Kerman Garralda Zubimendi. Hitz Adina Mintzo hizkuntza gutxituen inguruko zikloan kaxubierari buruz hitz egingo dute gaur Gasteizen. Polonia iparraldeko Kaxubia eskualdean ehun mila hiztun baino gehiago ditu. Maialen Sobrinok (Elizondo, Nafarroa, 1988) eramango du hizkuntza eslaviarra Gasteizera.
Egun, nolakoa da kaxubieraren egoera?
Duela hamar-hamabost urte, jende helduak eta familia giroan bakarrik erabiltzen zuen kaxubiera. Baina hasi zuten biziberritze prozesu bat, eta horretan dabiltza. Bidean, eskolak sortu dituzte, eta erreferentziazko zentroak dira: irakasleak kaxubieraz trebatu behar dira, materiala behar da, etorkizuna bermatzen du... Ez dute Poloniako hezkuntza eredua errepikatu: berri bat sortu dute. Kaxubieraz ez dakiten guraso asko erakarri ditu horrek hizkuntzara. Sorkuntzari ere garrantzia ematen diote: eduki asko kaxubieraz kontsumi ditzakete.
Hizkuntza estigmatizatua da?
Hizkuntza txiki guztiak bezala. Prestigioa kentzeko tresna bat da estigmatizazioa.
Zein testuingurutatik datoz?
Polonia, Europaren erdi-erdian egonda, beti egon da okupatua, eta horren eragina nabarmena da oraindik. Guk gure identitatearekin tirabirak baditugu, pentsa haiek.
Ofizialtasunik badu?
Ofiziala den Poloniako hizkuntza gutxitu bakarra da, nahiz eta ez den hizkuntza gutxitu bakarra. Poloniako gobernua eskuindarra da, eta hemen baino muturrekoagoa. Baina adostasunetara heldu dira. Asko ikas dezakegu handik: gauzak ez dira kolpe bakarrean lortzen; pixkanaka aurreratu behar da.
Irautea bermatua du?
Etnologoek diote egoera lazgarrian dagoela. Baina ez dugu horretan zentratu behar. Ez da lan bat egin behar dena eta gero ahaztu. Hautu bat da, sinesmen bat. Mendeetan erabili den hizkuntza baten galeraren errudunak gu izango gara? Nik ez dut izan nahi. Gainera, hizkuntza txikiei egin diezaiekegun ekarpena erraldoia da.
Zer lotura duzu zuk kaxubierarekin?
Baztan ikastolan ikasi nuen. Duela urte batzuk Nafarroa Oinez antolatzea egokitu zitzaigunez, Txikiak Handi egitasmoan murgildu ginen. Nafarroa Oinez izango den herriaren eta munduko hizkuntza gutxitu baten arteko zubia egiten du proiektuak. Nik kaxubierarekin egitea proposatu nuen. Bost urte egon nintzen Polonian bizitzen, eta han izan nuen, lehendabizikoz, kaxubieraren berri. Horrela hasi ginen harremanetan.
Oraindik harremana mantentzen dute Euskal Herriarekin?
Txikiak Handi proiektuaren helburua txikitasun konplexua kentzea zen. Gutxiengoak gehiengoak gara. Denok ditugu gutxiengo ugari gure baitan, eta horiek gure nortasuna osatzen dutela irakatsi nahi genuen. 2016. urtean, Europako kultur hiriburutzaren harira, Hitzargiak egitasmoan hartu zuten parte. Munduko hizkuntza gutxituek biziberritzeko izan dituzten egitasmo positiboak konpartitu zituzten. 2017an, Garabiderekin elkarlanean hasi ziren kaxubiera hauspotzeko.
Euskal Herrian ezer ikasi al dute?
Ikastolen eredua hartu zuten. Kaxubiera irakasgai hautazko bat zen, baina, ikastolek egindako bidean oinarrituta, kaxubierazko eskolak zabaldu zituzten. Korrikaren gisako egitasmoak ere egiten dituzte.
Eta zer irakats dezakete?
Gure biziberritze prozesuan erlaxatu egin garela uste dut. Bide hau gure aitonaamonek eta gurasoek hasi zuten, eta pentsa, diktadura batetik zetozen. Garai hartan, adibidez, ezinezkoa zen pentsatzea euskaraz ikasteko aukera izango genuenik. Orain, beste garai batean gaude, eta ez dugu ikusten zer ekarpen egin diezaiokegun biziberritze prozesuari. Baina kaxubiarrek ikusarazten digute biziberritze prozesua oraindik ez dela amaitu, eta aurrerapen gehiago lor ditzakegula.