euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Naziek erretako osabaren errautsak (from Berria)

12/09/2021

Anjel Lekuonaren bideari segitu dio iloba batek; 36ko gerrako jazarpenetik ihesi, Espainiako errepublikaren alde aritu zen Katalunian, eta nazien aurka Frantzian. Haren errautsak Pragan azaldu dira, hilerri batean.

Link: Berria

Javi West Larrañaga. Orain dela hogei urte hasi zen Anton Gandarias bere Busturiko (Bizkaia) osabaren patua ikertzen. Anjel Lekuona zuen izena: 1913an jaio zen, 11 neba-arrebaren artean zaharrena. 1937ko apirilaren 26an Gernika bonbardatu eta gero, faxistak Busturira sartu ziren, eta Lekuonak alde egin zuen abuztuan, herrian egin zituzten zortzi fusilamenduek uxatuta. Handik zortzi urtera, 1945eko uztailean, gurasoek gutun bat jaso zuten Urruñatik (Lapurdi), semearen heriotzaren berri ematen ziena. Hradischko-ko (Txekoslovakia) kontzentrazio esparruan fusilatu zuten, eta haren gorpua Pragako krematorioan erre. Gutunaren idazlea Gregorio Uranga zen, kontzentrazio esparruan bertan Anjel Lekuonarekin egondakoa. Orain, senidearen errautsak berreskuratzeko esperantza du Gandariasek, eta ihesaldiek, konpromiso politikoak eta kontzentrazio esparruetan alderrai egindako aldi batek markatutako bizialdi bat aurkitu du. Familiaren memoria, kasu honetan, sasoi historiko oso batena ere bada.

Bizitza nahasia izan zuen Anjel Lekuonak, eta gorabehera horiek ikertzen eman du denbora haren iloba Anton Gandariasek. Liburuzaina da Bizkaiko Foru Aldundiaren liburutegian. Uste du osaba Kantabriatik edo Asturiastik joan zela Frantziara, itsasontziz, eta herrialdea iparraldetik hegoaldera gurutzatu zuela berriro Katalunian sartzeko. Bertan, Espainiako II. Errepublikaren alde jarraitu zuen borrokan, Brigada vasco-pirenaica deituan. Ziur dago horretaz haren iloba: «Han egon zela dakit bertako nominetan agertzen delako». Ebroko eta Bruneteko batailetan borrokatu zen brigada. Baina ez zen hor amaitu haren ibilbidea.

Txalupan ihesi

Katalunia faxisten esku jaustean, Lekuonak alde egin behar izan zuen gainerako errepublikanoekin. Gainerako horiek ia 500.000 izan zirela gogorarazi du Gandariasek. Horietako batzuk Frantziarako bidea txalupan egin zutela adierazi du, eta orduko eta egungo errefuxiatuak alderatu ditu. Iheslari kopuruaren ondorioz, Frantziako Gobernuak kontzentrazio esparru batean sartu zituen Argeles-sur-Mer herrian. «Hondartza bat bakarrik zen», azaldu du.

Ordurako, Eusko Jaurlaritza Frantzian zegoen, eta proposatu zuen Ipar Euskal Herrian esparru bat antolatzea erbesteratutako euskal herritarrentzat. Uharte Garaziko (Nafarroa Beherea) Jean Ibarnegarai Frantziako Nazio Biltzarreko kideak kontra egin zion ideiari, Hegoaldeko euskal herritar horiek «komunistak eta abertzaleak» zirelakoan. Francisco Francoren alde zegoen diputatua, eta Gursen egin zen azkenean esparrua, Biarnon (Okzitania). Hortaz, hura ere ezagutu zuen Lekuonak.

Denbora gutxi eman zuen busturiarrak han: bi hilabeteren buruan alde egin zuen. «Dokumentazioan 'Frantziara irten zen' besterik ez du jartzen», azaldu du ilobak. Aurten mezu bat jaso du Gandariasek Gursetik, azalpen gehiago ematen dituena. Informazioaren arabera, egurgin aritu zen basoan Lombardi & Morello izeneko enpresa batean, Arudyn (Okzitania). 1939an hasi zen horretan; hurrengo urteko ekainean azpiratu zuten naziek Frantzia, sei astean.

Egurgintzan zebilela, erresistentzia lanetan ere aritu zela uste du Gandariasek, inguru horietan Espainiako erresistentziako makiak ibili zirelako nazien aurkako borrokan laguntzen. Hori leporatu zion behintzat Gestapok, eta 1943ko uztailean atxilotu zuen. Orduantxe etorri zen kontzentrazio esparruetako odisea: lehenik Compiegnera (Frantzia) eraman zuten, sei hilabetez; gero, Alemaniara, Buchenwaldera; eta handik hilabetera, Flossenburgera.

«Esparru ezezagunetakoa izan zen, eta handienetakoa. Ehun azpiesparru pasatxo izan zituen», azaldu du Gandariasek. Azpiesparru haietako batean amaitu zuen Lekuonak, Hradischkon, Txekoslovakian, Pragatik hogei kilometrora. Han, gaixotu egin zen pleuresia zornetsuarekin. Zazpi hilabetez egon zen erizaintzan, eta osatzen hasi zenean lanean ipini zuten berriro.

1945eko apirilaren 10ean hil zuten Lekuona SSetakoek, hainbat preso kiderekin batera. Nazien dokumentuek diote ihes egiten saiatu zirela, baina Gandariasek ez die sinesgarritasun handirik ematen. «SSetako kide gazte-gazteak ziren zaintzaileak, eta askotan tiroak praktikatzeko erabiltzen zituzten [presoak]».

Bidean tirokatu zituzten, ez exekuzio ofizialetan. Handik lau egunera erre zuten Anjel Lekuonaren gorpua, Pragako krematorioan, bakarrik hamabost egun falta zirela AEBetako soldaduek esparru hartan geratzen ziren presoak askatzeko.

Amaitua zirudien Lekuonaren historiak hor, baina ez. Izan ere, iaz jauzi handi bat egin zuen Gandariasen ikerketak. Unai Egia ikertzaileak beste informazio ale bat eman zion. Nazien politikarekin konforme ez zeudela eta, Pragako krematorioan erretako gorpuak kutxa indibidualetan bereizi zituzten bi langilek, ezkutuan. Aita-semeak ziren: Frantisek Suchy. Horiek horrela, kutxa haietako bakoitza zerrendatu zuten, eta Anjel Lekuonarenari 62.559 zenbakia ipini zioten. Haiei esker berreskuratu ahalko ditu orain Gandariasek bere osabaren errautsak.

Beste biktima bat ikertzen zebilela heldu zen Unai Egia Lekuonarenganaino. Figuerasko (Herrialde Katalanak) Enric Monerren arrastoaren bila zebilen, eta kasualitatez 62.557 zen haren zenbakia. Antonio Medina izeneko gizon batek deitu zion gero; izen bereko aitaitaren atzetik zebilen bera ere. Izan ere, Anjel Lekuonarekin eta Enric Monerrekin batera hil zituzten Herrialde Katalanetako beste lau preso: Antonio Medina, Pedro Raga, Rafael Moya eta Vicente Vila. Rotspanier zeritzen denei naziek: espainol gorriak. Bata bestearen atzetik erre zituzten krematorioan lan egiten zuten aita-semeek, eta ondo zerrendatu zituzten kutxak.

Enbaxadarekin hizketan

Salbuespenezkoa da kasua, ez baita ohikoa kontzentrazio esparruetan hildako biktimen errautsak bereizita gordetzea. Poza hartu zuen Anton Gandariasek bere osabaren errautsak ekartzeko aukera izango zuela jakitean. Orain, Espainiak Pragan duen enbaxadorearekin hizketan dabiltza hiru ikertzaileak, kutxak berreskuratzeko. Horretarako aukera gerra ostean sortu zen, 1946an bertan, Txekoslovakiako gobernuak Suchy aita-semeek ezkutatutako lekutik atera eta Strasniceko krematorioaren hilerrira eraman zituztenean. Orduantxe eroan zituzten frantsesek beren kutxak. Baina, Francisco Francoren erregimenaren ondorioz, haren diktadurapean bizi zirenek ez zuten aukera hori izan. Gandariasek gogora ekarri du Ramon Serrano Suñer Francoren koinatua zela Kanpo ministroa orduantxe, eta nahiago izan zuela errautsak ahaztuta geratzea.

Kutxak berreskuratzeko, bertako historialari batekin harremanetan dabiltza senideak. Hilobia irekiz edo georradar ikerketa bidez aurkitu nahi dituzte, baina ez dakite posible izango den. Gandariasen arabera, inguru horretan 2.000 kutxa egon daitezke, baina «duda izpirik ez dago» bere osabaren errautsak han daudela. Kutxaren materialek ere baldintzatzen dute berreskuratzea, baina ziurrena metalezkoak izango direla uste du ilobak. Zailtasunak ikusita, aukera bi proposatu dizkiete hangoek: kutxen hilobiko lur apur bat ematea senideei edo plaka oroigarri bat ipintzea bertan, hildakoen izen-abizenekin. Ez da nahikoa Gandariasentzat, baina besterik ez bada, beste aukera bat proposatu du: «Guk egin gura duguna kontrakoa da: bertoko lurra eroan bertara. Nik Busturikoa, eta besteek bakoitzak bere herrikoa».

Gandariasek ez daki osaba errepublikanoa, abertzalea, komunista edo anarkista zen. Ezin izan du aurkitu zer batailoitan ibili zen Kataluniara joan baino arinago, eta aurkitutako dokumentazioak ez du zehazten. Abertzalea izan zela uste du ilobak. Edozelan ere, ixtear da haren bueltako bidaia orain.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia