euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Ioar Oteiza: «Gaur egun denok gara 'influencer'» (from Berria)

01/26/2019

Komunikazio agentzia bateko bezeroen aholkularitza du ogibide Oteizak, eta sare sozialek erabiltzaileengan duten eragina aztertu du. Uste du 'influencer'-en negozio berri horrek arriskuak ere badituela.

Link: Berria

Uxue Gutierrez Lorenzo. Norbera nor den edo antzezten ote duen. Errealitate birtualaren aroan, zalantzan dago pertsonaia eraikia edo egiazkoa den. Identitatea sare sozialetan nola ageri den aztertuta, edonor izan daitekeela influencer ondorioztatu du Ioar Oteiza komunikazioan adituak (Lesaka, Nafarroa, 1988). TaPuntu komunikazio agentziak antolatuta, Nortasuna Sarean jardunaldietan izango da Oteiza. Influenzer? galdera ardatz hartuta, influentzien marketinaren inguruan mintzatuko da. Datorren asteazkenean emango du hitzaldia, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean, 18:30ean.

Nortasuna Sarean jardunaldien barruan, zertaz arituko zara zehazki asteazkeneko hitzaldian? 

Influentzien marketinari buruz solastatuko naiz. Helburua da kokatzea hitz bat jende anitzek entzun duena, baina zehazki ez dakiguna hagitz ongi zer den. Definizioa ematen ahaleginduko naiz: zertan datzan, zer plataforma erabiltzen diren, influencer-ak nola katalogatu eta zer influencer mota dauden.

Zer da, bada, influentzien marketina?

Izango litzateke sare sozialetan jarraitzaile anitz dituzten pertsonak baliatzea produktu edo marka bat ezagutarazteko edo kanpaina bat egiteko.

Saltzeko era berri bat ote? 

Bai, berez berria da, eta, era berean, ez hain berria. Influencer-ak bihurtzen dira preskriptore moduko batzuk, eta hori betidanik existitu da. Pertsona batek sektore jakin batean duen esperientziagatik edo ezaguna izateagatik, pertsona horren iritziak balio handiagoa du bertze batenak baino. Edo famatu baten iritziak ere bai. Edo hurbileko norbaitenak. Berria dena da gaur egun sare sozialetan egiten dela. Blogekin hasi zen mugimendu guztia; gero, Youtubera pasatu zen, eta, orain, Instagram gailentzen da.

Sarean, egia esatea gezurra esatea bezain erraza izan daiteke.

Batzuetan, nabaria da horren atzetik publizitatea dagoela, eta ezerosoa ere suerta daiteke. Baina badaude modu naturalagoak hori egiteko; sarri, gu ohartu gabe ere bai.

Influenzer? galderatik abiatuko dira jardunaldiak. Zer da, bada, influencer izatea?

Nik neuk, aurkezpenean, egia erran, galdera batzuk ere planteatzen ditut. Adibidez: zein da honen etorkizuna? Orain modan dago, baina noraino luzatuko da moda hau? Edo lanbide bat izan daiteke? Orain umeei galdetzen dietenean zer izan nahi duten nagusitan, batzuek erantzuten dute youtuber izan nahi dutela. Youtuberrak influencer mota bat dira, eta zerbait berria da; gu txikiak ginenean ez zen existitzen lanbide hori. Gero, bertze kontu bat da ea posible den Euskal Herrian eta euskaraz honetaz bizitzea. Badaude galdera batzuk ez direnak hain erraz erantzuten.

Influencer hitzak barnean dakar eragina izatea. Zertan, baina? 

Bere iritziak edo berak idazten edo erraten duenak eragin bat sortzen du gizartean, horregatik da influencer. Hori, adibidez, jarraitzaile kopuruaren arabera neurtzen ahal dugu: zenbat eta jarraitzaile gehiago, orduen eta eragin handiagoa. Baina hori ere ez da hain zehatza. Hor kontuan hartu behar dira beste faktore batzuk: audientziarekin duen interakzioa edo sektore horretan betetzen duen paper erreferentziala.

Edonor izan daiteke influencer

Nik uste dut hein handi batean denok garela influencer. Denok sortzen dugu eragina gure inguruan. Gaur egun, gehiengo handi batek du konturen bat sare sozialen batean. Hor publikatzen dugun oro, gu ohartu gabe baldin bada ere, influentzia bat sortzen ari da.

Markak bilatzen du influencer-a?

Ez beti. Orain, influencer izan nahiaren mugimendua dago. Batzuk hasi dira ikusten posible dela horretatik bizitzea, eta badabiltza ea lortzen duten markek beren irudia erabiltzea.

Eta zerk neurtzen du arrakasta?

Jarraitzaile kopuruak markatzen du dezente, baina, hori hutsean begiratuta, agian ezingo dugu neurketa objektibo bat egin. Batzuek lortu dute euren eguneroko bizitza naturaltasunez erakustea, eta, azken finean, hori da beren balio erantsia. Marka batek ez duen naturaltasun hori pertsonak ematen dio produktuari. Normalean, besteen eguneroko bizitza ikustea gustatzen zaio jendeari, eta horretan datza sare sozialen arrakasta.

Orain puri-purian dago gaia, baina epe luzean mantentzeko aukera dago?

Negozio bide berri bat ireki da, baina arriskuak ere badaude: influencer bat produktu bihurtzea edo bizitza atsegin dut kopuruaren menpe eraikitzea. 

Oro har, eraginkorra da?

Erosle potentzialari azken urratsa egiten lagun diezaioke. Gazteengan dute eragin eta sinesgarritasun handiena. Nerabeen bizi digitala oso aktiboa da, eta haiek oso natural bizi dute. Jende heldua, aldiz, mesfidatiagoa izan daiteke.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia