euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritzak nafar musikaren lehen historia orokorra argitaratu du (from Navarra.es)

03/06/2017

Maria Gembero-Ustarrozek une historiko bakoitzean gure soinu-paisaia osatu duten errepertorioen ikuspegi panoramikoa eskaintzen du

Link: Navarra.es

Kulturaren Zuzendaritza Nagusiak "Navarra. Música" lana argitaratu du, Maria Gembero-Ustarrozena; Nafarroako musikaren lehenengo historia orokorra da, eta idatzizko tradizioko errepertorio kultua, ahoz transmititutako musika tradizionala eta hiri-musika herrikoiak lantzen ditu, une historiko bakoitzean Nafarroaren soinu-paisaia osatu duten errepertorioen ikuspegi panoramikoa eskainiz. Azal gogorrez azaleztatu da, eta kalitatezko papera eta koloretako argazkiak erabili dira lana osatzeko.

Musikologia historikotik eta kultura-historiatik planteatu da lana, eta arreta berezia eskaintzen die garai bakoitzean nagusi ziren musika-jardunei, musikari nagusiei eta genero, estilo eta konposizio nabarmenenei. Liburuak Nafarroaren eta beste eremu geografiko eta kultural batzuen arteko musika-elkartruke oparoak erakusten ditu, baita nazio eta nazioarte mailan proiekzioa izan duten garai guztietako musikari nafar ugarien errepasoa egin ere.

Hutsune nabarmena zegoen arlo honetan, eta hori betetzera dator liburu hau. Egileak sarreran dioenez, beste arlo batzuetan dagoen historia-tradizio sendoarekin kontrastean, oraindik ez zegoen Nafarroako musikari buruzko historia orokorrik; ezta garai historikoen araberako musika-azterlan orokorrik ere, Higinio Anglesek 1970ean argitaratutako Nafarroako erdi-aroko musikaren historia izan ezik; oraindik gutxi dira nafar musikariei buruzko ikerkuntza sakonak, baita kontserbatzen diren musikaren inbentarioak eta iturrien katalogoak ere. Nafarroak ez dauka osotasunean bere musika tradizionala, egungo hiri-musika herrikoiak, genero nagusiak eta musikariak hartzen dituzten monografiarik ere.

Liburuaren egitura

Maria Gembero-Ustarrozek, hurbilketan bat egiten du sarreran, Nafarroako musika-jarduerara, oro har, eta musikariek Nafarroatik kanpora eta kanpotik Nafarroara egindako mugimendu nagusietara. Sei kapitulu eta epilogo bat dauka azterlanak. Lehenengo bost kapituluetan idatzizko tradizioko musika kultuaren ikuspegia aurkezten da. Lehendabiziko kapituluan, Historiaurrearen eta Antzinaroaren aipamen labur bat egin ondoren, erdi-aroan jartzen du arreta; garai hartakoak dira ezagutzen diren lehenengo musika-iturriak. Bigarren kapitulua XVI. eta XVII. mendeei eskainitakoa da; orduan antolatu eta finkatu ziren Nafarroako eliza batzuetako musika-kaperak eta ondoren jarraitutasuna izan zuten lurraldeko organista eta organero sare garrantzitsuak. XVIII. eta XIX. mendeko musikari eskainitakoak dira hirugarren eta laugarren kapituluak, hurrenez hurren. Bosgarrenean, 1900etik gaur egunera arte Nafarroarekin lotutako musika-jarduera aztertzen da. Eta seigarren kapitulua, azkena, musika tradizional eta folklorikoan zentratzen da, eta XX. mendeaz geroztiko hiri-musika herrikoi batzuei buruzko errepaso labur bat aurkezten du. Azkenik, eta epilogoaren ondoren, Nafarroako edo Nafarroarekin lotutako konposatzaileen musika-edizio sorta bat, bibliografia eta aurkibide onomastikoa eta toponimikoa.

Publiko zabalari zuzenduta dago liburua, eta ez musikan espezializatutakoei soilik; 31 x 24 cm-ko formatuan editatuta dago eta 366 orrialde ditu. 24 €-tan dago salgai.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia