euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Koldo Almandoz zuzendari donostiarraren lehen luzemetraia, 'Sipo Phantasma', Rotterdamgo jaialdian estreinatuko dute (from Berria)

02/02/2016

 Gaur emango dute zinemagile donostiarraren lehen film luzea. Istorio eta ahots askotarikoak lotzen dira itsas bidaia batean giroturiko lan horretan.

Link: Berria

Ainhoa Sarasola. Belarra film laburrarekin, 2003. urtean Rotterdamgo Nazioarteko Zinema Jaialdian izan zen Koldo Almandoz. Asteon, Herbehereetara itzuli da berriro zinemagile donostiarra, oraingoan bere lehen film luzearekin. Gaur estreinatuko dute Sipo Phantasma, azken bi urteotan osatuz joan den lana. Itsas bidaiak egiten dituen ontzi batean girotu du filma, baina askotariko istorioak eta ahotsak lotzen dituela aurreratu du Txintxua Films ekoizpen etxeak. Itsasontzi, hondoratze, zinema, mamu, amodio eta banpiro istorioak.

Film «phantasma» bat da Almandozena, zuzendariaren beraren hitzetan; transatlantiko batean hasi, eta «bitakora kaiera baten orrialde zurietan bere kabuz idazten joan den istorioa». Narrazioan halako itsas bidaietako eta zinemako istorioak elkarren artean gurutzatuko dira, bai bata eta bai bestea «garai berean asmatuak, eta, sortu zirenetik, esentzian, apenas aldatu direnak», Txintxua Filmsen arabera. Hala, transatlantiko moderno eta zaharren istorioak, nora ezean utzitako barkuenak eta hondoratzeetakoak nahastuko dira kontakizunean, baita hainbat pertsona nahiz pertsonaienak ere, horien artean, Florence Balcombe, Bram Stoker, Oscar Wilde, Murnau eta Nosferaturenak, besteak beste. 

Hain zuzen, Stokerren Dracula nobelaren narrazio moduari jarraitu dio Almandozek filma ontzean, eta, hala, ahots eta narrazio ez zuzenen bidez osatu du —eskutitzak, egunerokoak, telegramak, artikuluak, berriak, liburu pasarteak eta biografiak, besteak beste—. «Modu horretan, ikuslea izango da pelikula osatzen duten atal ezberdinen arteko loturak egiteko aukera izango duena», aurreratu du ekoizpen etxeak. Filmak istorioen eta irudien erabileraren eta egile eskubideen inguruan hausnarketa egiteko aukera ematen duela gaineratu du.

Europako zinema jaialdi esanguratsuenetako bat da Rotterdamgoa, urtero zinema garaikide eta berritzaileena biltzen duena. Almandozen lanak Sail Ofizialean parte hartuko du, Deep Focus deritzon atalean —sortzaileak, generoak eta alderdi zinematografikoak sakon aztertzeko aukera eskaintzen duen atal gisa aurkezten du jaialdiak—. Haren barruan, Regained atalaren programazioan emango dute —zinemari buruzko pelikulei, klasiko berreskuratuei eta lan esperimentalei eskainitako saila—, Cinerama aretoan.

Esperimentazioaren bidetik 

Almandozek film laburrak ondu ditu orain arte, eta fikzioa, dokumentala eta esperimentazioa uztartu izan ditu haietan. Horien artean daude Amuak (2004), Ahate Pasa (2009), Deus et Machina (2012) eta Hubert Le Blon-en Azken Hegaldia (2014). Haietariko batzuetan lankide izan zituen hainbat lagunekin berriro aritu da oraingoan: Laurent Dufreche muntatzean, Javier Agirre Erauso kameran eta Haimar Olaskoaga soinu teknikari. Joserra Senperenak eta Ignacio Bilbaok (Rumano Power) sortu dute musika. Maider Intxauspek Florence Balcomberen rola jokatu du filmean, eta garai viktoriarrak girotu dituzte Itsaso Azkarate eta Karlos Odriozola txotxongilolariek.

Marian Fernandez Pascalek ekoitzi du filma.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia