Urtzi Urkizu. Lamia Producciones ekoiztetxeko zuzendaria da Iker Ganuza (Iruñea, 1976). Helena Tabernaren Varados dokumentala ekoitzi du (Filminen ikusgai dago).
Egunotako Netflixeko arrakastarekin argi geratzen ari da Akelarre filmeko istorioa unibertsala dela, ezta?
Bai, eta hori genuen hasieratik buruan. Istorioa Euskal Herrikoa da, baina baita unibertsala ere. Toki askotan gertatu ziren sorginkeriaren eta inkisidoreen antzeko istorioak.
Zein herrialdeetan iritsi da lehen tokira filma Netflixen?
Espainian, Mexikon, Argentinan, Uruguain, Paraguain eta Brasilen.
Mundu osoan hirugarren tokira heldu zen asteburuan. Ekoizle moduan, zer sentitu duzu hori jakitean?
Harrigarria izaten ari da. Poz handia hartu dugu. Harrotasuna ere bai; azken finean, denbora eta lan asko jartzen duzu film batean, eta, horrelako arrakastak lortzen direnean, poza handia da. Espainian espero genezakeen lehen postuetan ibiltzea, baina Latinoamerikan eta munduko beste toki batzuetan gertatu dena, ez. Omanen eta Qatarren ere herritar asko ari dira filma ikusten.
Bost Goya sari irabazi izanak badu eraginik horretan?
Espainian, bai, baina beste herrialde batzuetan, ez dut uste. Filmaren gaiak eta itxurak eragin handiagoa izan dute. Netflixek zabaldu duen trailerra, eta nola zabaldu duen, aintzat hartzekoa dela esango nuke. Protagonistak neska gazte batzuk dira, eta itxura erakargarria du.
Zein beste arrazoi egon daitezke filma hainbeste jendek ikusteko?
Filmaren itxura teknikoak eta argazkiak ere eragina izan dute, agian. Musika ere deigarria da. Netflixekoek lan ona egin dute, gainera, edukia saltzen. Argi dago guretzat ezustekoa izan dela. El hoyo filma da Euskal Herrian ekoitzi diren lanen artean Netflixen arrakastarik handiena izan duena, baina hura desberdina zen: generokoa eta gaztelaniaz.
Sare sozialetan milaka iruzkin izaten ari da.
Bai, sekulakoa da. Igandean begira aritu nintzen, eta minutu bakoitzeko iruzkinak zeuden.
Bikoizketari dagokionez, Netflixen ezohikoa den zerbait gertatzen ari da: euskarazko elkarrizketak mantendu egin dituzte bertsio gehienetan, ezta?
Bai, oso berezia da. Netflixen ingelesezkoak ez diren lanak bikoiztu egin ohi dituzte. Akelarre-n, gaztelaniazko pasarteak bikoiztu dituzte, baina euskarazko pasarteak bere horretan mantendu dituzte, azpidatziekin. Ederra da hori. Ikusle ugari munduan barna iruzkinak egiten ari dira esanez zein hizkuntza polita den euskara. Pablo Aguero filmeko zuzendaria, gainera, bikoizketa jarraitzen aritu da. AEBetako ikus-entzuleengana iristeko, eskatu du euskarazko parteak ere bikoizteko; ingeles hutsezko bertsioa apirilaren 1ean egongo da prest.
Akelarre Donostiako Zinemaldian estreinatu zenetik, nolakoa izan da filmaren bidea?
Jaialdian kritika nahiko onak izan genituen. Urriaren 2an zinema areto komertzialetan estreinatu zen filma. 23 aste pasatu dira orduz geroztik, eta oraindik hogei aretotan dago ikusgai. Ikusle kopuruen datuak oso onak izan dira: zineman, 45.000 ikus-entzule inguru izan ditugu.
Pandemia garaian egonda, datu onak dira, ezta?
Bai. Normalean ere datu onak izango lirateke, baina pandemiako baldintzetan, oso onak dira.
Frantzian eta Iparraldean, ordea, ezin izan da estreinatu.
Urtarrilean estreinatzekoak ziren. Sophie Dulac Distribution banatzaileak hartu zuen, baina COVID-19agatiko neurriek galarazi egin zuten estreinaldia. Argentinan oraintxe estreinatu dute zinema areto batean. Berriki zabaldu dituzte han aretoak.
Pandemiak aldatu egin du zenbait konpainiak estreinaldiei begira duten estrategia. Zinemetako esperientzia galtzeko arriskuan al dago?
Ez dut uste. Filmak zineman ikustea beste esperientzia bat da. Pozik nago Netflixen milioika herritarrek ikusiko dutelako, baina zineman ikusi dutenei garrantzia ematen diet. Akelarre pantaila handian ikustea ez da gauza bera.