea espero du orain Candidok. «22 urte daramatza preso, bizitza erdia igaro du barruan, eta orain epaiketa justu bat izatea espero dugu», azpimarratu du. Epaiketaren gastuei aurre egiteko Candidok, Pablo Ibar Elkartearen laguntzarekin, Hego Euskal Herriko eta espainiar Estatuko hainbat erakunderi laguntza eskatu die. Izan ere, 1,3 milioi dolar behar dituzte abokatuak eta egin beharreko txostenak ordaintzeko. Oraingoz 600.000 dolar baino gehiago bildu dituzte, behar duten erdia. «AEBetan bakarrik dugu familiaren laguntza, eta gure baliabide ekonomikoak agortu dira jada», nabarmendu du Candidok. Amaitzeko, euskal gizartearen laguntza eskertu nahi izan du.
«Eusko Jaurlaritzak ahal duen guztia egingo duela esan zigun Urkulluk»
Pablo Ibarren familiak 1,3 milioi dolar behar ditu beste epaiketa bati aurre egiteko, eta oraingoz 600.000 euro baino gehiago bildu ditu. Ezinbestekoa da falta den dirua ahalik eta azkarren lortzea, izan ere, Candidok dioen bezala, Floridako Auzitegi Gorenak Fiskaltzak aurkeztutako helegitea onartzen ez badu –datozen hilabeteetan eman behar du bere ebazpena–, prozesua «zerotik hasiko da», eta dirua beharko dute horri aurre egiteko.
Ibarren sendiak abokatuei ordaindu beharra du defentsa on bat bermatzeko, eta abokatuek txostenak egin eta ordaindu beharko dituzte Pabloren errugabetasuna frogatzeko. Candidok onartu duenez, familiaren baliabide ekonomikoak agortu dira jada. Horregatik jarri dute martxan kanpaina bat Hego Euskal Herrian eta Estatu espainolean. Pablo Ibar Elkartearen laguntzari esker, presoaren aita hainbat agintarirekin bilduko da bere semearen kasua azaldu eta diru laguntza eskatzeko.
Pasa den astean, esaterako, Candido eta elkartearen bozeramaile Andre Krakenbberger Iñigo Urkullu lehendakariarekin bildu ziren Gasteizen. «Bere elkartasuna helarazi zigun eta ahal duten guztia egingo dutela esan zigun», azaldu du Candidok, Lakuak elkarteari urtero ematen dion laguntza, 50.000 eurokoa, handitzea espero duenak. Eta badirudi Lakuak aztertuko duela aukera hori jatorri euskalduna duen presoari laguntzeko. Zentzu horretan, Ibarrek AEBetan 22 urte daramatzala preso gogora beharra dago, azken hamabostak heriotzaren korridorean. Orain, Floridako Auzitegi Gorenak Fiskaltzaren helegitea onartzen ez badu, bertatik atera eta beste espetxe batera bidaliko dute epaiketa berriaren zain.
Beste prozesu bat hasiko balitz, garestiena abokatuei ordaintzea litzatekeela azaldu du Candidok. Dioenez, abokatu bat kontratatzea funtsezkoa da bidezko epaimahai bat aukeratzeko, izan ere, etorkinen aurkako jarrerarik ez duten pertsonak hautatzea oso garrantzitsua da. Heriotza zigorraren aurka dauden epaimahaikideak hautatzea zailagoa izango da, Floridan, AEBetako hegoalde osoan bezala, gehiengoa zigorraren alde baitago. «Euskal Herrian jendeak ez du ulertzen heriotza zigorra, %80 daude kontra eta %20 alde. Baina Floridan egoera ezberdina da, han %80 alde daude eta %20 aurka».
Epaimahaiaren aurrean ondo hitz egingo duen abokatu bat izatea ere funtsezkoa da, Pablo Ibarren errugabetasuna defendatu eta fiskalaren argudioak ezeztatu beharko baititu. Ezinbestekoa da Pablo aske izateko. Prozesu luzea izaten ari da, baina Candidok ez du amore eman. Berak lanean jarraituko du bere semea kartzelatik atera arte, eta bere ondoan Tanya egongo da, Pabloren emaztea. «Berari esker eutsi dio egoerari Pablok».
Bukatzeko, herritarrek ere Pablo Ibar Elkarteak martxan jarritako kanpainan parte hartu ahal dutela gogoratu du Candido Ibarrek. Izan ere, aipatutako elkartearen webgunean (www.pabloibar.com) dohaintzak egiteko aukera dago.