euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Gora Euskal Herria! Gora Aberri Eguna! (Berrian, hainbaten artean)

04/20/2025

Irati Jimenez (Olaso Dorrea Fundazioa), Gorka Espiau (Agirre Lehendakaria Fundazioa), Mireia Zarate (Sabino Arana Fundazioa), Naiara Goia (Arantzazu Lab) eta Carlos Etxepare (Euskal Herria Batera)

Link: Berria

Aurtengo Aberri Eguna munduaren eta beraz gure herriaren etorkizuna aldaketa sakonen menpe dagoen une historiko batean ospatzen dugu. Europako eta munduko egoera geopolitiko eta sozioekonomikoa ziurgabetasunez eta erronkaz beteta dago. Hemen eta orain, herri gisa gure lekua berretsi eta etorkizunaren norabidea marrazteko beharra dugu.

Bigarren Mundu Gerraren ondoren ezarritako nazioarteko ordena eta egitura politiko-ekonomikoak gain behera daude. Gatazkak eta lurralde-lehiak ugaritu dira, eta mundu-mailako botere-balantzak aldaketa sakonak jasaten ari dira. Ukrainako eta Gazako gerren basakeriak agerian uzten dute ordena zaharra krisian dagoela. Estatu-nazioen arteko harremanetan paradigma berriak ari dira sortzen, eta testuinguru horretan, Euskal Herriak bere bide propioa urratu behar du.

Baina geopolitika ez da bakarrik gerra eta gatazka. Garai aldaketa sakon batean murgilduta gaude, eta faktore ugarik eraldatzen dute gure bizimodua: adimen artifiziala eta digitalizazioa, larrialdi klimatikoa eta baliabide naturalen agortzea, eraldaketa demografiko sakonak eta migrazio-olatu berriak. Guztiek, aldi berean, sistema ekonomiko eta sozialaren eraldaketa azkarrak dakartzate. Ziurgabetasuna da nagusi Europan eta munduan, eta egoera horrek arrisku eta aukera berriak sortzen ditu gure herriarentzat.

Zaharra hiltzen ari da, baina berria oraindik ez da erabat jaio. Trantsizio-aldi nahasi batean gaude, eta historian askotan bezala, horrek autoritarismoaren itzala ekarri du. Ultraeskuina eta populismo atzerakoia indartzen ari dira mundu osoan. Espainian eta Frantzian, haien presentzia gero eta nabarmenagoa da, eta demokrazia bera kolokan jar dezakete. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da demokrazia eta gizarte justu eta aurrerakoia defendatzea.

Euskal Herrian, askatasunean eta justizia sozialean oinarritutako proiektu bat indartzeko beharra dugu.

Erronka globalak eta geopolitikoak gure errealitate nazionalean islatu egiten dira. Euskal Herria osatzen duten hiru eremu instituzionalek erronka ekonomiko, sozial eta ingurumeneko handi berberak dituzte, nahiz eta bakoitzak bere berezitasunak izan. Gaur egun, Euskal Herria honaino ekarri duten tresna politiko, sozial eta instituzionalak indartu eta gaurkotu behar ditugu gure herriaren etorkizuna bermatzeko.

Zein da gure herriaren etorkizuna XXI. mendeko mundu zalapartatsu honetan? Erantzuna ez dago idatzia, baina bide bakarra dugu: gure burujabetza indartu eta herri gisa ditugun erronkei aurre egiteko tresna politiko eta instituzionalak eguneratu.

Herri-diagnostiko sakon bat behar dugu, funtsezko galdera hauei erantzuteko: Nolakoa izango da gure demografia etorkizunean? Zein neurri hartu behar ditugu biztanleria zahartzeari eta migrazio-erronkei aurre egiteko? Nola bermatu gure industria-sarearen etorkizuna, trantsizio teknologiko eta digitalaren testuinguruan? Zein izango da gure energia-eredua eta ingurumen-politika datozen hamarkadetan? Zer-nolako hezkuntza- eta hizkuntza-politika behar dugu gure nortasuna eta gure garapen soziala bermatzeko? Nola ziurtatuko dugu gure jendartearen ongizatea? Nola sustatu euskal jendartean berdintasun soziala? Zer motatako urratsak egiten ditugu gure nazioaren bizkarrezurra garatzeko?

Beraz, Euskal Herriak bidegurutze historiko bat du aurrean. Ekaitz handi baten atarian gaude, eta ekaitz horren barna etorkizun hobe baterantz nabigatzea da gure erronka. Euskal herritar guztien auzolana ezinbestekoa izango da etorkizun hobe horretarantz mugitzeko.

Abertzaletasuna ez da soilik iraganaren oinordeko izatea, baizik eta etorkizunari begira jartzea. Herri honen konpromiso komunitarioa indartu behar dugu, gure burujabetza sendotzeko eta erronkei aurre egiteko. Horretarako, herrigintza aktibo bat behar dugu, belaunaldi berriei aukera emango diena eta tresna politiko eta instituzionalak egokituko dituena. Aberri Egunean, gure oinarriak ozen aldarrikatu nahi ditugu:

Nazio bat gara. Aturritik Ebrora, lotura linguistiko, kultural, historiko, sozial eta ekonomiko sendoak dituen komunitate batek osatzen du Euskal Herria. Euskal nazioa existitzen da, eta gure ardura da etorkizunean ere herri gisa irauteko tresnak eguneratu eta sendotzea.

Euskara gure nazioaren ardatza da. Euskara da gure nazioaren bizkarrezurra. Gure komunitatearen hizkuntza da, eta horregatik, euskararen biziberritze osorako konpromisoa berresten dugu. Euskara da herri egin gaituena eta etorkizunean ere egingo gaituena.

Aniztasuna balio gisa duen nazioa gara. Euskal Herria plurala da, euskal lurraldeek berezko ezaugarriak dituzte eta gurean dauden askotariko tradizio politikoak elkarbizitzan ahalegintzen dira. Euskal Herria plurala da eta mendeetan zehar aberastu da ekarpen kultural eta sozial ezberdinekin. Aniztasun hori gure balio nagusietako bat da, lurralde pluralak ditugu. Gaur egungo munduan arrazakeria eta xenofobia areagotzen ari diren honetan, argi adierazi nahi dugu euskal herritarra dela bertan bizi, lan egin eta gure herriaren parte izan nahi duen oro. Denok ditugu eskubide eta eginbeharrak, elkarrekin eraiki nahi dugun Euskal Herrian.

Bere etorkizuna erabakitzeko gai izan behar dugu. Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko gaitasuna izan behar du. Printzipio demokratiko oinarrizko eta besterendu ezinezko hau ozen aldarrikatzen dugu. Gure herriak bere bidea aukeratu behar du, inposiziorik gabe, askatasunez eta erabakitzeko eskubide osoz, horretarako beharrezko diren tresna juridikoak egokituz.

2025eko Aberri Egun honetan euskal herritar guztiak daukagunaz gozatu eta etorkizun hobeago bat amestera gonbidatzen ditugu, herritar askez osaturiko herri aske bat amestera.

Gora Euskal Herria! Gora Aberri Eguna!



next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia