euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Mexikoko sukaldaritza eta zaporeak Aldudeko Auzkia etxaldean, Peio eta Nelia Setoainen eskutik (from Berria)

02/17/2018

Orain bi urte hasi ziren Auzkia etxaldean Mexikoko platerak eskaintzen, aurretik kontserbak egiten bazituzten ere. 'Etxalde-ostatua' izeneko sisteman daude, hau da, erabilitako produktuen erdiak baino gehiago etxean ekoitziak dira.

Link: Berria

Eihartze Aramendia Iparragirre. Zergatik ez dugu...» galderarekin hasi zen abentura guztia. Eta zergatik ez. Euskal Herrian ohikoak diren jakietan, Mexikoko sukaldaritzaren ukituak sartzen hasi ziren Aldudeko Auzkia etxaldean (Nafarroa Beherea), orain dela bederatzi urte, Nelia eta Peio Setoain. Eta duela bi, berriz ere galdera bera pausatu, eta erantzuna argia izan zen: «Bai, etxalde-ostatu bihurtuko gara, eta Euskal Herriko sukaldaritza eta Mexikokoa eskainiko dugu». Halaxe kontatu du Nelia Setoain mexikarrak, etxeko sagar zukua eskaintzen duen bitartean.

Etxaldean fruta arbol anitz dituzte: sagarrondoak, gereziondoak, mulixkak... baita baratzea ere: «Domaia zen ditugun hainbeste gauzekin ez jaten ematea». Hortik sortu zen etxalde-ostatu bihurtzearena. Horrek esan nahi du egiten diren produktuetako osagaien %51 etxekoak behar dutela izan, gainerakoa eros daiteke. «Gehienak etxeko mozkinak dira, gure produktuak. Baratzean dugunean, ez dugu deus erosten, eta jendeak hori maite du», adierazi du Peio Setoainek. «Guk ehuneko hori gainditzen dugu;%90 gure produktuak dira. Erosten ditugun gauzak Mexikoko platerak egiteko dira», azaldu du Nelia Setoainek. Guacamolea, esaterako. Euren lurretan guacamole zuhaitzak landatu, baina ez zuten fruiturik lortu... «hemen zaila da, hezetasun handia dago, hotz da...», zehaztu du. Arrain ceviche-a egiteko, adibidez, Bankako amuarraina erabiltzen du. Platerik ezagunenak prestatzen dituela nabarmendu du, takoak, esaterako; ezagutzen ez direnak egiten baditu jendea ez dela animatuko pentsatzen du.

Mexikoko txorizo mota bat ere egiten dute: «Oso desberdina da, ez du zerikusirik hemengo txorizoarekin. Ozpina darama, eta espezie anitz. Gainera, ez da lehortua; egin daiteke, baina guk freskoa jaten dugu». Laster, gainera, Mexikoko beste produktu bat ekoizten hasiko dira, zerrien azalarekin egiten dena, eskabetxean. Takoekin jaten da maiz.

Kontserbak ere egiten dituzte: chilli-a haragiarekin, axoa, erreximentak, sagar zukua... Ostatuan dastatu eta berriz etxean jan nahi duenarentzat edo etxean jan eta gero ostatuan jan nahi duenarentzat. Aitzina begira Mexikoko janariarekin kontserba gehiago egin nahiko lituzkete.

Barnealdeko berezitasuna

Ostatuarekin izan duten harrerarekin kontent daude biak, baina oraindik «anitz» dagoela egiteko dio Nelia Setoainek: «Ohiturak aldatzea oso zaila da, jendea toki berera joaten da betikoa jatera. Batzuetan, berritasunak ez dira oso ongi etorriak izaten». Tokiko jendeari «bitxi» egin zaiola dio Peio Setoainek, baina, dena den, iaz ongi joan zitzaiela nabarmendu du, eta aurtengoa ere bide beretik joatea nahiko lukete. «Jendea Frantzia osotik jin da, eta ingelesak eta alemanak ere izan ditugu. Horiek, normalean, euskal sukaldaritza eskatzen dute, eta Euskal Herriko jendea jiten delarik, sukaldaritza mexikarra galdegiten du. Normala da, hemengoa aski ongi ezagutzen dute, eta zerbait berria dastatu nahi dute», esan du.

Produkzio katea etxean

Zuzeneko harremanetan sinesten dute, eta eurek ekoitzi ezin dutena tokikoei erosteko apustua egiten dute. Haien esku dagoena eurek egiten dute, hastapenetik azken bururaino, etxean duten produkzio tailerrean. Ez dituzte animalia anitz, arrazoi argi batengatik, Nelia Setoainek adierazi bezala: «25 animalia baino gehiago izango bagenitu, ezingo genuke egiten duguna egin. Bestela, beste eskala batera pasatzen zara, jendea kontratatu behar duzu, beste sistema batean sartzen zara».

Bio labela eskuratzen saiatu dira, baina «konplikatua» dela azaldu dute: «Laborantza kooperatibak ez zuen artorik eta prezio bikoitzean saltzen zuen, urrian bakarrik, gainera. Guk ezin ditugu produktuen prezioak bikoiztu, eta artoa ere ezin dugu guhaurrek ekoitzi, ez gara iristen denera». Bio labelik ez badute ere, «zentzuzkoak eta kontzienteak» direla nabarmendu dute.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia