euskalkultura.eus

basque heritage worldwide

In other media

Frantziako Tourra Euskal Herrian izanen dela munduari erakusteko (from Ipar Euskal Herriko Hitza)

06/15/2018

‘You are in the Basque Country’ mezua hedatzea xede du aurkeztu berri duten ekimenak Uztailaren 28an, Senpere eta Ezpeleta arteko etapa mediatizatuaz baliatu nahi lukete

Link: Ipar Euskal Herriko Hitza

“Argi dugu Frantziako Tourra ez dela kirol ekimen huts bat”, dio Garikoitz Mujikak. Uztailaren 28an Senperetik Ezpeletara bidean jokatuko da azken aitzineko etapa, 30 kilometroko erlojupeko itxuraz erabakigarria, osorik Ipar Euskal Herrian. Talde bat bildu da azken hilabeteetan, Tourraren mediatizazioa mezu batzuk pasarazteko baliatzeko. Mujikaren erranetan “ukaezina da baduela esanahi politiko argi bat, esplizitua izan dena. Bere hastapeneko urte luzeetan oso nabarmena, orain agian ez horren agerikoa, baina lehengo lepotik du burua: estatu jakobino, zentralista, eta bere baitan dauden beste herri eta nazioen identitatea ukatzen duen nazionalismo baten ikonoa da”.

Horiek hala, Lapurdiko etapak bestelako mezua izanen du parean: “Euskal Herrian zaude” ingelesezko bertsioan (You are in the Basque Country). Ekimena abiatu dutenen artean “denetarik biltzen da”, Ana Unhasobiskaik dionaz: “Gure ideia da zerbait koloretsua, eklektikoa egitea mezu sinple, argi eta irakurgarri baten inguruan”. Asteazkenean aurkeztu zuten iniziatiba ahalik eta jende edo talde gehienek bat egin dezaten: “Gomita luzatzen diegu herritarrei, bai pertsonalki bai taldean. Norbait prest bada zerbait egiteko galdetzen diegu gugandik hurbiltzeko, ideia baita zirkuituan zehar ahal bezainbat jende izatea euskarri horiekin, lelo beraren inguruan”. Banderolak eta tixertak eginen dira espresuki etapako bide bazterrak apaintzeko.

Garikoitz Mujikari iragan etapa batzuetako beste ekimenez galdeturik —lasterketa oztopatzea adibidez—, aurtengo hautua esplikatzen du: “Kirolarekin politika egiten ari direnez haiek, iduritzen zaigu kiroltasunez erantzun behar dugula”. Ziklisten gibeletik munduko 78 telebista kate ibiliko direnez, “hemen bere buruaren jabe izan nahi duen herri bat badela” munduari erakusteko paradaz baliatu nahi dira.

Herritarren baitatik
Euskal lurraldea zeharkatu zuen azken aldian, hitzarmen bat egin zen etapa horretan euskararen presentzia bermatzeko, “baina ez zen errespetatua izan”, Unhasobiskaik oroitarazten duenaz.

Aurtengoan, ez dute antolatzaileen partetik gehiago espero. Garikoitz Mujikaren hitzetan, “ematen du” aldi honetan ere aitzinekoaren bidetik doala. “Frantziako Tourreko zuzendariak errana du bi hizkuntzak errespetatuko dituela eta kanpo komunikazio guztian bi hizkuntzei tokia egingo diela”, baina jadanik agerikoa gelditu zaio ez dela, bere erranetan, hala izanen: “Ezpeletan iritsiera lerroa markatu dute eta frantses hutsez da, afixa bat bada alde batetik frantses hutsez eta beste aldetik bi hizkuntzetan. Hor ikusten da batzuentzat berdintasuna zer den”.

www.tourra.eus web gunea sortu dute xehetasunak emateko eta taldea zabaltzeko xedez. Bertan, mezu nagusiarekin bat joan daitezkeen bestelako lemak ere zerrendatuak dira: “Aske izan nahi duen herria, bakea behar duen herria, burujabetza behar duen herria, euskararen ofizialtasuna behar duen herria, unibertsitatea behar duen herria, presorik behar ez duen herria, errefuxiatuei ongi etorri dagien herria, euskaraz bizi nahi duen herria”.

Frantziari begira soilik ez, nazioartean duen oihartzunaz baliatzeko xedea dute ekimenaren sustatzaileek. 170 estatutan banatuko dira Lapurdiko etapako irudiak, eta horregatik azpimarratu dute bide bazterrean jende anitzen beharra dutela. “Ari gara elkarte eta jendeen itzulia egiten. Nahi dugu mezua zinez argiki agertzea”, zehaztu du Ana Unhasobiskaik. “Zerbait bisuala, ezingo dena huts egin” dute helburu.

Presentzia etapa osoan
“Teknikoki bagenituen oztopo anitz”, onartzen du ekimenaren sustatzaileak: “Azken aitzineko etapa da, ordulariaren kontrakoa eta aski erabakigarria bukaerako sailkapenean. Gainera Baionako bestak izanki pentsatzen dugu zinez jende anitz izanen dela”. Gune nagusi bat antolatuko dute Larresoron, baina “hurbiltzeko zailtasunak” izanen direla jakitun, harrera guneak plantan ezarriko dituzte euskarri desberdinek (banderolak, tixertak…) ibilbide guztian zehar presentzia ukan dezaten.

Frantziako Tourraren mediatizazioaz baliatu nahi dira, bakoitzak bere ekarpenak eginez, baina komunikazio bateratuan, Unhasobiskaik laburbiltzen duenaz: “Bakoitzak egin dezan bere saltsa ere, baina izatea mezu komun bat denen artean, ahal bezain eraginkorra izateko”.



« previous
next »

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

ADVERTISING

Last comments

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia