euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Irailaren 1etik 3ra Londresen egingo den Meatopia haragi festa itzelean Astigarragako Txogitxuko txuletak erreko dira (from El Diario Vasco)

08/23/2017

"Txuleton Basque style matured beef". Irailaren 1etik 3ra Londresen egingo den Meatopia haragi festa itzelean Astigarragako Txogitxuko txuletak erreko dira, Imanol Jaca delarik gonbidatu duten Espainiar estatuko harakin bakarra

Link: El Diario Vasco

M. Imaz. "Meatopiak armetara deitzen zaituzte, haragi zale zentzudunok; jo du turutak zapore eta jatorri onenak eskatzen dituzten perfekzionistak biltzeko. Hortaz, hartu tenedoreak, zorroztu aiztoak eta ez galdetu zer egin dezakezuen zuek Meatopiaren alde, baizik eta zer egin dezakeen Meatopiak zuen alde". Horrelaxe deitzen ditu haragijale amorratuak irailaren 1etik 3ra Londresen egingo den Meatopia haragi festa itzelak.

Haragiaren inguruko kaleko festa New Yorken sortu zen, eta bertan egin zen, arrakasta handiz, zenbait urtez. Londresera 2013an iritsi zen, eta arrakastatsu jarraitu du. Izan ere, haragi gorria, are gehiago txingarretan egina bada, osasunaren ikuspegitik ezbaian jarri badute ere, zale asko ditu, eta zale ugari eta sutsu horiei Meatopiak eskaintzen diena da kalitate goreneko haragi gorri-gorria eta egiazko sua.

Irailaren aurreneko asteburuan Londresko Wapping barrutian kokatutako Tobacco Dock-en egingo den hiru eguneko haragi jate erraldoiak, hain zuzen, arau argiak ditu: "ez butanorik, ez propanorik, ez konbekziorik eta, jakina, ez zentzugabeko mikrouhinik". Egurra eta ikatza baino ez brasak egiteko.

Txuletak ere badu tokia

Hiru egunez, Tamesis ibaiaren eskuineko ertzean kokatuta dagoen Tobacco Dock-en, garai bateko tabako biltegi batean, hain zuzen (gainerako biltegi eta kai gehienak bezala zeharo utzita egotetik modako gune izatera igaro da, eta gastronomiari atxikitako azoka eta jarduera ugari hartzen ditu), izen handiko sukaldari ugari jarriko dira parrilen aurrean. Txingarretan erretako haragi gorria anatematizatu nahi dutenei jaramon egin gabe eta bertan zerbitzatzen den haragi dena 'etikoki ekoitzia' dela bermatuz, denetariko piezak eskainiko dizkiete bertaratzen direnei. Herrialde desberdinetako 25 bat sukaldari ariko dira egunero bezeroen aurrean haragia prestatzen.

Eta horien artean egongo da Gipuzkoako haragia, Txogitxu HarakintzakAstigarratik Europako jatetxe ugaritara banatzen duena. Bertako Imanol Jaca da, hain zuzen, Espainiar estatuko harakin gonbidatu bakarra, eta Meatopia eramango du ezagun egin duen haragi mota, "gantz-eduki handia eta gihar eta gantzaren tartekatze bereizgarria" duten txuletoiak, hain zuzen, "behi zahar eta potoloenak".

Meatopia ez da erakusleiho makala izango, kontuan izanda denetariko haragi, haragi-jale eta sukaldariak bilduko direla bertan. Sukaldarien artean ere izango du presentzia Euskal Herriak, nahiz eta bertako sukaldaritza ordezkatuko duen hemen jatetxerik ez daukan talde batek: López de Viñaspre anaien Sagardi taldeak. Orain dela 20 urte baino gehiago euskal gastronomia munduan hedatzeko sortu zen taldeak hainbat marka eta 32 establezimendu ditu munduan barrena, eta bi egunez Mikel López de Viñasprek prestatuko du 'Txuleton basque style matured beef' gisa aurkeztu den haragia. Nahi izanez gero, Londresko Shoreditch moda-modako auzoan daukaten SagardiLondonen bazkalduz edo afalduz osatu daiteke esperientzian. Pintxo batzuk ere jan daitezke barran, horretarako ez dago erreserba egin beharrik.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia