euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Manolo Legina, Bilbon euskaldun jaiotako trikitilaria: «Orain, tabernetan ez da kantatzen» (from Berria)

03/12/2017

Gaztetan hartu zuen lehen aldiz trikitia, eta, orain apenas jotzen duen arren, Leginak ez ditu taulak utzi. Panderoa eta kanabera jotzen ditu, oraindik ere, 92 urterekin. Bilboko Arbolantxa auzoan egiten den Justu Egunean omendu zuten iaz.

Link: Berria

Lander Muñagorri Garmendia. Ibilbide luzea dauka bizkarrean Manolo Legina (Bilbo, 1925) trikitilari eta musikariak. Bilboko Arbolatxa auzoan jaio zen, oraindik ere hiriko baserri gune bakarrenetarikoa den lekuan, baita tokiko euskara gorde den txokoetako batean. Trikitia bertatik bertara ezagutu du, erromerietan. Horrela hasi zen instrumentua ikasten, belarriz, eta, ondoren, hamaika emanaldi egin ditu Euskal Herriko hainbat txokotan. Zahar etxeetara musika eta bestelako ikuskizunak eramaten dituen Caravana de la alegria taldearen hastapenetan egon zen, 1952. urtean, eta, gaur egun, oraindik ere hantxe dabil. Bera da sortzaileen artetik oraindik taldearekin jarduten duen bakarra. Trikitia jotzeari utzia dio, ordea, dioen bezala, atzamarrek ez diotelako erantzuten. Horren ordez, panderoa eta kanabera hartu ditu, eta oraindik ere taula gainera igotzen da. Hori guztia, 92 urterekin. Bizkarrean ibilbide luzea daramala esatea, izan ere, harentzako propio egindako esaldi bat izan liteke.

Gaur egun, bere jaiotetxetik gertu bizi da, Txurdinaga auzoan, eta, kalean, gehienek ezagutzen dute: «Betiko auzokideek, eta baita berriek ere», dio Manuel Legina semeak. Izan ere, auzoko festetan, Arbolantxa auzoan urtero egiten den Justu Egunean, eta beste hainbat ospakizunetan, presente egon da beti trikitiarekin. Joan den astean, esaterako, denboraldiko azken kontzertua eman zuen Caravana de la alegria kolektiboarekin batera, eta han grabatutako bideoa erakutsi du semeak sakelako telefonotik. Aita panderoa jotzen ageri da bideo horretan, baita gogotsu kantatzen ere. Etxera igo ostean, kemen hori sumatu zaio, kanabera hartu eta hura astintzen hasi denean. Atzera begira jarri da elkarrizketa hastearekin batera

Bilbon jaio zinen, Arbolantxa auzoan... 

Bai, 1925. urtean.

Zu jaio zinenean, Arbolantxa Bilbon zegoen, ala oraindik Begoñaren menpe zegoen?

Arbolantxa Begoñan zegoen, eta, ordurako, Bilboren barruan zegoen. Batzuentzat, auzoa Bilbo zen, eta, besteentzat, oraindik Begoña.

Eta, zuretzat, zer zen, Bilbo ala Begoña?

Niri berdin zidan. Ni jaio nintzenerako, Bilbo zen; beraz, Bilbo esango dugu.

Baserri auzo batean jaio zinen, Bilbon bertan. Gaur egun, halako gutxi daude hirian...

Bai, hala da. Baserria han dago, oraindik, baina hutsik. Aspaldi utzi nuen nik. Han anaia gazteena geratu zen, baina dagoeneko hila da, eta, ordutik, hutsik dago.

Baserria utzi, eta zein ofizio hartu zenuen zuk?

Ni arotza izan naiz. Baserria utzi behar izan nuen. Aita eta ama zeuden, eta zazpi seme-alabarentzako lanik ez zegoen etxean.

Zure jaiotetxean, orain gutxi arte behiak egon dira, ala?

Bai, hau Bilbo baita! [Barreak]. Duela urte gutxi batzuk, kendu egin behar izan genituen, azkenean dirua galtzen delako.

Ortua badaukazu oraindik, ordea.

Bai, oraindik hor daukat berakatz sail oso bat. Babak ere bai... Denetarik daukat.

Baserri inguru horretan, erromeriak ezagutu izan dituzu...

Bai. Justu Egunean egiten da erromeria han, Arbolantxan. Aspalditik egiten da; pentsa!, ni musika bandari partiturak eusten egoten nintzen haur nintzela.

Atril lanak egindakoa zara orduan?

Bai; denetarik egitea tokatu zaigu!

Noiz utzi zenion papera eusteari, eta trikitia hartzen hasi? Nola hasi zinen trikitia jotzen?

Nik ez neukan trikitirik. Haurra nintzela amamarekin esnea eramatera joaten ginen auzo osoan zehar, garai batean etxerik etxe banatzen baitzen esnea. Horrela ibiltzen ginen, eta, ematen zidaten eskupekoarekin, hamabost pezeta [0,09 euro] eskuratu nituenean, horrela erosi nuen nire lehen trikitia. Gero, 60 pezetarekin [0,36 euro] beste bat erosi nuen, eta aitak erregalatu zidan beste bat. Eta belarriz hasi nintzen ikasten. Erromeriz erromeri joaten ginen, eta horrela hasi nintzen belarria egin eta jotzen.

Festa baterako ezinbesteko lehengaiak izaten baitira horiek ere.

Bai, trikitia eta panderoa. Nik pentsatu nuen, «nik ere ikasi behar dut, ba, trikitia jotzen!». Horrela hasi nintzen... Tengo una vaca lechera jo behar zela? Doinua harrapatuz gero, erraz egiten nuen. [Barreak].

Etxean, lau anaiak musikariak zineten...

Bai, auzoan denak gure zain egoten ziren, noiz joko genuen musika. Lan egin behar zenean, atseden hartzeko tarteetan zer egingo genuen, ba? Manolok har dezala soinua, ingurua apur bat alaitzeko. Auzokoak gure zain egoten ziren.

Zuen etxean, beti egon da afizioa orduan.

Bai, lau izan gara. gazteenak ere jotzen zuen eskusoinua. Alaitasun faltarik ez zegoen!

Erromerietan parte hartzen, eta , gerora, La caravana de la alegria taldekoek dei egin zizuten.

Bai, Chocolates Bilbainos markako nagusiak nahi zuen, kuadrilla bat sortu zahar etxez zahar etxe ikuskizunak eskaintzeko. Ordurako, plazak egiten ari nintzen ni, eta eurekin joan nahi zuten galdetu zidaten, eta aurrera! 1952. urtean hasi ginen, eta urte luzez aritu gara. Oraindik ere jotzen dut panderoa, pentsa! Aurtengo neguko denboraldia aurreko zapatuan amaitu nuen.

Taldeko beteranoa izango zara. 

Sortu zenetik jarraitzen duen bakarra naiz.

Trikitia, ordea, ez duzu jotzen gaur egun.

Ez, atzamarrek ez dute jarraitzen. Jotzen ari naizela esaten diet nire atzamarrei beste leku batean beharko luketela, baina ez didate erantzuten. [Barreak]. Gelditu egiten dira. 92 urte ditut, eta urteak ez dira alferrik igarotzen!

Panderoarekin batera kanabera ere jotzen hasi zara orain, ala?

Bai, neuk egiten ditut kanabera horiek. Arotz izandakoa bainaiz...

Luthier ere bazara orduan?

[Barreak]. Noski! Zerbait egin beharko da oraindik, ala?

Iazko Arbolantxako Justu Eguneko erromerian omenaldia egin zizuten, eta oraindik ere trikitia jotzen duzu han. Saio polita izango zen hori, ala?

Noski, omenaldiak beti dira politak, baina asko egin dizkidate dagoeneko. Zazpikaleetako txikiteroek ere omenaldia egin zidaten.

Hara jaisten zara txikiteoan?

Orain, ez; baina, lehen, askotan, bai. Pentsa, han ezagutu nuen emaztea! Hango taberna batean egiten zuen lan.

Ez zinen gutxitan jaitsiko orduan...

Tira... [Barreak]. Horrela ibiltzen ginen tabernaz taberna, eta kantuan. Orain, tabernetan ez da kantatzen, futbola besterik ez dago telebistan.

Eta egungo trikitilariak jotzen ikusten dituzunean, zer pentsatzen duzu?

Ezberdina da. Guk baino hobeto jotzen dute, baina bizitasuna ez daukate berdina. Nik ikusten ditut, eta zerbait falta zaiela ikusten dut.

Eta, zuk, noiz arte jarraitzeko asmoa daukazu?

Urtero luzapen bat eskatzen dut; beraz, ahal den artean jarraituko dugu.

Trikitiarekin, baserritik kalera egin zenuen salto...

Bai, eta eskolara joan barik. Sei hilabetez egon nintzen, eta han ikasi nuen irakurtzen eta idazten. Baita gazteleraz ere, etxean denek euskaraz egiten genuen.

Hori izango zen leku bakarrenetakoa euskaraz hitz egiten zena Bilbon.

Bai. Asko aldatu da ingurua.

Nola gogoratzen duzu inguru hau gazte garaian?

Baserriak eta soroak zeuden hemen. Mahasti asko zegoen, hau txakolina egiteko lekua baitzen, eta, horregatik, Mahatserri da inguru hau. Orain, mahatsa tabernetan dago! [Barreak].

Hemen euskaraz egiten zen?

Ez. Gure inguruan bai, dena euskara zen, baina gero ez zen existitzen. Esnea ekartzera jaisten ginen, eta orduan gazteleraz egin behar. Gerra garaia ere horrela igaro genuen, lanean. Gueñesera ihes egin behar izan genuen, eta gauzak lasaitu zirenean itzuli ginen. Pentsa, aita kartzelara eraman zuten euskaraz hitz egiteagatik! Beldurra izaten genuen euskara hitz egiteko. Eta nik, gazteleraz, apenas nekien hitz egiten.

Zuek denak, euskaraz, baina ingurua aldatu egin zitzaizuen.

Auzo berri bat egin ziguten, bai. Baina ni ondo moldatu izan naiz hona etorri izan diren denekin. Ez daukat arazorik. Soinua aldean izanda gainera.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia