Arantxa Manterola, Baigorri. Etxauzeko gazteluan, berriz, Herriko Etxeak harrera bikaina egin zien Nafarroa Behere eta Garaiko hainbat hautetsiri eta Udalbiltzako ordezkariei. Zigante eta buruhandiek ere ez zioten kale egin hitzorduari, baina buruak plastikoz babestu zizkieten arren, azkar erretiratu behar izan zituzten euriak kaltetu baino lehen.
Elizako plazako musika eta dantzen emankizunaren ikusgarritasuna zertxobait lausotu bazen ere, Xan Leon Indartek ohore egin zion bere izenari eta indartsu aritu zen ekitaldia animatzen. «Zatozte, biba zuek, aitzina, ez dugu amore emanen» esanez, harrera egin zien trikitilariei, musikariei, herriko dantza taldekoei eta Irurtzun, Otsagabi edota Tuteratik jindakoei ere, denen artean laino grisak uxatuko zituztela ziurtatuz.
Egia esan, goiz parteko ekitaldia amaitzen ari zela, halako etenaldia egin zuen euriak, eta horri esker presoen eskubideak aldarrikatuz egin ohi den manifestazioak beste plazarainoko bidea errazago egin zuen.
Maskaradarik ez
Horren aurretik, Basaizeako Bixente Irigaraik eta Amaia Kastorenak elkartearen mezua zabaldu zieten plazan bildutakoei. Kanpoko kulturak ez dituztela mespretxatzen nabarmenduta, «gurearentzat ere errespetuz» jarduteko eskatu zieten bi gazteek «estatu handiei». «Ez dugu kulturen hierarkizazioa onartzen, kultura guztiek eskubide berdinak izan behar dituzte», esan zuten.
Urte hasieran Charlie Hebdoren kontra Parisen izandako atentatuaren ostean ikusi den «maskarada» ere salatu zuten, gogora ekarriz munduko agintariek adierazpen askatasunaren alde egindako ekitaldian zeudela gobernu frantsesa, hizkuntza gutxituak onartzen ez dituena, eta espainola, “Egunkaria” bezalako hedabideak ixten dituena.
Korrika, Gernikako bonbardaketaren 78. urteurrena, igaro berri diren kantonamenduetako bozak edota folklorismoa ere hizpide izan zituzten. «Kultura naturala nahi dugu, egunerokotasunean erabiltzen den kultura. (…) Gu zuekin, elkarrekin aitzina joateko nahiak du nazioa eraikitzen», nabarmendu zuen Irigaraik.
Bukatzeko, «gure historia nafarra da, gure geroa euskalduna» baieztatu zuen, helburu horrekin bat datozenei bidea elkarrekin egitera gonbidatuz: «Zuek gu izan zaitezten, zuek gabe ez baikara gu».
Ikastolen aldeko bazkariak ehunka pertsona bildu zituen eta karparen inguruan Irrien Lagunek paratutako joko eta animazioez gozatu ahal izan zuten haurrek. Euria tarteko, ez nahi beste, halere. Arrazoi berberagatik, arratsalde parteko emankizun batzuk, Etorkizuna Kontzeptuak-en “Leihotik” ikusgarria esaterako, bertan behera geratu ziren.
Euria gorabehera, euskal kultura, hizkuntza eta Nafarroa bizirik mantentzeko nahi eta grinari tinko eutsiko diotela argiki erakutsi zuten, beste behin ere, Baigorrin.