Eusko Jaurlaritzak jakitera eman duenaren arabera Gasteizko epaile batek bertan-behera utzi ditu udaletxeetako idazkari eta kontu-hartzaileen lanpoltsak, hainbat lanpostutan hizkuntza eskakizunak ezarrita zeudelako. Epailearen arabera euskararen ezagutza ezak espainiar herritar asko diskriminatu ditzake. Epailearen ustez, baina, ez da diskriminatzailea lanpostuen %100ean gaztelaniaren goi mailako ezagutza exijitzea edo lanpostu guztietarako zuzenbide ikasketak izan beharra. Gogoratu beharra dago, euskara ezagutzen ez duten hautagaiekin ez dagoela berez gainditu ezineko diskriminaziorik, ikasketen bitartez lor daitekeen ezagutza falta baizik, zuzenbide titulua izateko ikasi behar den bezala, hain zuzen.
ELAren ustez oso larria da idazkari eta kontu-hartzaileek euskararen ezagutzarik gabe lan egin ahal izatea, honen ondorioa izango baita udaletxe horietako funtzionamendu arrunta erdaraz izatea inposatuko dutela, idazkari eta kontu-hartzaileen lan nagusia barne-funtzionamenduaren fiskalizazioa baita eta euskara ezagutu ezean dokumentazio guztia erdaraz eman beharko baitzaie.
Gainera, ELAren iritziz, epai honek erakusten du idazkari eta kontu-hartzaileek hautaketa egiteko eskumen errealik ez dagoela. Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernuak ezarritako irizpideak kudeatzeko sukurtsal bat da, kasu honetan ere. Jaurlaritzak ezin du euskararen ezagutzarik galdatu, ezta foru zuzenbidearena ere.
Auzitegi eta epaitegietatik euskaldunon hizkuntza eskubideen aurkako epaiak bata bestearen atzetik jasotzen ari gara. ELAren iritziz arazoa ez dira epaileak, arazoa Estatua da. Espainiar Estatuak gaztelaniaren hegemonia defendatu nahi du eta bere legezko arkitekturak horri erantzuten dio. Euskara ez da gaztelania bezain ofiziala EAEn, horregatik inposatzen zaigu gaztelaniaren ezagutza denoi, euskararen ezagutza hautazkoa denean. Estatu honek ezarritako kateak apurtu ezean ez da posible izango euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzea, gaztelaniaz bizitzeko eskubidea bermatuta dagoen hein berean.