euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Italiako eta Euskal Herriko gastronomiek bat egingo dute On appétit!-en, Donostia 2016ko "proposamen zaporetsuenetako bat" (from Deia)

03/08/2016

Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzak On appétit! ekimenaren  bigarren edizioa aurkeztu du, eta oraingoan, Materako (Italia)  Osteria Pico jatetxeko Enza Leone izango da gonbidatutako  sukaldariburua, eta Gasteizko Zaldiaran jatetxeko Patxi Ezeiza  anfitrioia. Italiako chefak "oso proposamen gustagarria" prestatu du  datorren ostiraleko afari-tailerrerako, eta astean biziko dituen  esperientziak hartuko ditu oinarri larunbateko dastaketako jaki  izarra sortzeko.

Link: Deia

Europa Press / Donostia. On appétit! Donostia 2016ko "proposamen zaporetsuenetako bat da",  Euskal Herriko eta Europako sukaldaritzak bateratzea helburutzat  duena. Aurtengo otsailean hasi zen Tomasz Hartman eta Michal Czekajlo  sukaldarien bisitarekin.

Poloniako Wroclaw hiritik etorri ziren Food Think Tank  deritzonaren bi ordezkariak, eta astebetez Donostiako merkatu,  jatetxe eta elkarteetan bilatu zuten inspirazioa; horrez gain, Elena  Arzaken etxean ere egon ziren, baita zenbait sagardotegi, arrain  lonja eta museotan ere. Herritar ugarik haien jaki tradizionalez  gozatzeko aukera izan zuten lantegi-afarian, baita haien errezeta  euskal-poloniar berritzaileenaz ere 'show cooking' saioan. 

Zaporeak, osagaiak, errezetak eta esperientziak trukatzeko  proiektu honen bigarren edizioan, euskal gastronomia Italiakoarekin  bateratuko da Enza Leonek ekarriko dituen proposamenei esker.  Italiako Matera hiriko Osteria Pico jatetxearen chefa da Leone; hiri  hori, hain zuzen, Europako Kultur Hiriburua izango da 2019an. 

ARABAKO GASTRONOMIA 

Enza Leonek, ostiralera bitartean, Arabako gastronomiako sekretu  baliotsuenak ezagutuko ditu Patxi Ezeiza sukaldariaren eskutik.  Ezeiza Gasteizko Zaldiaran jatetxeko chefa da; Michelin izar bat du  jatetxeak. Beste osagai batzurekin batera, Arabako patata, babarrun  gorria, Añanako gatza eta Arabako txakolina inspirazio izango ditu  sukaldari italiarrak larunbatean, hilaren 12an, Donostia 2016ren  egoitzan, 19:00etan, izango den show cookingaren errezetak  erabakitzeko; dastatzeko aukera ere izango da ekitaldi horretan. 

Jarduera horretan herritarrek Italiako errezeta klasiko batzuk  prestatzeko aukera izango dute, baina Enza Leonek aurreko egunetan  ezagutu dituen produktuetara egokituta egongo dira errezeta horiek.  Erakusketaren ostean, haietako batzuk dastatzeko aukera ere egongo  da. Jardueran edonork parte hartu ahal izango du, eta doakoa izango  da. Nolanahi ere, gehienez 200 lagunentzako tokia izango da. 

Halaber, asteartetik ostegunera bitartean, Enza Leone Arabako  gastronomiaren toki adierazgarrienetan ibiliko da inspirazio bila,  Patxi Ezeizak gidatuta. Ostiralean, hilaren 11n, Donostian izango da  afari-tailerra antolatzeko, Vasconia gastronomia elkartean. Jarduera  hori "bidaia bat izango da Italiako gastronomian barrena". Hala,  hainbat jaki tradizional nola prestatzen dituen ikusiko dute  bertaratutakoek, eta ondoren horiez gozatzeko aukera ere egongo da.  Hitzordua 20:30ean izango da eta sarrera aldez aurretik erosi beharko  da proiektuaren webgunean (onappetit.eu) 19,80 eurotan. 



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia