Leloa: Elkar mugituz egingo dugu
Antolatzaileak: Taupa euskaltzaleen mugimenduaren kudeaketapean, koordinazio mahaia osatzen dute Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Nafarroako Euskarabideak eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskal Elkargoak.
Onintza Irureta Azkune. Hiru edizio eta gero hausnarketa egin zenuten. Zerk funtzionatu du? Zer da 2025eko ediziorako baliagarria?
Lehenengoak espektatiba guztiak gainditu zituen, zerbait berria zen, herrietan mugimendua zegoen, ilusioa... Bigarrena pandemia bete-betean egin genuen, eta hirugarrenean ikusi genuen ilusio apaltze bat egon zela. Iruditu zitzaigun bazela garaia gogoeta egiteko eta identifikatzeko zerk funtzionatzen duen eta zerk ez duen funtzionatzen horren ongi. Titular oso argi bat atera genuen gogoeta horretatik: Euskaraldia da gaur gaurkoz euskararen erabileran eragiteko tresna masibo eta eraginkorrena. Alabaina, aldi berean, berrikuntzak ere behar zituen.
Oso argi ikusi da mantentzekoak direla ariketaren esentzia diren oinarriak, hau da, ahobizi eta belarriprest rolak eraginkorrak dira. Ariketa egun jakin batzuetakoa izateari eutsi zaio eta izen-emateak laguntzen du konpromisoa hartzeko, ikerketarako eta abar.
"Euskaraldia da gaur gaurkoz euskararen erabileran eragiteko tresna masibo eta eraginkorrena"
Berrikuntzak zein zentzutan?
Jendeak esan digu bi urtean behin gauza bera egiten dela, zeozer aldatuko luketela... baina inork ez du ematen klaberik. Garai aldaketa da aurreko ediziotik egin dugun berrikuntza nagusienetarikoa, azaro-abendutik udaberrira. Horrez gain, egiteko moduetan ere berrikuntzak txertatu nahi izan ditugu, Euskaraldia herrikoiagoa eta ilusionagarriagoa izateko helburuarekin. Eta iruditegi berriarekin ere badator Euskaraldiaren laugarren edizioa.
Zer gelditu da hanka motz? Zertan ez dira bete helburuak?
Aipatu dut hirugarren edizioan herrietako mugimendua eta jendearen ilusioa apaldu zirela. Ondo joan zen ariketa, milaka eta milaka pertsonak eman zuten izena, baina 'klik' bat egin zigun, gogoeta prozesua abiatzeko balio izan zuen. Jendeak parte hartzen du, baina ez lehenengoan bezala, eta agian horrela izan behar du, zeren hasierako ilusioak eta ezjakintasunak mugitzen gaituzte askotan. Gure aurtengo erronka hortik doa: Euskaraldia eraginkor bat nahi dugu, herrikoiagoa, ilusioz egiten eta antolatzen duguna.
Erabilera ohituretan eragitea da helburua. Zer diote hiru edizioetako emaitzek?
Euskaraldiak arrastoa uzten du. Euskaraldia hasi aurretik parte-hartzaileek emandako erabilera-datuetatik Euskaraldi garaikoetara asko igotzen zen erabilera eta hiru hilabetera [izena eman dutenei berriz galdetzen zaie hizkuntza-ohitura aldaketez] jaitsi egiten zen, baina beti zen lehenengo galdetegiko erabilera-datua baino altuagoa. Beraz, eraginkorra da, Euskaraldian euskara gehiago egiten da, eta gainera, ohitura batzuk mantendu egiten dira. Helburua bete-betean betetzen du. Hirugarren edizioko ikerketak aipatzen zuen parte-hartzaileen bi herenak hizkuntza-ohiturak aldatu zituztela. 165.000 pertsonak eman bagenuen izena, hara, jauzia emateko oinarri oso handia da.
Nahiko genuke aldaketak azkarrago ematea? Noski, nahiko genuke kristoren urratsa eman. Taupatik aipatzen dugu erabileran jauzia emateko garaia dela, baina badakigu Euskaraldiak ez duela erabileraren afera konponduko, eta hiru edizioetan erabilerak ez duela kristoren gorakada emango Euskaraldiari esker bakarrik. Eraginkorra da, baina ez du mundua konponduko.
Batzuetan pentsatzen dugu ez ote zaion gehiegi eskatzen Euskaraldiari. Guk positibotik ikusi nahiko genuke, urrats txiki horiek olatu edo jauzi horretarako bidea egiten dutelako. Lehenengo ediziotik esan dugu arnasa luzeko ekimena dela. Ez da esprint bat, maratoia da. Beharko ditugu edizio asko eta asko.
Arnasa luzeko ariketa dela diozu. Bi urtean behin eta hamaika egun. Ez da intentsitate gutxiegi ohiturak aldatzeko?
Oso zaila da erakusten zer lan dakarren Euskaraldia antolatzeak, eta ez naiz ari bakarrik koordinazioan gabiltzanoi buruz, baizik eta tokian toki sortzen diren batzordeez. Asko boluntarioek sortutako taldeak dira eta asko exijitzen du Euskaraldia antolatzeak. Hausnartu da urtero egitea eta erantzuna beti izan da bi urtetik behin ondo dagoela. Adituek hala esan dute. Korrika urtea eta Euskaraldia urtea izatea ondo baloratu da.
Zaila da guztien neurriko ariketa erraldoi bat prestatzea. Euskaraldiak marko bat ematen digu, orokorra, Euskal Herri osoan, aldi berean, euskararen erabileran eragiteko. Horretarako, babesgune erraldoi bat sortzen dugu hamaika egunez, baina inportanteena hamabigarren eguna da. Euskaraldiak entrenamendurako aukera ematen digu.
Batzordeak sortzen dira Euskaraldia prestatzeko. Haiek iraunaraztea badela helburua diozue. Ediziotik ediziora zer egiten duzue sua piztuta manten dadin?
Gure ametsa Euskaralditik Euskaraldira batzordeak iraunaraztea da, eta bestelako egitasmoak antolatzen jarraitzea. Batzorde batzuek Euskaraldia bukatu eta aktibo mantentzeko egitasmoak proposatzea eskatzen digute. Zeri heldu eskaintzea eskertzen dute. Adibidez, Haurren aurrean helduak heldu egitasmoa sortu genuen bigarren edizioan eta oso ondo funtzionatu zuen. Beste batzorde batzuk Euskaraldia hasi baino hiru hilabete lehenago aktibatzen dira eta maiatzaren bukaeran lo gelditzen dira. Denetarik dago eta oso zaila da guztientzat balio duen proposamen bat egitea.
Aurten ze martxa eraman dute batzordeok?
Ahalegin berezia egin dugu batzordeok sustatzeko eta haiekin harreman gertuagokoa lantzeko.
Bigarren edizioan asko desagertu ziren eta hirugarrengoan ez ziren denak berreskuratu. Oso pozik gaude aurten sumatzen dugun mugimenduarekin, sumatzen dugu ilusioz heldu diotela antolaketari eta mugimendua sortu dela. Batzorde batzuetatik heldu zaigu aurreko edizioetan baino jende gehiago ari dela taldean parte hartzen, eta hori oso-oso berri pozgarria da.
“Sarri jasotzen dugu entitate askok ‘basquewashing-a’ egiteko erabiltzen dutela Euskaraldia, baita Korrika ere. Horrela da”
Jendeak ikasi du zer den belarriprest eta zer ahobizi?
Ikerketek esaten dute baietz. Hala ere, badakigu lan handia daukagula, batez ere bi rolek apurtzen dutelako buruan izan dugun eskema mentala, gaitasunarena. Bat edo bestea hautatzea ez da gaitasun kontua, baizik eta hamaika egunean zer jarrera izango dugun. Ez da "oso ondo dakit euskaraz, beraz ahobizi izango naiz" eta "ulertzearekin nahikoa daukat, ez dut euskaraz hitz egingo", beraz belarriprest naiz.
Aurreko edizioetan esan dugu: ahobiziak lehen hitza euskaraz, ulertzen duenarekin beti euskaraz, eta belarriprest euskaraz ulertzen duena eta aldiro euskaraz egingo duen ala ez erabakitzen duena da. Belarriprestek ere, euskaraz egiten dute. Rol horretan indar handiagoa jarri behar dugu.
Aurten erabaki dugu definizioetara horrenbeste ez mugatzea eta nahi dugu jendeak ulertzea Euskaraldiak zer aukera ematen digun: lehen hitza euskaraz, eta ulertzen duten guztiekin euskaraz. Prest zaude horretarako? Bai; orduan ahobizi. Zalantzaren aurrean belarriprest. Askok esango dute, baina hori ez da atzeraka egitea? Bi rolak behar ditugu. Belarriprestik gabe, oinarririk gabe, ahobiziek ez lukete horrenbeste espazio izango euskaraz egiteko, eta belarriprestak ere prestigiatu behar ditugu, markotik atera behar gara, hau da, belarriprest dela euskaraz horren ondo moldatzen ez dena, jaso baino egiten ez duena, pasiboa. Ez da horrela, asko egin dezake.
Edizio guztietan ahobizi kopurua handiagoa izan da, ezta?
%70 inguru ahobizi izan da aurreko edizioetan. Adituek diote kontrara izan beharko lukeela, ahobizi oso-oso exijentea delako. Ba hasi belarriprest, baina belarriprest aktiboa. Belarriprest batzuek asko egingo dute eta beste batzuek ez, aukera handia dago.
Zalantzan egonda, belarriprest aukeratzea gomendatu duzu. Ez al da eraginkorragoa ahobizi izateko animatzea eta ahalduntzeko baliabideak eskaintzea? Alegia, ez al ditugu ahobizigaiak beldurtzen exijentzia maila handiaz hitz eginda?
Beldur hitza gehiago dago belarripresten artean, beraien gaitasuna zalantzan jartzen dutelako. Ahobiziek ez dute horrenbeste pentsatzen erabakitzerakoan: "Ondo moldatzen naiz, asko egiten dut, beraz ahobizi", baina gertatu zaigu ahobizi txapadunak erdaraz entzutea.
Ahobizi inperfektua ez al da hobeto belarriprest apala baino?
Baina gero arreta horretan jartzen dugu: "Gaztelaniaz entzun dut eta ahobizi da!".
Gutako guztiak ahobizi izatea izan beharko luke jomuga, baina ez da erraza. Laudion bizi naiz, nik presio horrekin ez dut bizi nahi hamaika egunetan. Belarriprest aukeratuko dut eta saiatuko naiz ahobizi izaten, eta belarriprestek inperfekziorako tartea uzten dit. Eta ahobizi izanda ere, inperfektua izan zaitezke.
Euskaraldia ez litzateke eraginkorragoa eremu erdaldunenetarako eta euskaldunenetarako proposamen desberdinak izango balitu?
Euskaraldia Euskal Herri osorako proposamena da, marko orokorra, eta lehenengo ediziotik esan dugu moldagarria dela tokian toki. Dena den, moldatu bai, baina marko horren barruan, bestela desbirtuatu egin daiteke, ez litzateke izango Euskal Herri osoan elkarrekin egiten dugun proposamen oinarrizko bat.
Tokian toki erabakitzen da non jarri arreta, non ez. Gaztealdia, Pantailaldia antolatu dira aurreko edizioetan. Aurten, oso nabarmen, Hika-k hartuko du indarra. Arnasguneetatik etorri zen ideia, behar zelako ilusioa eragingo zuen pizgarri bat. Beste toki batzuetan esan digute, "guk nahikoa daukagu euskaraz egitearekin". Hori da moldagarritasunaren adibideetako bat. Eta arnasgune batzuetatik ere esan digute, "Hika ondo, baina arnasgune izanda ere, badaukagu zer hobetu". Edo txapa jartzeko asmorik ez duten arnasguneetako herritarrak, bestela ere dena euskaraz egiten dutela argudiatuta. Txapa ez da zuretzat, baizik eta parean daukazun pertsonak jakiteko zuk euskaraz dakizula.
Zaila da Euskal Herri osorako planteamendu bat eta bakarra, funtzionatuko duena egitea, baina, aldi berean, proposamen orokorra tokian toki nola moldatzen den ikustea polita da.
"Zaila da Euskal Herri osorako planteamendu bat eta bakarra, funtzionatuko duena, egitea"
Ariketa soziala gozamenetik egitea nahiko zenuketela esan duzue. Dena den, ariketak konpromisoa eskatzen du, ahalegina, estres linguistikoa, erronka.
Ez dira kontraesankorrak konpromisoa, ahalegina, eta pozik eta ilusioz egitea. Gogoeta prozesuan jaso genuen ez ote ginen serioegiak izan aurreko edizioetan, oso zurrunak. Beharbada hala izan behar zuen, jaioberri bat zelako. Egia da, ariketa sozial bat da, ez da festa, baina umore onetik eta gozamenetik ere egin behar dugu.
Batzordeei esaten diegu hamaika egunetan bizitza normala egiteko eta egunero egiten ditugun gauzak ateratzeko kalera, zerbait esateagatik, zumba edo spinning, adibidez. Ez antzerki bat, baizik eta egunerokoa. Ondo pasa dezakegu, elkarrekin egin dezakegu, festatxo bat antolatu dezakegu... asko sufritzen dugulako urteko gainontzeko egunetan, estres linguistikoa dela-eta. Eta hori dena euskaratik ari gara egiten, leku askotan ahalegin bat eginez, eremu erosotik aterata. Horixe eskatzen digu Euskaraldiak.
Herritarrei konpromisoa eskatzen zaie Euskaraldian. Bitartean, oldarraldi politiko eta judizial betean gaude eta erakunde publikoren batek, Bizkaiko Foru Aldundiak adibidez, atzerapausoak eman ditu hizkuntza eskakizunetan. Zer exijitu behar zaie erakunde publikoei?
Lehenengo edizioan ere entzun genuen: "Ardura norbanakoengan jarri da", ez soilik horiengan, inondik inora. Baina norbanakook erakusten dugunean euskaraz bizi nahi dugula, erakundeetan ere eragiten du. Berriro diot, Euskaraldiak ez du mundua konponduko. Sarri jasotzen dugu entitate askok basquewashing-a egiteko erabiltzen dutela Euskaraldia, baita Korrika ere. Horrela da.
Bestalde, iruditzen zaigu haiek horrelakoetara batzeko beharra sentitzea ona dela. Guk oinarri hori jartzen dugu, Euskaraldiak euskaraz bizitzeko gogoa erakusten du, alor guztietan, norbanakoetatik hasi eta erakunde publiko eta bestelako entitateetaraino, eta ez da "zuek egin" eta "guk babestuko zaituztegu". Euskaraldiak euskararen erabilerarako babesgune erraldoi bat sortu nahi du eta aipatutako jarrerek eragiten dute, eta ez positiboki. Jendeak esaten du: Euskaraldiak ez du ezertarako balio horrelakoek parte hartzen badute eta ez badute ezer egiten. Beste batzuentzat, berriz, pizgarria da elkarrekin aritzea.