Urtzi Urkizu. Mendez mende, idatziz transmititu izan da herrien historia ofiziala; baina historia ofizialaren ertzetan badira bestelako ahots batzuk ere, ahoz aho zabaltzen direnak, eta inprobisatu diren leku eta une horri dagozkionak. Liburuetan agertzen ez diren begiradei so, Mintzola ahozko lantegiak eta Lanku kultur zerbitzuek ekoitzi zuten dokumentala.
Zazpi herrialdetako sortzaileen ahotsen barrena bidaiatuko dute dokumentalean: Euskal Herriko Maialen Lujanbio, Galesko Karen Owen, Herrialde Katalanetako Mireia Mena, Kubako Yunet Lopez, Kurdistango Zinar Ala, Mexikoko Las Alondras hirukoa —Diana Laura Hernandez, Dana Sofia Limon eta Rebeca Limon—, eta Sardiniako Simone Monni.
Kultura bakoitzaren sortzaileak emakumearen presentziaz eta transmisioaz daukan ikuspegiaren berri emango du, bizipen pertsonalen eta hausnarketen bidez. Bestetik, Albert Casalsen, Ixiar Eizagirreren, Begoña Guzmanen eta Ruth Finneganen lekukotasunak jasotzen ditu lanak.