euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

[Kukairen bidaia Uruguaira eta Argentinako Euskal Astera] "Inoiz jasotako erantzunik beroena izan genuen" (from Aiurri)

01/02/2024

Argentina eta Uruguai bisitatu zituen, azaroaren hasieran, Aukeran Dantza Konpainiak. Bertako zenbait euskal etxe bisitatu zituzten. Biran ibilitako bi izan ziren Uxue Sanchez Larrañaga eta Ane Etxeberria Izagirre dantzariak.

Link: Aiurri

Alba Cabrera Jauregi. Tarteka, oraindik, bizi izandakoa ezin sinetsi dabiltza Aukeran Dantza Konpainiako kideak. Argentinara eta Uruguaira egin zuten salto, azaroaren 6tik 18ra bitartean. Nechoechean nahiz Buenos Airesen eta Montevideon zein Salton izan ziren, Euskal Herriko kultura eta dantzak herrialde horietako euskal komunitatearekin partekatzen. Bertan bizitakoak gogora ekarri dituzte dantzariek.

—“Mundu erdia gurutzatu eta Euskal Herritik hain gertu sentitzea ez genuen espero”, zenioten bidaiaren amaieran.

Uxue Sanchez: Egin ziguten harrera nabarmenduko nuke: Necoecehako euska etxera iritsi bezain pronto, "Agurra" dantzatu ziguten. Ez nuen batere espero, eta zur eta lur gelditu ginen guztiok. Era berean, oso gertukoa izan da gurekin jendea, oso ondo tratatu gaituzte uneoro. Etxean bezala sentitu gara.

Ane Etxeberria: Askotan ez nuen sinisten bertan negoela. Egoera arraroa zen, esaterako, Argentinan, jendea euskaraz hitz egiten ikusten genuelako, sagardotegia antolatu zutelako, euskal musika zaleak zirelako. Erromeria, euskal dantzak...

U.S.: Hirugarren aldiz joan da Aukera Dantza Konpainia bertara. Hortaz, gertutik ezagutzen zuten taldearen ibilbidea.

—Zein emanaldi plazaratu zenituzten Argentinako Necochean nahiz Buenos Airesen, eta, Uruguaiko Montevideon zein Salton?

A.E.: Lehenik, Necocheako pilotalekuan, "Maurizia" plazaratu genuen. Ondoren, Paris antzokian, "Migratzaileak" taularatu genuen.

U.S.: Azken horretan, migrazioaren gaia dugu hizpide. Hain justu ere, lotura handia du diasporako jendeak migrazioarekin: bertako jende asko bizi da Euskal Herrian, eta alderantziz.

A. E.: Uruguairen kasuan ere "Maurizia" izan zen kaleko ikuskizuna eta, Sala Verdi antzokian, "Migratzaileak" egin genuen.

—Harrera beroa jaso al zenuten?

A.E.: Paris antzokian egindako emanaldia dut gogoan, zoratzeko modukoa izan zen! Handia da antzokia, jende mordoa kabitzen da eta ez zegoen aulki bat bera ere libre. Bada, ikusizuna hasi aurretik, oihala itxita zegoela, eta, gu, ekitear, "Ikusi mendizaleak" hasi zen kantzen publikoa, txaloka eta txaloka. "Eta, orain, guk hasi behar al dugu?", esaten genion elkarri…!

U.S.: Mila pertsonako teatroa beteta. Gainera, dantza bakoitzaren amaieran, txalo zaparrada jasotzen genuen. Izugarria izan zen, sinesgaitza.

A.E.: Publikoaren partetik, inoiz jasotako erantzunik beroena izan genuen.

U.S.: Zaila izango da hori gainditzen. Antzoki zaharra da, gainera, xarma berezia du. Emanaldia hunkituta amaitu genuen. Oilo-ipurdia jarri zitzaigun guztioi ikuskizuna bukatu, argiak piztu eta, antzoki osoa jendez lepo, gu txalotzen ikustean.

—Gainera, lagun handiak egin zenituzten Laiotz taldeko kideak.

A.E.: Argentinan egondako astea elkarrekin igaro genuen. Oso esperientzia bizia izan zen.

U.S.: Otorduak nahiz aparteko planak elkarrekin egiten genituen, eta lotan ere eraikin berean ginen. Oso harreman polita egin dugu, hasiera-hasieratik.

—Aukeranen koreografiez gozatzeko aukera ez ezik, zuen eskutik, dantza egiten ikasteko aukera ere izan zuten bertakoek, master class delakoetan.

U.S.: Euskal etxe guztietan, "Agurra" erakutsi genuen. Edu Muruamendiarazek ematen zituen klaseak eta inguruan ibiltzen ginen gu laguntzeko eta zalantzak argitzeko. “Donostiako martxa”, fandangoa eta gipuzkoanoa ere erakutsi genituen, besteak beste.

—Nola bizi du ezagututako euskal diasporako jendeak Euskal Herriarekin eta hizkuntzarekin duten harremana?

U.S.: Jende askok zekien euskaraz. Komunitate handia dute. 

A.E.: Nahiz eta hizkuntza guztiz ondo ez menderatu, euskaraz zuzentzen zitzaizkziun. Ahalegin handia egiten zuten, hitz egiteko, esaten zenuen ulertzeko... Laiotzekin, erromerian, adibidez, abesti pila ezagutzen zituzten, euskaraz.

—Bi asteko bidaia izan zen. Lekualdatze asko izan zenituzten. Ondoren, ondo erantzuten al du gorputzak emanaldietan?

U.S.: Eromen handia izan zen joateko bidaia. Izan ere, Bilbotik Madrilera joan behar genuen, eta, handik, Buenos Airesera, zuzenean. Bada, Bilboko hegaldia atzeratu egin zenez, galdu egin genuen Madrildik Argentinarako bidaia. Ondorioz, hamabi ordu beranduago abiatu ginen Latinoamerikara.

A.E.: Gainera, hamahiru orduko hegaldia izan zen Buenos Airesera. Bada, lur hartu bezain pronto, autobusa hartu genuen eta zazpi orduko bidaia egin genuen errepidean Nechocheara iristeko.

U.S.: Nechocheako egonaldian, ez ginen mugitu. Baina Buenos Airesetik aurrerako bidaian, nabaria zen nekea gorputzean.

A.E.: Autobus-bidaiarik motzena sei bat ordukoa egin genuen. Bigarren astea izan zen neketsuena. Baina ederki gozatu dugu esperientzia!

—Bertako jendeari Euskal Herriko zati bat gerturatu zenioten. Zer ekarri zenuten zuek bueltan?

U.S.: Jendearen harrerarekin eta antolakuntzarekin gelditzen naiz ni. Zoragarria izan da.

A.E.: Etxean bezala sentitu ginen uneoro, oso jende adeitsua ezagutu dugu. Behar genuen guztian lagundu gintuzten, inolako oztoporik jarri gabe. 

—Lanean jarraitzeko bultzada eman al dio konpainiari horrelako esperientzia bizitzeak?

A.E.: Bai, guztiz. Egiten duzun lanari zentzua ematen dio horrelako harrerak. Gure lanari aitortza egiteko modu berezia da.

Oso eskertuta zegoen jendea gurekin.  Edonork amestuko lukeen zerbait da bizi izan duguna.

U.S.: Opari ederra izan da. Duela hiru urte, Aukeran taldean hasi nintzenean, ez nuen sekula pentsatuko dantzan amaituko nuenik Argentina eta Uruguai aldean.

—Aurrera begira, ba al duzue hitzordurik eskuen artean?

U.S.: Datorren urteari begira, proiektu berri batean murgilduko gara. Euskal ipuinak izango ditugu hizpide bertan.



« previous
Ezin izan da datubase zerbitzariarekin konektatu.Error :