euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Oñati boisetarrez bete zenekoa (from Berria)

08/15/2024

Boiseko Unibertsitatetik 76 ikasle iritsi ziren Oñatira 1974. urtean, ikasturte osoa bertan pasatzeko helburuz. Oztopoz beteriko hasiera bat izan arren, «integrazioa oso ona» izan zen azkenean. Aurten, 50 urte beteko dira.

Link: Berria

Urko Iridoy Alzelai. Oñatiko (Gipuzkoa) San Lorenzo monasterioa estatubatuarrez bete zen 1974. urtean. Boiseko Unibertsitateko 76 ikaslek Oñatin egin zituzten ikasketak, urtebetez. Polemikaz beteriko erabakia izan zen garai hartan, baina, oztopoz eta aurreiritziz beteriko hasiera baten ondoren, euskal diasporan «inflexio puntu bat» markatu zuen bidaia horrek, Iñaki Galdosen ustez. 1974-1975. ikasturtetik aurrera, beste lau ikasle talde joan ziren Oñatira, ikasketekin jarraitzera, eta Boiseren (AEB) eta Gipuzkoako herriaren artean harreman berezi bat sortu zen horrela. 50 urte bete dira Boiseko 76 ikasleak Oñatira iritsi zirenetik, eta programazio berezia antolatu dute irailerako. Galdosek Boiseko ikasleen bizipenak jasotzen dituen Abentura bat baino askoz gehiago liburua aurkeztuko du irailean.

Ez zen amerikar ikasle talde bat Oñatira joan zen lehen aldia. «Lehenago, 1970. eta 1972. urteetan, Renoko Unibertsitatetik Uztaritzera [Lapurdi] eta Arantzazura [Oñati] bi bidaia motz egin zituzten. Bigarren bidaian, Pat Bieterrek San Lorenzo eraikina ikusi zuen, eta bertan urte oso bateko esperientzia bat egitea proposatu zuen», azaldu du Galdosek. Boise State University unibertsitateko campus bat Oñatin ezartzea proposatu zuen Bieterrek. «Saiakera asko egin zituzten haien nahia aurrera emateko, baina oztopo asko aurkitu zituzten bidean. Herrian aurreiritzi asko sortu ziren, eta jendea oso uzkur zegoen. Drogak ekarriko zituztela zioten batzuek; beste batzuek, berriz, ikasleen gurasoak aberatsak zirela eta Oñatiko lurrak erosi nahi zituztela; indar handiena hartu zuen teoria, ordea, CIAko agenteak zirela zioena izan zen».

1973. urtean, proiektua osatzeko helburuarekin, Bieter Euskal Herrira etorri zen. «Ipar Euskal Herrian, Juan Jose Etxaberekin eta Telesforo Monzonekin elkartu zen Bieter, eta ikusi zuen kontrako jarrera zela nagusia. Txillardegiren mezu bat ere jaso zuen Bieterrek, bertara etortzekotan euskal erresistentzia babestera etorri behar zutela esanez, eta ez turista gisa», adierazi du Galdosek. 1974ko abuztuan, Boiseko ikasleak etorri baino egun batzuk lehenago, Xabier Zumalde El Cabra eta haren taldeak jarritako lehergailu batek eztanda egin zuen San Lorenzo eraikinean. Hala ere, ikasle eta irakasle taldea Oñatira iritsi zen irail hasieran. «Oñatira sartu zirenean, Guardia Zibilak eskoltatuta iritsi ziren, eta hori irudi ikaragarria izan zen. Integrazioa oso ona izan zen hasieratik, eta haien inguruko iritzi guztiak aldatu ziren».

Ikasturtean zehar, ikasleek ikasketak gauzatu zituzten. «Zenbait gradu zeuden San Lorenzo eraikinean: hala nola historia, gaztelania, dramaturgia eta euskara», esan du Galdosek. Herriko gazteekin harreman handia sortu zuten estatubatuarrek, eta lehenengo urtean egondako batzuk hurrengo ikasturteetan ere Oñatira itzuli ziren. «Hurrengo urteetan zailtasunak egon ziren Boiseko Unibertsitatean Oñatira etortzeko taldea sortzeko, baina, halere, 1976. eta 1980. urteen artean, beste hiru taldek ikasi zuten San Lorenzo eraikinean».

Bost hamarkada ondoren, itzulera

Ikasturtea «oso ongi» joan zen, Galdosen hitzetan; era berean, euskal diasporaren barnean «garai oso garrantzitsu bat» izan zela uste du. Oñatiarren eta estatubatuarren arteko harremanak indartsu mantendu dira urteetan zehar, eta aurten, berriro ere, hainbat ikasle ohi joango dira Gipuzkoara. «Berrogei pertsonako talde bat etorriko da Oñatira, eta aurten Euskal Diasporaren Eguna hemen egingo dugu, irailaren 8an. Hainbat ekintza ofizial egingo dira, baina guk ere beste hainbat jarduera egingo ditugu. Liburua ere irailaren 6an aurkeztuko dugu. Erakusketa bat ere izango da», azaldu du Galdosek. Oñatin bezala, Boisen ere ekitaldiak egingo dituzte, baina hurrengo urtean, ikasleak Boisera itzuli zireneko urteurrena ospatuz.

Ikerketa lan sakon baten emaitza da Galdosek argitaratuko duen liburua. «Hainbat artxibo historiko aurkitu ditut liburua egiterakoan. Liburuaren oinarria ez da soilik Boiseko ikasleek bizi izandako esperientzia. Garai haietako testuingurua irudikatzen saiatu naiz, kronika politikoen, argazkien eta garai hartako prentsaren bidez. Horrez gain, garai haietan hain garrantzitsuak izan ziren pertsonak eta orain agian ahaztuak ditugunak gogorarazteko helburuz ere idatzi dut liburua. Horren adibidea da Ion Oñatibia irakaslea, adibidez», azaldu du Galdosek. Liburuaren izenburuarekin lotuta, «bizipen bat baino gehiago, abentura bat» izan zela adierazi du liburuaren idazleak. Ikasketak alde batera utzita, irakasle bat bihotzeko baten ondorioz hil zen, beste bat neska lagunarekin ezkondu zen, eta haien alaba bertan jaio eta bataiatu zuten. Ezkondutako ikaslea William Petersen aktorea izan zen, eta haren alabari Maite Nerea izena jarri zioten, euskararekiko zuten miresmena erakutsiz.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia