euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Lou Topet taldeak kantariaren piezak euskaraz emango ditu: Pete Seeger euskaldundua (from Berria)

03/17/2017

Kantariaren piezak euskaraz emango ditu Lou Topet taldeak martxoaren 26an Bilboko Loraldian. Harkaitz Canok itzuli ditu hitzak, eta hainbat gonbidatu izango dira

Link: Berria

Iñigo Astiz. Badira mailu ere badiren abestiak. Dar-dar egiten dute banjoaren sokek herrixkaren batean, hasten da abesten ahotsa, nahasten dute airea lehen akorde horiek apur bat, eta lubaki batek gurutzatzen du mundua. Which side are you on abesten dabil Pete Seeger: «Norekin hago? Hator hi langile,/ albisteak entzun./ Sindikatu zaharra/ iritsia baitun. Norekin hago?». Bizitza osoa eskaini zion musikariak gisa horretako kantak bildu, moldatu eta sortzeari, eta horrek bihurtu zuen AEBetako folk musikaren berpizkundearen ikur eta mundu osoko protesta abestien erreferente. 1940ko hamarkadan hasi zuen ibilbidea, eta uztarturik bizi izan zituen musikagintza eta militantzia beti, harik eta 2014an hil zen arte. Ez dok Amairu taldeko hainbat kiderekin izan zen 1970ean Donostiako Viktoria Eugenia antzokian, eta behin baino gehiagotan jo dute haren iturritik edatera euskal sortzaileek. Haren hamalau edo hamabost kanta moldatu ditu orain Lou Topet taldeak, eta omenaldia eskainiko dio martxoaren 26an Loraldia jaialdiko programaren barruan Bilboko Arriaga Antzokian. Harkaitz Cano idazleak euskaratu ditu abestiak, eta gonbidatu sorta ere izango da taldearekin batera oholtzan.

«Klabea da Seeger amerikar musika eta amerikar kultura ezagutzeko», azaldu du Oier Arantzabal Lou Topet taldeko abeslari eta musikariak. Aurrez ere egina zuten Seegerren Where have all the flowers gone ereserki bakezalearen bertsioa Abesti bat gutxiago diskorako, eta horregatik luzatu zien omenaldia egiteko proposamena Loraldia jaialdiak. Musikariaren diskografia osoa arakatu dute oraingoan emanaldirako aukeratutako abestiak topatzeko. «Saiatu gara bere kanta ezezagun batzuk berreskuratzen, baina bere kanta ezagunenetako batzuk ere joko ditugu».

Festa giroa gonbidatuekin

Berezia izango da emanaldia ere. «Seegerren omenezko festa bihurtu nahi izan dugu kontzertua». Ohiko taldekideez gain, hainbat musikari ere gonbidatu dituzte horregatik oholtzara Lou Topetekoek. Berehala onartu dute denek proposamena, Arantzabalek dioenez, eta taldea bertsioekin laguntzen izango dira emanaldian Aiora Renteria, Izaro, Anje Duhalde, King Consul, Joseba Irazoki eta Eñaut Elorrieta. Seegerren kantekin lagunduko dituzte, baina Elorrietaren kasuan, esaterako, haren omenez idatzitako kanta propio bat aurkeztuko diote publikoari. Sorpresak ere izango direla aurreratu du Arantzabalek. «Amaieran... ez dut esango amaieran zer, ze, bestela, spoiler bat izango da!».

Canok euskaratu ditu abesti guztien hitzak, baina Arantzabalek dioenez, ez da itzulpen soila izan. Egokitzapenak ere egon dira, dioenez, eta jarri du adibidea: Seegerren Little boxes abestia, esaterako. AEBetako erreferentziak darabiltza jatorrizko bertsioan abeslariak, baina Euskal Herrira ekarri dituzte aipamen horiek taldekoek Kutxa ttipiak bertsioa sortzeko: «Udalekuak dituzte,/ kamera digital Nikon,/ Deustun ondo lizentziatu,/ deretxo ekonomikon».

Disko labur bat ere grabatu dute okasiorako Seegerren lau kantarekin. «Testigantza moduko bat uzteko izan da, zerbait xumea, oroigarri bat». 300 kopia baino ez dituzte kaleratu, Arantzabalek zehaztu duenez, eta eskuz egin dituzte guztiak. Bilboko kontzertuan salduko dituzte, eta ez dute asmorik kopia gehiago kaleratzeko. «Epilogo moduko bat da hau guretzat». Izan ere, hamaika abeslariren abestien bertsioak egin, eta Canoren itzulpenekin osatu zuten Abesti bat gutxiago diskoa, eta Seegerri egindako omenaldiarekin itxi egin nahi dute ildo hori.

«Bertsioak egitea ez da kopia bat egitea», egin du gogoeta Aranzabalek. Badaki zerbait gaiaz. Libre aritu ziren aurreko lan hartan bertsioak sortzerakoan, eta libre aritu dira oraingoan ere. Alokairuan hartutako bizitoki batekin alderatu du bertsioak sortzearen artea. «Canok ere esaten du hori aurreko proiektuko testuetan. Guk ikusten dugu abesti bat geureganatzea, etxe bat geureganatzea bezala. Alokairuan sartzen zarenean etxe batera, ez da zurea, eta dena dago aurrekoak utzi zuen bezala. Guk abesti batzuetan aldatzen dugu pareten pintura, beste batzuetan uzten dugu, kentzen ditugu lanparak... Edo lortzen duzu zeureganatzea edo ez. Batzuetan dena jarri behar duzu hankaz gora, eta beste batzuetan ez duzu hainbeste aldaketa egin beharrik».

Seegerrek berak ere bazuen bertsiogintzarako zaletasuna. Sakon ezagutu zuen AEBetako folk tradizioa Alan Lomax ikertzailearekin batera lanean, eta beste musikari batzuek sortutakoak dira berak mundura zabaltzen lagunduko abestietariko asko ere. Hori da Which side are you on-en kasua, esaterako. Florence Reece olerkari eta ekintzaile sozialak sortu zuen abestia 1931n, baina bere estilora moldatu, eta txokorik txoko eraman zuen Seegerrek gero. Eta, hain zuzen ere, bertsiogile gisa egindako lana ere nabarmendu dio horregatik Arantzabalek. «Abestiak egiten zituen, noski, baina besteenak ere bere egiten zituen. Politika egiteko bide bat gehiago iruditzen zitzaion musikagintza berari, eta beti deitu dit atentzioa musika ikusteko zuen modu horrek. Mailu bat bezala ikusten zuen, eta frogatzen zuen zer-nolako indarra duen musikak, eta, kasu honetan, folkak, hainbat errealitate islatzeko».

KONTZERTUA

Igandean. Bilboko Arriaga antzokian izango da emanaldia, 19:00etan. Lou Topet taldeaz gain, Harkaitz Cano, Eñaut Elorrieta, King Consul, Aiora Renteria, Anje Duhalde, Izaro eta beste gonbidatu batzuk ere izango dira oholtzan.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia