euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Olatz Malaxetxebarria, Katowicen dagoen gernikarra: «Polonian ez dago arrandegirik kalean» (from Berria)

06/05/2020

Erasmus programari esker joan zen Malaxetxebarria Poloniara, otsailean. Koronabirusa dela eta, ezohiko hilabeteak bizi izan ditu, baina herrialdeko bizimodua ezagutzeko aukera izan duela esan du.

Link: Berria

Zihara Jainaga Larrinaga. Ezohiko lau hilabete egokitu zaizkio Olatz Malaxetxebarriari (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1999) Erasmus egonaldian. Etxetik milaka kilometrora, pandemia baten lekuko izan da; Poloniako Katowice hirian, hain zuzen. Ez da damutzen joan izanaz, baina aste gutxi barru itzultzekoa da. Hangoen nortasunak harritu du gehienbat.

Koronabirusa zela eta, ikasle askok etxera itzultzea erabaki zuten; zuk gelditzeko hautua egin zenuen.

Askok beldurra zuten. Baina, nire kasuan, etorri berria nintzenez, gelditu egin nahi nuen. Are gehiago, Euskal Herrian egoera gogorragoa zen, eta nik etxetik kanpo bizitzeko suertatu zitzaidan esperientzia baliatu nahi nuen. Hilabeteak neramatzan pentsatzen, eta ez nuen bat-batean dena pikutara bidali nahi. Erasmus bekak irauten zuen lau hilabeteak ahalik eta gehien aprobetxatzeko esperantza neukan.

Nolakoa da pandemia bat etxetik kanpo bizitzea?

Askotan bakarrik sentitu naiz. Erresidentzia batean bizi naiz, eta hemen egin ditudan lagunak ez dira kuadrillako lagunak; hemen bakoitzak bere bizimodua darama. Ordu asko igaro behar dituzu bakarrik, eta buruari ere bueltak ematen dizkiozu. Zereginik eduki ez izanak gelan bakarrik egotera mugatu gaitu. Egun asko izan dira, eta askotan sentitu dut jendea ikusteko eta norbaitekin hitz egiteko beharra.

Zer egiten duzu egunerokoan?

Goizean eskolak izaten ditut, online. Arratsaldean, kirola egiteko aprobetxatzen dut, eta iluntze batzuetan erresidentziako lagunekin elkartzen naiz. Konfinamendu garaian egunerokoa gogorra izan da. Kalera atera gaitezkeenetik, berriz, egoera askoz hobea da.

Konfinamendua gogorra izan da?

Ordutegi aldetik ez dugu murrizketarik izan. Nahi genuenean ateratzen ginen, betiere, maskara jantzita eta urruntze soziala errespetatuz, eta gehienez bi pertsona elkarrekin. Neurriak hemen hor baino arinago hartu dituztela iruditzen zait, hobeto kudeatu dutela egoera; kasuak hasi bezain pronto, adibidez ,unibertsitateak itxi zituzten, eta konfinatu egin gintuzten. Beldurra nabari zen kalean, baina jendea kontzientziatua zegoen. Gaia seriotasunez hartu da.

Zer plan dituzu datozen asteetarako?

Herrialde barruan bidaiatzen uzten dutela aprobetxatuta, ikasle talde batek hamar eguneko road trip bat egitea pentsatu dugu eskolak bukatzen ditugunean. Ekainaren bigarren astean, gutxi gorabehera.

Zelan konpondu zara hizkuntzarekin?

Hemengo herritarrek ez dute ingelesez egiten. Oso gutxik dakite. Eta kalean edo supermerkatuetan komunikatzea zaila da. Ahal bezala moldatu naiz; betiko trikimailua: keinu bidezko hizkuntza erabili behar.

Zerbaitek harritu al zaitu hango bizimoduan?

Jendea orokorrean nahiko zakarra da. Kalean zerbait galdetuz gero, adibidez, askotan ez ikusiarena egiten dute, edo aurpegi txarrarekin begiratzen dizute.

Eta jatekoa zer moduz?

Supermerkatuetako janaria nahiko antzekoa da. Barazkiak, adibidez, oso onak dira. Atentzioa eman dit arraina lortzea arazo bat izateak, ez baitago hain eskuragarri. Arraina lortu nahi izanez gero, herritik kanpo dauden supermerkatu handietara joan behar dugu. Polonian ez dago arrandegirik kalean. Arraina lortzea arazo bat da. Hemen nagoenetik, izokina soilik jan dut, eta behin.

Nolakoa da hango aisia?

Gurearekin alderatuta, oso antzekoa. Gazteek tabernetara joateko ohitura handia dute; bestela, gimnasio edo merkataritza zentroetan ere gazte asko ikusten da.

Itzuliko zara Katowicera?

Katowicera ez dakit, ez baitago ikusteko askorik, baina gustuko dut joaten naizen herrialdeetara denbora batera bueltatzea eta oroitzapenak berriz sentitzea.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia