euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Graxiana Castillon (Eskiula, 1994): “Gure helburua zen dantzan aritzea, plazer hartzea” (from Iparraldeko HItza)

07/26/2019

Uztailaren 14an estreinatu zuten zortzi zuberotar dantzarik ‘Topa Noka’ karrikako ikuskizuna. Emazte dantzariek duten lekuaz gogoetaturik, plazak hartuko dituzte beren sorkuntzarekin.

Link: Iparraldeko Hitza

Joanes Etxebarria. Interneten adineko bi emazte zuberotarren lekukotasunak ikusi ondotik abiatu zen neska dantzarien ideia. Hainbat laguntzailez inguraturik dantzak, musika edo arropak sortu eta abiatu dira plazaz plaza. Hala dio sortu duten kantuak: “Topa Noka herroka, plazaz plaza saltoka biziari txaloka, dantza aitzina pika, urratsak errepika, eten ez dadin soka. Gizoner desafioka, korpitzer bardinaka, neskatilen guduka”. Topa Nokaikuskizunean ari da Graxiana Castillon (Eskiula, 1994).

Zer da Topa Noka?

Topa Noka, herroka! Zortzi neskaz osatua den talde bat da. Duela urte bat hasi ginen mintzatzen, eta martxotik egiazki lanean aritzen uztailean emateko, Mauleko bestetan eman baitugu lehena. Noka, prefosta, emazteei mintzatzeko manera bat da, Eskiulan eta Barkoxen anitz baliaturik dena. Germaine Lexardoiren elkarrizketa bat ikusi genuen Interneten, eta hortik abiatu ginen. Ikustez gure lekua Zuberoako dantzetan: badugu gure lekua, baina kantuan erraten dugun bezala, “pottikoak ikusiz zainart, gü ez ginen egon nahi apart”. Zeren azken ikuskizunetan beti mutikoak ikusten dituzu egiazko zuberotar dantza egiten, eta gu beti ondoan urrats zenbait egiten… Baina hartako muntatu dugu hori.

Ez baitzenuten zuen lekua?

Ez dugu sentitu osoki… gure lekua bagenuela bai, baina ez guk nahi genuen bezala, ez mutikoek bezala. Sentitzen genuen bazela moztura ttipi bat, halere. Jendeak behatzez ere sentitzen genuen. Üda batez ikuskizunean, adibidez, koreografoak bere ikusmoldea eman du, baina jendeak behatzez mutikoak ari ziren saltoka eta… eta guk nahi genuen erakutsi nola zen emazte bat zuberotar dantzetan.

Mutikoak indarrean eta neskatilak finezian?

Bakoitzak badu bere ikusmoldea zer den dantza eta zer zuberotar dantza. Bakoitzak maite du maite duena. Gure helburua zen egiazki dantzan aritzea, plazer hartzea, maite ditugun [dantza] puntuak egitea eta ez bortxaz indartsuak. Egin dugu maite genuena egitea.

Hastapenean aipatu duzun elkarrizketan zer dio Lexardoik?

Hark amiñi bat xantza ukan du, zeren aitarekin eta anaiarekin ikasten zuen dantza. Salbu gero ez zuela zuzenik plazetan aritzeko. Egun batez, aitak erran zion joatea plazara dantzan aritzera, eta “les grenouilles de bénitier“, erraten duen bezala [emazte jainkojaleak], hasi zirela erraten “Emazteak gizonen artean, ez zarete ertzo?” eta halakoak. Geroztik, ekuratu eta anitzez berantago arra hasi ziren. Garaibiko [Urdiñarbeko auzoa] Paulinen elkarrizketa ere bada: kontatzen du Bordelera joan zela bizitzera eta han zituela ikasi dantza jauziak.

Eta zuek, emazteen arteko lehen dantza sorkuntza zuberotarra.

Emazteen maskarada bat izan zen Eskiulan, eta pastoral bat ere izan zen. Egia da lehena dela. Bada zenbait urte orain Kauter Balet badela, eta, gure lagunak baitira, guk ere emeia genuen dantzan aritzea, baina haiek ezetz, bakarrik mutikoak zirela haiekin ari. Hori da guk erakutsi nahi duguna, orain guk lekua badugula. Plazara joaten ahal gara, eta nahi dugu iganarazi mezua: profita dezagun horren ukaitea eta dantzan aritzea dela helburua.

Dantzariak, ohikoa bilakatu den bezala, herri desberdinetakoak.

Bai. Ez genuen galdu nahi bakoitzak bere dantzatzeko manera. Denek baditugu gure dantzatzeko manerak, eta ez genituen nahi uniformatu.

Badira urteak herri desberdinetakoak elkarrekin ari zaretela. Oraino badira herri bakoitzeko urratsak?

Bai, Urdiñarbe eta Muskildikoek elkarrekin maskarada bat egin dute berriki, eta ikusten zen nor zen Muskilditik eta nor Urdiñarbetik. Nik Eskiulatik ez dut sobera; denetik hartu dut, ez baitugu ez maskaradarik ez deus egin.

Zure amak parte hartu zuen Eskiulako emazteen arteko maskaradan. Orain, zuk nesken arteko sorkuntzan.

Ez dakit zerbait ikustekoa baduenez. Beharbada, gure ikusmoldea hala da, eta nik hartu dut amarena ere, beharbada. Ez dut batere horri pentsatu.

Lehen aldiz eman duzue Topa Noka Mauleko bestetan. Nola joan zen?

Izugarri ontsa! Ez genuen sekula halako gauzarik egin; nik, maskaradarik ere ez —ikastolakoa bai, baina labur izan zen—. Ikuskizunekin konparatuz, ez du deus ikustekorik: jendea hor da so, dantzei so, behatzen, isil-isila… Izugarri eder da ikustea hainbeste jende dantzaren eta kulturaren alde. Tauletan zarelarik, ez duzu nehor ikusten; hor, bai.

Ukan dituzue mutiko dantzari adiskideen oharrak?

Bai, eta plazer izugarria egin digu. Erran digute parioa bete genuela; gutaz kontent ziren. Erran dute haiek ez zutela halako punturik asmatu eta ari ginen hori gure berezitasuna zela: puntu finagoak egitea. Aholku onak ukan ditugu.

Orain plazaz plaza ematea duzue xedea?

Hamar ateraldiz goiti baditugu jadanik. Errepikak ere plazaz plaza egin ditugu —Hokin, Muskildin…—, eta hori da helburua, plazan dantzan aritzea, ez taulada batean.

Arras beste maila batean, gasna saltegi bat irekiko duzu Maulen.

So egin dut zer ments zen Maulen, eta hortik abiatu naiz; gero egin ditut formakuntzak oro. Hastapenean, helburua zen zerbait zabaltzea non ere euskara bizi den. Duela bi urte hasi nintzen ikusten zer egiten ahal zen —edo ostatu edo ez nekien zer…—, baina hori zen helburua.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia